

Saria jaso duten NUPeko unibertsitate komunitateko kideetako batzuk. Ezkerretik eskuinera, goiko lerroan: Kepa Fernández (Ethnographikari Aitzi), Laura Urriza, Amalia Menéndez eta Esteban Ruiz eta Begoña Espoz (Disfruta Leyendo) eta José F. Alenza (justiziari eta literatura fantastikoari buruzko literatur topaketa eta mintegia). Beheko lerroan, Santiago Martínez (Oh! Ñarará!), Leticia Jericó (II. Kafka Saria) eta María Osés (Paliativos visibles). Marcos Andrés (EN-KANTU eta Don Fernando) eta Mariam Mohamed (El rincón saharaui) falta dira.
Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) abian jarri ditu dagoeneko 2017ko Kultura Proiektuen deialdian hautatutako jarduerak. Unibertsitate Proiekziorako eta Erakundeekiko Harremanetarako Errektoreordetzak egindako deialdi hori joan den urtarrilean ebatzi zen, eta bere helburua unibertsitateko komunitatearen (ikasleen, Irakasle-Ikertzaileen eta AZLen) ekintzak saritzea da, ikasturte honetan zehar erakundearen bizitza kulturala aberastera eta hura gizartera hurbiltzera bideratutako ekintzak, hain zuzen.
Saritutako proiektuak eta horien arduradunak honako hauek izan dira: “Game of Thrones” (Tronuen Jokoa) eta “The Lord of the Rings” (Eraztunen Jauna) lanen bidez justiziari eta literatura fantastikoari buruz egindako literatur topaketa eta mintegia, biak José F. Alenza Garcíarenak; “EN-KANTU” eta “Don Fernando”, Marcos Andrés Viergeren musika-proiektuak biak; “Ethnographikari Aitzi, joanetorrizko eskribu esperimentalak burutzeko idaztegia”, Kepa Fernández de Larrinoa Pablosena; “Mikrokontakizun juridikoen II. Kafka Saria 2017”, Leticia Jericó Ojerrena; “Oh! Ñarará! Bosteza y ríe en arabía el moro indio ladino y maniquí (con una cortesía española)”, Santiago Martínez Magdalenarena; “Disfruta leyendo”, Amalia Menéndez Fanorena; “El rincón saharaui” Mariam Mohamed Mohamedena; eta, azkenik, “Paliativos visibles. Conocer de cerca los cuidados paliativos y al final de la vida”, María Osés Zubirirena. Azken bi proiektuak ikasleek egindakoak dira, eta, hortaz, 400 eta 200 euroko saria dagokie hurrenez hurren, deialdian ezarri zen moduan (administrazio eta zerbitzuetako langileek proposatutako jarduerek ez dute ordainsaririk jasotzen).
Jarduerak aukeratzeko, horiek zenbait balio sustatzeko duten gaitasuna hartu da kontuan, hala nola sormena, berrikuntza, errespetua, enpatia, aniztasuna, erabilgarritasun publikoa, elkartasuna, berdintasuna, ekitatea, bizitza osasuntsua, iraunkortasuna eta, oro har, ingurunearekiko ardura. Proiektuen edukiaren eta daten inguruko informazioa eskuratu nahi izanez gero, Unibertsitatearen webgunean edota Kultura eta Kiroletako Unitatean (948 16 84 78 telefonoan edo actividades.culturales@unavarra.es posta elektronikoan) lor daiteke.
Hastear dago “El rincón saharaui”
Datorren otsailaren 14an, asteartearekin, “El rincón saharaui” proiektua abiaraziko da. NUPeko Erizaintzako ikasle-talde baten ardurapean, publikoak errealitate hori ikuspuntu politiko eta kultural batetik ezagutzea da helburua. Egun horretan jarriko da martxan Joseba Zabalza Gonzálezen eta Xavier Piera Liriaren “Te mingotsa” argazki-erakusketa, eta martxoaren 14a arte bisitatu ahal izango da Arrosadiko campuseko (Iruñea) Ikasgelategiko atarian. Aldi berean, doako zenbait lantegi antolatu dira hilaren 14, 15 eta 16rako, Ikasgelategiko 018. ikasgelan, eta bertan ezagutu ahal izango dira, besteak beste, saharar herriaren tea, musika, henna erabiltzeko era, jolasak, janzkera eta egoera.
Bestalde, gogorarazi beharra dago berriki burutu zela EN-KANTU musika tradizionaleko jarduera, kantu, oboe, txistu, txelo, perkusio eta gitarrarentzat moldatutako musika tradizionaleko kontzertu instrumentala. Jarduerak dibulgazio-dimentsioa izan zuen, eta musika-kultura tradizionalaren eta folklore musikalaren inguruko zenbait gai jorratu zituen.