Joan eduki nagusira

zoom Izaskun García Barberena.

Izaskun García Barberena.

Izaskun García Barberenak, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako eta Ekonomiako Nazioarteko Gradu Bikoitzeko graduatuak, Giza Eskubideen eta Garapenerako Lankidetzaren Jaime Brunet Unibertsitateko Saria irabazi du. Izen bereko fundazioak ematen du saria: 2.000 euro eta  egiaztagiri bat. Gizabanakoen eskubideen defentsa eta babesa eta garapenerako lankidetzako gaietan hobekuntza eta proposamenak ardatz dituzten gradu edo master amaierako lanak saritzen dira.

Izaskun García Barberenaren (Iruñea, 1993) lana hau da: “Socio-economic aspects of the refugee crisis in the European Union and Europe’s role in its management” (“Errefuxiatu krisiaren alderdi sozioekonomikoak Europar Batasunean eta Europak krisi horren kudeaketan jokatu duen rola") . Bertan, García Barberenak azaltzen duenez, “krisi honek frogatzen du immigrazio eta babes eskubiderako politikak, baita mugak kontrolatzeko arauak ere, ez direla jasangarriak eta Schengen Espazioa bezalako lorpen garrantzitsuak mehatxupean daudela”.

Lan honetan, halaber, , García Barberenaren hitzetan, “urratzen ari diren giza eskubide guztiak eta Europar Batasuna eraikitzeko oinarri izan diren eta betetzen ez diren helburuak” errepasatzen dira. “Krisiaren kudeaketaren kritika egin eta gero, Europar Batasunaren ekonomian eta gizartean errefuxiatuak onartzeak –epe luzera– dituen alderdi positiboak aurkezten ditut datu errealak erabiliz, eta egungo krisia bideratzeko dauden konponbide iraunkorrak eskaintzen ditut”, gaineratu du. Unibertsitateko Ekonomia Saileko Mar Rubio Varas irakasleak, zuzendu du lana.

Jaime Brunet Unibertsitateko Sariaren epaimahaia

NUPeko hiru irakasle izan dira Jaime Brunet Unibertsitateko Sariaren epaimahaiko kide: Antonio Gorri Goñi (Gizarte Laneko Saila) eta José María Rifá Soler (Zuzenbide Publikoko Saila) katedradunak eta Francisco Javier Blázquez Ruiz (Zuzenbide Publikoko Saila) unibertsitateko irakasle titularra.

2014. urteaz geroztik, Jaime Brunet Fundazioak ematen du Jaime Brunet Unibertsitateko Saria, bai eta Giza Eskubideak Sustatzeko Jaime Brunet Nazioarteko Saria ere  1998az geroztik. Giza eskubideak defendatzen dituzten gizabanakoen eta erakundeen ibilbide aparta saritzen du azken sari horrek. Jaime Brunetek berak gisa horretako ikerketa lanak nabarmentzeko interesa zuenez, sari bat antolatzea erabaki zen, urtero unibertsitateko ikasle baten lana saritzeko.

Fundación Jaime Brunet kultura fundazio pribatua da, gizarte interesa eta izaera iraunkorra dituena, eta bere helburuak dira giza duintasuna, oinarrizko askatasunak eta giza eskubideak errespeta daitezen sustatzea eta, era berean, gizatasunik gabeko egoerak edo tratu iraingarriak errotik kentzea. Fundazioak helburu horietara bideraturiko jarduerak eta balio horien errespetuarekin loturiko azterketak sustatzen ditu.

Jaime Brunet Romerok  (Baiona, Frantzia, 1926-Donostia, 1992) eman dio izena Fundazioari. Brunet Zuzenbidean lizentziatu zen Valladolideko Unibertsitatean. Ondorengo zuzenik izan ez zuenez, eta bidegabekerien aurka oldarrarazten zuten sentimenduek bultzatuta, erabaki zuen bere ondarea oinordetzan uztea, hiltzen zenean bere izena izango zuen fundazio bat sortzeko, eta giza eskubideen alde egindako lanarengatik aitorpena jasotzeko merezimenduak zituztenak saritzeko. Hala bada, Jaime Brunet Romero Fundazioa sortu zen, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan ezarri zen egoitza, testamentuaren bidez jasotako borondateari jarraituz.