Joan eduki nagusira

zoom Aurreko ikasturtean egindako Ateak Zabaltzeko Egunen irudi bat, Iruñeko Arrosadiko campusean.

Aurreko ikasturtean egindako Ateak Zabaltzeko Egunen irudi bat, Iruñeko Arrosadiko campusean.

2017-2018 ikasturtean gradu-ikasketak Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) hasi nahi dituztenek heldu den ekainaren bigarren hamabostaldian egin ahalko dute aurreinskripzioa. Horrez gain, azken aldian ohikoa denez, Ateak Zabaltzeko hiru egun antolatu dira datorren udaberrirako. Horietako bi Iruñeko campusean izango dira martxoaren 25ean eta apirilaren 1ean, biak larunbatak, eta hirugarrena Tuteran apirilaren 8an, larunbata ere. Saio horietan, erakunde honek datorren ikasturterako eskaintzen dituen 18 graduen eta hiru gradu bikoitzen inguruko orientazio-hitzaldi espezifikoak emango dira. Jardunaldi horiek hurrengo ikasturtean Unibertsitatean hasi nahi duten Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleei zuzenduta daude.

Topaketa horiei dagokienez, ikastegi eta titulazioek antolatu dituzte Ateak Zabaltzeko Egunak, eta bai etorkizuneko unibertsitateko ikasleek eta bai gurasoek parte hartzen ahalko dute. Gainera, ikasketei buruzko informazio-hitzaldiak eta unibertsitateko instalazioetara bisitak egiten dira egun horietan, bereziki laborategi eta lantegietara, ingeniaritzen eta osasunaren arloko graduen kasuan. Halaber, horretarako interesa daukatenek Iruñeko Arrosadiko Campuseko kirol-instalazioak eta Urkiak Unibertsitate Egoitza ikusteko aukera ere izango dute.

Hain zuzen, jardunaldiok martxoaren 25ean hasiko dira, larunbatarekin, Iruñeko campusean. Egun hartan titulazio hauei buruzko informazio-saioak izango dira: Osasun Zientzien Fakultateko titulazioak (Erizaintza eta Fisioterapia), Zientzia Juridikoen Fakultateko titulazioak (Zuzenbidea eta Lan Harremanak eta Giza Baliabideak), Giza eta Gizarte Zientzien Fakultatekoak (Haur Hezkuntzako irakaslea, Lehen Hezkuntzako irakaslea, Gizarte Lana eta Soziologia Aplikatua) eta Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatekoak (Ekonomia, Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza, Zuzenbidea eta Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzaren gradu bikoitza eta Ekonomia eta Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzaren gradu bikoitzaren Nazioarteko Programa).

Astebete geroago, apirilaren 1ean, larunbata, informazio-saioak izango dira beste titulazio hauei buruz: Nekazaritza Ingeniaritzako Goi Mailako Eskola Teknikoko graduak (Nekazaritzako Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritza, Elikagaien Prozesu eta Produktuen Berrikuntza eta Nekazaritzako Elikagaien eta Landa Ingurunearen eta Elikagaien Prozesuen eta Produktuen Berrikuntzaren gradu bikoitza), eta Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikokoak (Ingeniaritza Mekanikoa, Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoa, Ingeniaritza Mekanikoaren Diseinua, Telekomunikazio Teknologien Ingeniaritza eta Informatika Ingeniaritza).

Tuterako saioa

Jardunaldiak apirilaren 8an bukatuko dira, larunbatarekin, Tuterako campusean (Tarazonako etorbidea, z/g), eta bertara hurbildu ahalko dira Erriberako hiriburuan ematen diren bi titulazioak ezagutu nahi dituztenak: Fisioterapia eta Diseinu Mekanikoko Ingeniaritza.

Goizez egingo diren saio horietan guztietan, gainera, nazioarteko programak ere aipatuko dira, bai eta gradu-ikasketetan ingelesa (“English Learning Programme”) eta frantsesa (“Programme d’Apprentissage du Français”) ikasteko eskaintzen diren horiek ere.