Joan eduki nagusira

zoom Manuel Murie medikua, NUPeko Osasun Zientzien Saileko irakaslea.

Manuel Murie medikua, NUPeko Osasun Zientzien Saileko irakaslea.

Zientzia eta Teknologiarako Espainiar Fundazioak (FECYT) eta British Council erakundeak hamasei erdifinalista hautatu dituzte, 79 parte-hartzaileren artean, bosgarren Famelab Espainia txapelketako, hots, “La Caixa” Gizarte Obraren laguntzarekin antolatutako bakarrizketa zientifikoen lehiaketako finalera iristeko lehian aritzeko. Aukeratutakoen artean dago Manuel Murie Fernández Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Osasun Zientzien Saileko irakaslea, Fisioterapia gradukoa. Hark aurkeztutako lanak “Bizitzen ikasi eta bizitzen berrikasi” du izena, hiru minutu baino gutxiagokoa da, eta haren bidez argitzen du zer gertatzen zaien neuronei iktus bat sufritu ostean.

Bere bakarrizketan, Manuel Muriek azaltzen du zer mekanismori esker den garuna ikasteko gai, eta, bizipenen bidez, organo horrek nola indartzen dituen neurona-bide batzuk eta nola deprimitzen beste batzuk. “Denborarekin, indartutako bide horiek kaltea jaso dezakete, esaterako iktus baten eraginez, eta, orduan, garunak berrikasteko beharra izaten du. Horrek, beraz, aukera ematen dit neuroerrehabilitazioaren oinarriak azaltzeko”, adierazi du.

Manuel Murie (Madril, 1978) Medikuntzan lizentziaduna eta doktorea da (Nafarroako Unibertsitatea), eta Neurologian espezializatu zen Nafarroako Unibertsitate Klinikan. Gaur egun, Arreta Osoko Neurologia Zentroko (CNAI) zuzendari medikoa da, Imarkoainen (Nafarroa). Aurretik, mediku neurologo gisa aritu izan da Nafarroako Unibertsitate Klinikan, Western Ontarioko Unibertsitateko (Kanada) Parkwood Ospitalean eta San Vicente Laguntza Unitatean (Madril). Espainiako Neuroerrehabilitazio Elkarteko presidente izateaz gain, Manuel Muriek 2014/2015 ikasturteaz geroztik eskola ematen die Fisioterapiako ikasleei NUPeko Tuterako campusean.

Silvia Abril aktoreak parte hartuko du

Lehiaketako hamasei erdifinalistak (zortzi emakume eta zortzi gizon) irakasleak, ikertzaileak eta ikasleak dira, eta beren lana Espainiako, Erresuma Batuko eta Norvegiako hamaika unibertsitatetan, bi ospitaletan, ikerketa-zentro batean eta Bigarren Hezkuntzako institutu batean gauzatzen dute. Horiek guztiak zortziko bi multzotan bananduko dituzte, bi finalerdietan lehia daitezen, bata martxoaren 24an Bilbon eta bestea apirilaren 7an Bartzelonan. Bi ekitaldiok Silvia Abril aktore eta umoregilea izango dute aurkezle.

Sailkapena lortzen duten zortzi parte-hartzaileak Espainiako finalean lehiatuko dira, Madrilen, eta bertatik aterako da irabazlea. Berak ordezkatuko du Espainia ekainean Cheltenham Science Festival jaialdian egingo den nazioarteko finalean, Erresuma Batuan.

Famelab 2005ean jaio zen, Cheltenhamgo jaialdiaren jatorrizko ideia baten bitartez; izan ere, jaialdiaren helburu nagusia zientzia jendarteratzea da, haren talentu berriak identifikatuz, prestatuz eta ezagutzera emanez, formatu berritzaile bat baliatuta: bakarrizketa zientifikoa.

2007az geroztik eta British Councilarekiko lankidetzari esker, Famelab Europa, Asia, Afrika eta Estatu Batuetako 30 herrialdetan baino gehiagotan egiten da. Dagoeneko mundu osoko 8.000 ikertzailek baino gehiagok parte hartu dute  Famelab jaialdietako batean.