Joan eduki nagusira

zoom Miguel Beruete (ezk.) eta Bakhtiyar Orazbayev, artikulu saridunaren egileetako bi, NUPen.

Miguel Beruete (ezk.) eta Bakhtiyar Orazbayev, artikulu saridunaren egileetako bi, NUPen.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko bi ikertzailek, Miguel Beruete Díazek eta Bakhtiyar Orazbayevek, Alemaniako CST Computer Simulation Technology enpresaren sari bat jaso dute, Miguel Navarro Cía eta Víctor Pacheco Peña egresatuekin lankidetzan, “Optics Express” aldizkarian argitaratutako artikulu batengatik. Artikuluaren gaia metalenteak dira, hots, metamaterialetan oinarritutako lenteak, eta horien aplikazioetako bat, berriz, radar- eta mikroskopia-sistemen hobekuntza. "CST® University Publication Award 2016" du izena sariak, eta elektromagnetismoaren arloan simulazioekin lotutako lanak argitaratzeagatik ematen zaie urtero unibertsitateetako ikertzaile nabarmenei.

Metalenteak, zeinak aztergai baititu artikulu saridunak, metamaterialetan oinarritzen dira, hau da, naturan ez dauden ezaugarriak izan ditzaten diseinatutako egitura artifizialetan. Metamaterialek eta, bereziki, metalenteek ezohiko propietate elektromagnetikoak dituzte, eta, hori dela medio, garrantzi handikoak dira optikaren eta elektromagnetismoaren esparruetan.

“Metalenteen ezaugarri interesgarrienetako bat da, ohiko lenteen aldean, islapena izugarri murriztea lortzen dutela –dio Miguel Beruetek–. Islapen hori uhin baten norabide-aldaketa da, hau da, objektu bati erasotzen dion energiaren zati bat islatu egin daiteke. Lente ideal batek, ordea, erabat gardena izan beharko luke, bestela esanda, ez luke deus ere islatu behar. Diseinu egokia izanez gero, metalenteak asko hurbildu daitezke helburu horretara, baina eragozpen bat dute: espektro elektromagnetikoaren maiztasun-tarte mehar baten barnean soilik funtzionatzen dute behar bezala”.

Artikulu saridunean, irtenbide hau proposatzen dute ikertzaileek muga hori gainditzeko: “Proposatu dugun teknikarekin, % 7raino handitu dugu metalentearen banda-zabalera, material horren gainerako ezaugarriei kalte handirik egin gabe. Izan ere, metalenteen erantzuna asko aldatzen da espektro elektromagnetikoaren maiztasunaren arabera, eta desabantailatzat hartu ohi da hori. Guk, ordea, gure alde erabili dugu, eta horixe izan da gure proposamenaren ideia giltzarria”, erantsi du Miguel Beruetek.

Hautatzeko irizpideak

Sarirako hautagai izateko, hiru baldintza hauek bete behar zituzten artikuluek: batetik, artikuluaren egilea edo egilekideak unibertsitateko ikertzaile izatea ; bestetik, aldizkari zientifikoetako artikulu gisa edo biltzarretako hitzaldi gisa argitaratuak izatea; eta, azkenik, zenbakizko emaitzak partez edo osorik CST enpresaren softwarearekin egindako simulazioen bidez lortzea. Ebaluazio-irizpideak, aldiz, teoriaren eta aplikazioaren originaltasuna, aurkezpenaren argitasuna eta CST enpresaren programa informatikoak erabiltzeko trebetasuna ziren.

Artikulu saridunaren kasuan, garrantzi teknikoa bera ez ezik, lentea behar bezala diseinatzeko CST enpresaren simulagailu elektromagnetikoa –Microwave StudioTM izenekoa– modu aurreratuan erabili izana ere balioetsi dute. “Artikuluan, bai neurri esperimentalak bai metodo klasikoetan oinarritutako kalkulu analitikoak erabiliz simulagailuarekin lortutako emaitzak alderatzen dira, eta emaitza horiek guztiak erabat bat datoz”, dio Miguel Beruetek.

CST enpresa 1992an sortu zen, eta Darmstadten (Alemania) du egoitza. Liderra da eremu elektromagnetikoak hiru dimentsiotan simulatzeko tresnak egiten, eta horien artean nabarmentzekoa da, hain zuzen, CST Studio Suite pakete informatikoa.