Joan eduki nagusira

zoom Ikertzaileek asmatutako ikusezintasun-geruzaren funtzionamenduaren birsorkuntza

Ikertzaileek asmatutako ikusezintasun-geruzaren funtzionamenduaren birsorkuntza

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) eta Valentziako Unibertsitate Politeknikoko (UPV) ikertzaileek ikusezintasun-geruza berri bat asmatu dute, gauza dena ingurune difusoetan objektuak ezkutatzeko. Orain arteko ikusezintasun-geruzek argiztapen etengabeko inguruneetarako baino ez zuten balio; asmatu berri duten geruzek, berriz, edozein argiztapen motatan ezkuta ditzakete objektuak. Sistema horrek oinarria ezartzen du hegazkin bat laino artean edo urpeko ontzi bat itsasoan detektagaitz egiteko, adibidez. Physical Review A aldizkarian argitaratu dute ikertzaileek lana.

Carlos García Meca Valentziako Unibertsitate Politeknikoko Teknologia Nanofotonikoko Zentroko kideak azaldu du ingurune difusoetan argia, zuzen hedatu beharrean, errebotatuz zabaltzen dela. "Hurbileko adibide batzuk ematearren, ingurune lainotuak, ur uherrak edo kez betetako lekuak dira ingurune difusoak, baina baita gure ehun organikoa ere. Gure proposamenak oinarria ezartzen du hegazkin bat laino artean edo urpeko ontzi bat itsasoan detektagaitz egiteko, adibidez", dio Carlos García Mecak.

Ikusezintasun-geruza berriaren simulazioa egin dute NUPeko eta UPVko ikertzaileek, eta laborategian eraikitzen hasiko dira laster. "Nahiko erraza izango litzateke, aski baita difusibitate jakin bat duten bi material izatea. Material horiekin jolastuz, geruza bat sortuko genuke, zeinak argia objektuaren inguruan zirkularaziko bailuke, eta, hala, ezkutuan geldituko litzateke objektua. Erabateko ikusezintasuna lortzeko gai izango ginateke. Hori bai, ingurune difusoetan bakarrik", nabarmendu du Bakhtiyar Orazbayev ikertzaile nagusi eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko langileak.

Aurrekariak

Duela hamar urte inguru proposatu zen objektu bat material berezi batekin inguratuz, zehatz esateko, argia objektuaren inguruan kurbatzeko gai den material batekin inguratuz, objektua ikusezin bihurtzeko ideia. Orduz geroztik, ordea, halako gailuak egitea zaila dela egiaztatu dute zientzialariek, bai oinarri teorikoen bai teknologiaren ikuspegitik.

zoom Miguel Beruete eta Bakhtiyar Orazbayev, NUPeko ikertzaileak

Miguel Beruete eta Bakhtiyar Orazbayev, NUPeko ikertzaileak

Berriki, frogatu dute ezkutatu nahi den objektua ingurune difuso batean badago ez dela zaila ikusezin bihurtzea. Ingurune ez-difusoetan ez bezala, nahiko erraz eraiki daitezke ingurune difusoetan tamaina makroskopikoko ikusezintasun-geruzak, zeinek argiaren edozein norabidetan eta banda-zabalera handi batean funtzionatzen baitute. Orain arte proposatutako geruzek, aldiz, ez dute behar bezala funtzionatzen objektua iraupen laburreko argi-pultsuek argitzen badute, eta pultsu horiek funtsezkoak dira aplikazio askotan", dio Alejandro Martínez Abiétar Valentziako Unibertsitate Politeknikoko Teknologia Nanofotonikoko Zentroko kideak.

Irtenbidea

Ikuspegi berri batez baliatuz eman diote irtenbidea NUPeko eta UPVko ikertzaileek arazoari: eraldatze-optika gisa ezaguna den teknika batean oinarritutako ikuspegia da, eta horri esker jakin dezakegu zer material den egokiena geruza sortzeko eta objektua ezkutatzeko.

Aurreko diseinuekin gailuen zenbait aplikaziok ez zuten funtzionatzen. "Gorago aipatutako aplikazioez gainera, komunikazio-sistemetan eta tomografia bidezko irudi-sistemetan interferentziak sar ditzaketen objektuak ere ikusezin egingo lituzke ikusezintasun-geruza berriak; izan ere, sistema horietan ingurune difusoekin, ehun organikoarekin, adibidez, egiten da lan maiz", esan du azkenik Miguel Beruete Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikertzaileak.

Erreferentzia:

B. Orazbayev, M. Beruete, A. Martínez and C. García-Meca: Diffusive-light invisibility cloak for transient illumination. Phys. Rev. A 94, DOI: https://doi.org/10.1103/PhysRevA.94.063850