Joan eduki nagusira

zoom Marta Sardá eta Pablo Torralba, laster epaile izango direnak

Marta Sardá eta Pablo Torralba, laster epaile izango direnak

Pablo Torralba Lizasoain eta Marta Sardá Casi Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) egresatuek epaile-karreran sartzeko oposizioak gainditu dituzte. Duela gutxi egin dira, Madrilen, eta bertan 4.000 pertsona aurkeztu ziren eskaintzen ziren 100 postuak betetzeko. Postu horietatik 65 epaile izateko ziren, eta 35 fiskal izateko (epaile izateko edo fiskal izateko azterketa berbera da). Bi egresatuek lehen aukera hautatu zuten, 26. eta 30. sailkatu baitziren, hurrenez hurren, eta horrenbestez epaileen 68. promoziokoak izango dira.

Urtarrilaren hasieran, Torralba eta Sardá Bartzelonako Epaile Eskolan sartuko dira, eta han urtebetez praktiketako funtzionarioak izango dira. Ondoren beste sei hilabeteko prestakuntza edukiko dute, epaitegi batean eta epaile-tutore batekin, zeinarekin joango baitira epaiketetara, baina oraindik ebazpenak emateko ahalmenik gabe. Ondoren bada hirugarren aldi bat, eta aldi horretan ordezko epaileak izango dira edo errefortzu gisa arituko dira. Azkenik, 2018ko azaroan, idatzagiriak emateko ekitaldia izango da. Ekitaldi hartan etorkizuneko epaileak ofizialki graduatuko dira eta oraindik zehaztu gabe dagoen destinoa esleituko zaie.

Azterketa nola joan zen eta epaile berrien ibilbidea

Epaile karreran sartzeko probak 2016ko martxoan hasi ziren. Hautagaiek 318 gai zituen gaitegi baten gaineko azterketa egin behar izan zuten. Gaiak Zuzenbide-adar hauetakoak ziren: 26 Konstituzio Zuzenbidekoak, 91 Zuzenbide Zibilekoak, 62 Penalekoak, 58 Prozesal Zibilekoak, 38 Prozesal Penalekoak,16 Merkataritzakoak eta 27 Administrazio eta Lan Zuzenbidekoak. Lehen azterketa test bat izan zen. Test hori gainditu eta 1.100 pertsona pasatu ziren bigarrenera: Auzitegi Gorenean egin beharreko ahozko azterketa bat, zozketaz aukeratzen ziren bost gairi buruzkoa (bi Zuzenbide Zibilekoak, bi Penalekoak eta beste bat Konstituzio Zuzenbidekoa). Horren ondoren, gainditu zuten 350 hautagaiek azken azterketara pasatu ziren. Hau ere ahozkoa zen, eta bost gai zeuzkan (bi Zuzenbide Prozesal Zibilekoak, beste bat Prozesal Penalekoa, beste bat Merkataritzakoa eta beste bat Administrazio edo Lan Zuzenbidekoa, aukeran). Azterketa honen ondoren 100 lagunek postua eskuratu zuten.

Pablo Torralbak (Tafalla, 1992) Eskolapioen Tafallako ikastetxean ikasi zuen, eta herri bereko Santxo III. Nagusia Institutuan. 2014ko ekainean Zuzenbide gradua lortu zuen NUPen (Bolonia Planeko lehen promozioan), eta oposizioak prestatzen hasi zen, 2014ko irailetik 2016ko azarora. Iruñeko bi fiskal eduki zituen prestatzaile.

Bere aldetik, Marta Sardá Casik (Iruñea, 1990) Iruñeko San Ignacio (Josulagunak) ikastetxean ikasi zuen, eta NUPeko Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako Lizentzia bikoitza lortu zuen 2013an. Ondoren oposizioak prestatzen hasi zen, lehen esandako bi fiskal horiekin berekin.