Joan eduki nagusira

zoom Eugenio Garcés Bonet, Artilleriako lotinant koronela, NUPeko doktore berria.

Eugenio Garcés Bonet, Artilleriako lotinant koronela, NUPeko doktore berria.

Lan Arriskuen Prebentzioari buruzko Legea 1995ean argitaratu zen, eta bere aplikazio-eremutik at utzi zituen Indar Armatuak eta beste talde batzuk, gizartea babesteko eginkizuna zutenak. 2010ean, egoera aldatu, eta esparru militarrean legea aplikatzen hasi zen. Nolanahi ere, Eugenio Garcés Bonet (Barcelona, 1962) armadako ofizialak egindako ikerketaren arabera, hutsuneak eta arauketa akatsak, egiturazkoak eta langileen kudeaketa arlokoak daude sisteman. Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) defendatu du bere doktoretza-tesia, eta “La prevención de Riesgos Laborales en el Ejército de Tierra” du izenburua.  Tesian ikertzaileak hobekuntza nagusi gisa proposatzen du lan arriskuen prebentziorako zerbitzu bakarra ezartzea Defentsa Ministerio osorako.

Garcés Boneten iritzian, neurri horri esker dirua aurreztuko litzateke materialari eta langileei dagokienez, eta koordinazioa hobetuko litzateke. “Indar Armatuetako adar bakoitza esparru horretan independentea izateak  —horretarako arrazoi objektiborik ez badago ere— irizpide desberdintasunak ahalbidetzen ditu, eta, desberdintasun horiek, langile eta baliabide gehiago eskatzeaz gainera, koordinazio-arazoen sorburu izan daitezke”, adierazi du.

Prebentzio teknikariek egun duten arazoetako bat da lan eta ardura gehiegi dutela kargu horretan. "Ministerioko langileak babesteko ardura dutenak ez dira kasu guztietara iristen. Kasu batzuetan, pertsona bakarrak bere ardurapean ditu zenbait milaka langile, era guztietako jarduerak garatzen dituztenak, eta ardura hori dela-eta, beste faktore batzuekin batera, hala nola baliabiderik edo karrera plan egokirik ez izatea, lanpostu horiek ez dira desiragarriak militar profesionalentzat", esan du doktore berriak. José Luis Goñi Sein Zuzenbide Pribatuko Saileko katedradunak zuzendu du bere tesia, eta bikain "cum laude" kalifikazioak lortu zuen.

Ikertzailearen iritzian, teknikarien lana bere inplikazio guztiekin aztertu eta beraiek egiten duten lana aitortu edo saritzeko —ez nahitaez ekonomikoki— sistema bat ezarriko balitz, kargua erakargarriagoa izango litzateke eta zerbitzuaren etorkizuna ez litzateke kolokan egongo, orain hala dagoela badirudien arren.

Zehaztu gabeko eremuak eta hutsuneak

Tesiak lan prebentzioaren arloko egoera aztertu du bai arauketa-alderdiei, bai egitura-alderdiei bai langileen kudeaketaren alderdiei dagokienez, eta hutsuneak eta arauketa-akatsak atzeman ditu, bai eta lerrun handiagoko testuen urraketak ere.

Garcés Boneten arabera, berehala zuzendu beharko litzatekeen akatsetako bat da instrukzio jarduerak, trebatze jarduerak eta jarduera operatiboak prebentzioaren esparrutik kanporatu izana. “Egungo araudiaren arabera, Irakeko lantegi mekaniko batean lanean ari den militar batek ez dauka zertan prebentzio materialik eraman behar —azaldu du Eugenio Garcések—. Guk legean jaso nahi dugu, orain lan istriputzat ez baizik eta istripu militartzat hartzen baita. Gure iritzian, jarduera hauek baino ez lirateke geratu behar lan arriskuaren esparrutik kanpo: etsaiek parte hartzen duten jarduerak eta operazioetan edo haiek prestatzean berehalako esku-hartzea eskatzen duten ezusteko jarduerak".

Prebentzio sistema aztertu eta gero, azterketak guztira 42 hobekuntza-jarduera atzeman ditu esparru guztietan, armadako langileei lan babes handiagoa ematera zuzenduak eta erabilgarri dauden baliabide urriak optimizatzera, talde hori herrialdeko gainerako langileei hurbiltzeko.

Espainian gaia aztertzen duen lehenengo ikerketa da hau, eta erakundearen egiazko ezagutzan oinarrituta egin da. Doktore berriak bost urtez egindako eguneroko lanaren emaitza da ezagutza hori. Alde horretatik, doktoretza-tesiak sistemaren etorkizuneko bilakaerarako erabilgarritasun praktikoa izatea espero du Garcés Bonetek.

Curriculum laburra

Eugenio Garcés Bonet Artilleriako lotinant koronela da, eta egun Gobernuaren Extremadurako Ordezkaritzako Babes Zibiliko Unitatearen burua da. Lan Arriskuen Prebentziorako Masterra  San Pablo-CEU Unibertsitatean (Madril)  egin zuen, eta Segurtasun Globalaren Zuzendaritzako eta Larrialdi Sistemen Zuzendaritzako masterrak, Madrilgo Europar Unibertsitatean. Unibertsitateko aditua da Nazioarteko Krisien Prebentzio eta Kudeaketan Madrilgo Carlos III Unibertsitatean, eta esparru militarrean, artilleria autopropultsatuan, zifra, kriptologia eta inteligentzia taktikoan espezialista. Bai nazioko bai nazioarteko zenbait aldizkaritan argitaratutako dozena bat libururen eta artikulu ugariren egilea edo kolaboratzailea ere bada.