Joan eduki nagusira

zoom Zezenketa-aziendari eta tauromakiari buruzko X. jardunaldien egitaraua irudiztatzen duen argazkia, Gorka Azpilicuetak eta Arsenio Ramírezek egina

Zezenketa-aziendari eta tauromakiari buruzko X. jardunaldien egitaraua irudiztatzen duen argazkia, Gorka Azpilicuetak eta Arsenio Ramírezek egina

Zezenaren eta zezenketa-ikuskizunaren birsorkuntza, zezen-plazen kudeaketa eta herri-ospakizunen goraldia eta segurtasuna dira hogei adituk Zezenketa-aziendari eta tauromakiari buruzko X. jardunaldietan eztabaidatuko dituzten gaietako batzuk, Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) otsailaren 24an eta 25ean. NUPeko Nekazaritza Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoak (NIGMET) antolatu du topaketa, eta haren helburua da ezagutzera ematea ikasleei, ganaduzaleei, profesionalei, zaleei eta zezenaren munduan interesa duten pertsona guztiei azienda mota horren hazkuntzaren eta ustiapenaren alderdi aipagarrienak.

Jardunaldiak Arrosadiko campuseko (Iruñea) Olibondoak eraikineko Gradu Aretoan izango dira, eta otsailaren 24an hasiko dira, ostiralez, 9:30ean, Carmen Jarén Irakaskuntzako errektoreordeak zuzenduko duen hasiera-ekitaldiarekin. Jardunaldiak zuzentzen dituzten Antonio Purroy (NUP) eta Carlos Buxadé (Madrilgo Unibertsitate Politeknikoa) Animalia Ekoizpeneko katedradunek ere parte hartuko dute ekitaldian.

Topaketa zazpi bloketan banatuta egingo da, eta era askotako hitzaldiak egingo dira, bai eta eztabaidak eta mahai-inguruak ere. Lehen blokeak “Zezenak eta gizartea” du izena eta zezenen aspaldiko aztarna edo zezenketak gizartearekin duen harremana landuko ditu, besteak beste. Goizeko jardunaldia bukatzeko, plazako zezenaren eta ikuskizunaren birsorkuntzari buruzko mahai-inguru bat egingo da, eta bertan, gai horrez gain, albaitariek edo presidentetzak zezen-ospakizunetan duten rolaren inguruan hitz egingo da.

Iruñeko Zezen Plaza

Hirugarren blokerako aukeratutako gaia zezen-plazen kudeaketa da, eta horretarako zenbait adibide aurkeztuko dira, Iruñeko eta Céreteko (Frantzia) zezen-plazena kasu. Gainera, Manuel Martínez “Chopera” Las Ventasko (Madril) garai bateko enpresaria izango da bertan. Ostirala herri-ospakizunen goraldiari eta segurtasunari buruzko mahai-inguru batekin amaituko da, eta bertan aztertuko dira Andaluzian egiten direnak, Nafarroakoak eta Valentziako Erkidegoko “bous al carrer” izenekoak.

Larunbateko saioari hasiera emateko, festaren segurtasun juridikoa aztertuko da, eta ondoren Torrestrella ganadutegia ezagutuko dute. Azken blokean jorratuko den gaia zezenketek beharrezkoa duten zezen mota izango da, Borja Domecq eta Adolfo Martín ganaduzaleen eta Sebastián Palomo Linares zezenketari erretiratuaren parte-hartzearekin.

Jardunaldien amaierako hitzaldia 13:00etan hasiko da, eta bertan hizlari arituko da Federico Arnás kazetari eta RTVEko “Tendido Cero” programaren zuzendaria, festaren birsorkuntzari buruz.

Jarduera paraleloak

Jardunaldietako programan beste bi jarduera paralelo ere izango dira. Bata Vidal Pérez Herrerok argitaratutako 2017ko Zezenketa Agendaren aurkezpena izango da, eta bestea “Zezenaren bideetan barna” argazki-erakusketa, Gorka Azpilicuetak Arsenio Ramírezek egina.

Izen-emateari eta kuotei buruzko informazioa eskuragarri dago jardunaldien webgunean. Horiek bi urtean behin egiten dira 1999az geroztik, eta aurten babesle dituzte AC Hoteles, Desguaces La Cabaña, “Diario de Navarra”, Grupo AN eta Piensos Unzué.