Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak diru-laguntzen deialdiaren bigarren epea onetsi du, 2016-2017 ikasturtean zailtasun ekonomiko larriak dituzten ikasleek matrikula ordain dezaten. Eskaerak datorren apirilaren 28ra arte egiten ahal dira, eta deialdia ekainaren 16a baino lehen ebatziko da. Deialdiaren lehen epean 42.091 euro jo zuten laguntzak eman ziren (deialdiak aurreikusten zuen bezala, hasierako kopurua emendatzen ahal zen), eta bigarren epe honetan 20.000 euro daude.

Laguntzak zailtasun ekonomiko larriak dituzten ikasleek matrikula, partez edo osorik, ordain dezaten erabiliko dira, eta beste beka batzuekin bateragarriak izango dira, baldin eta beken batuketa ez bada izen-ematearen kostuaren % 100 baino handiagoa, eta kasu horretan matrikula oso-osorik ordaintzeko falta den kopurua baizik ez da emango. Edonola ere, ikasleek beka eskatu behar izan diote aurretik Hezkuntza eta Zientzia Ministerioari, Nafarroako Gobernuari edo Eusko Jaurlaritzari (bigarren epe hau bukatzen denerako aipatu erakunde hauek dagoeneko ebatzi egin dute), baldintzak beteko dituzte, eta ez dute edukiko unibertsitate titulurik.  Beka hauek matrikularako ez diren NUPeko beste zenbait laguntzarekin bateragarriak dira.

Hartzaileen profila

Unibertsitatearen deialdiaren arabera, ikasle bat egoera ekonomiko larrian dago, bere bizikidetza unitateetako eusle nagusiak langabezian daudenean edo beren diru-sarrerak asko murriztu direnean. Langabezia eta gizarteratze sariak edo beste batzuk jasotzen dituzten familia-unitateetako kideak diren ikasleak ere egoera ekonomiko larrian daudela jotzen da. Azkenik, oinarrietan ezarritakoaren arabera, goiko egoeren astungarriak dira aitaren, amaren edo bien heriotza; aitaren, amaren edo familiako beste kide batzuen osasun arazoak, betiere ikaslea lan merkatura sartzea oztopatzen badute; mantenu saririk jasotzen ez duten familia gurasobakarrak; edo etxebizitza dela-eta egiten diren kaleratzeak.

Laguntza eskaerak NUPeko Erregistro Orokorrean aurkeztu behar dira eskaera eredua erabiliz, deialdi honen oinarriekin batera Unibertsitatearen web-orrialdean dagoena. Aurkeztu eta gero, eskatzailea Gizarte Ekintzarako Unitatearekin jarriko da harremanetan, ikasgelategiko 025. ikasgelan (Arrosadiko campusa), edo 948168060, 948166242 eta 948166064 telefonoetara deituz, edo unidad.accionsocial@unavarra.es posta elektronikora idatziz, balioespen elkarrizketa bat eskatu eta bere egoera zein den egiaztatzeko ekarri beharreko dokumentazio osagarria kontsultatzeko.