

Aplikazioaren garapenean parte hartu dutenak. Ezkerretik eskuinera: Javier Hueto Pérez de Heredia, Alazne Antón Olóriz eta Pilar Cebollero Rivas.
Biriketako Gaixotasun Buxatzaile Kronikoa (BGBK) dutenei Iruñean eta Iruñerrian ibilbideak proposatzen dizkien sakelakotarako doako aplikazioak Lizarrara hedatu du erradioa, eta beste ibilaldi andana bat proposatzen du orain, Nafarroako hiriburukoez gainera.
Nafarroako Unibertsitate Publikoko Osasun Saileko Alazne Antón Olóriz irakasleak eta Nafarroako Ospitaleguneko Pneumologia Zerbitzuko Pilar Cebollero Rivas eta Javier Hueto Pérez de Heredia medikuek diseinatu dute. Aplikazioaren helburua da BGBK duten gaixoek jarduera fisikoa egin dezaten bultzatzea, baina baliagarria da beste patologia batzuk dituztenentzat ere. Zehatz-mehatz, Lizarrari dagokionez, bost ibilbide hauek proposatzen dira zailtasun-maila aipatuta, eta ibilbide horien xedea da gaixo bakoitzari egokitzea: Los Llanosekoa, Curtidoreskoa, zezen-plazakoa, Valdeloboskoa eta Tejeriakoa. Horrez gainera, ibilbide bakoitzak informazioa dauka hauei buruz: ibilbidearen orografia eta ieserlekurik, iturririk eta/edo komunik badagoen, bai eta iruzkin historiko bat ere. Aplikazioak aukera ematen du ibilbideak PDF formatura bihurtu eta inprimatzeko.
iOS eta Android bertsioetarako aplikazioak aholku-atal bat ere badu, baita profesionalentzako gomendioak biltzen dituen beste atal bat ere. Aholku-atalean, galdera hauek egiten ditu aplikazioak: "Zer gomendio hartu behar ditut kontuan ariketa egin baino lehen?" "Zer gomendio hartu behar ditut kontuan ariketa egiteko garaian?" "Zenbat denboraz egin behar dut ariketa fisikoa egun bakoitzean?" eta "Zenbat denboraz, aste bakoitzean?". Profesionalentzako gomendioen atalean, izaera klinikoa dute aholku batzuek; beste batzuek, berriz, praktikoa. Esate baterako, osasun-langileei gogorarazten zaie erabiltzaileei esan behar dietela erreskate-inhalagailu bat eramateko beti aldean, eta, ahal dela, baita sakelako telefonoa ere.
Sariak eta BGBKren berezitasunak
BGBK dutenentzako ibilaldien aplikazioak zenbait sari jaso ditu, besteak beste, Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun Ministerioaren Jardunbide Onen Saria, 2016ko ekainean emana, eta Sektore Soziosanitarioko Kalitate, Iraunkortasun eta Berrikuntzako 2016ko Ad Qualitatem Sarietako accesit bat, Ad Qualitatem Fundazioak berriki emana. Zehatzago esateko, azken sari hori eman zioten "Iruñerrian eta Lizarran ibilaldiak egiteko aplikazio mugikor baten diseinuari Biriketako Gaixotasun Buxatzaile Kronikoa (BGBK) dutenek ariketa fisikoa egiteko estrategia-eredu erraz modura", Osasuneko IKTekin gauzatutako 2016ko proiektu onenaren kategorian.
Tabakoaren kearen eraginpean egotearen ondorio da, batez ere, BGBK. Arnasbideak handitu eta buxatu egin ohi dira, eta, gaixotasunak aurrera egin ahala, arnasa hartzeko zailtasuna (disnea) sumatzen dute gaixoek, batez ere, ahaleginak egiten dituztenean, nahiz eta eguneroko ahaleginak izan, ibiltzea edo eskailerak igotzea, adibidez. Hori dela eta, gutxiago ibiltzen dira gaixoak, eta horrek gaixotasuna larritu eta disnea-maila handitu besterik ez du egiten; horrenbestez, gaixoek gero eta muga gehiago dituzte eguneroko jarduerak egiteko. Horregatik da hain garrantzitsua ariketa fisikoa egitea, onuragarria baita gaixoak sasoian egon daitezen, sintomak arindu daitezen eta arnasestu-sentsazioa murritz dakien.