

Ezkerretik eskuinera, Soto, Schulz, Llorente, San Martín, Hernández eta Picó, Nafarroako Ospitalegunean.
Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) ikertzaileek, Nafarroako Ospitalegunearekin eta Industrial Augmented Reality (iAR) enpresarekin lankidetzan, prototipo bat garatu dute, eta gailu mugikorren bidez, hala nola telefonoen eta tableten bidez, errealitate handiagotua osasun-produktuetan erabiltzeko aukera emango du. Hala, erabiltzaileek osaerari eta erabilerari buruzko datu guztiak izango dituzte eta ospitaleratutako gaixoen segurtasuna areagotuko da. Gaur egun, taldea enpresa fabrikatzaileen eta banatzaileen artean zabaltzen ari da aplikazioa, horietakoren batean ezarri ahal izateko helburuarekin.
Proiektuaz arduratzen den diziplina-anitzeko taldea honako hauek osatzen dute: Leticia San Martín Rodríguez eta Nelia Soto Ruiz, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Osasun Zientzien Saileko irakasleak; Miguel Ángel Llorente García, Ana Monreal Vidal eta Jon Navarlaz Zudaire, NUPeko Industria eta Informatika Ingeniaritzako tituludunak eta Industrial Augmented Reality (iAR) nafar enpresako langileak; eta Jesús Hernández Palacios, Noelia Picó Revilla eta Beatriz Schulz Pérez, Nafarroako Ospitaleguneko Hornidura Ataleko profesionalak.
Espainiako araudiak osasun-produktuen ekoizlea behartzen du produktuetan “beharrezkoa den informazioa jartzera produktuak segurtasun osoarekin eta modu egokian erabiltzeko, egon daitezkeen erabiltzaileen prestakuntza eta ezagutzak kontuan hartuta”, adierazi du Leticia San Martínek. Baina, ezinezkoa bada informazio hori produktu bakoitzean agertzea, beste aukera batzuk ere badaude, esaterako produktu batzuen bilgarrian jartzea. “Bilgarriak ez dauka nahikoa lekurik datu guztiak bertan jasotzeko, eta arazo hori konpon daiteke errealitate handiagotua baliatuta gailu mugikorren bidez, hala nola telefonoen edo tableten bidez”.
Benetakoa denaren eta birtuala denaren arteko nahasketa den errealitate misto bat


Gailu mugikorrak (tableta batek) sendagai baten argibide-orria antzeman eta informazio gehiago ematen du.
Errealitate handiagotuak benetako munduko irudiak eta gailu teknologiko batek emandako irudi birtualak nahasten ditu errealitate misto bat sortzeko denbora errealean. Errealitate birtualak ez bezala, ez du mundu fisikoa ordezten, baizik eta informazioa gehitzen du.
Proiektu honetan diseinatutako aplikazioa produktuaren bilgarria gailu mugikorraren kameraren bidez enfokatzen eta hura antzematen den unean bertan abiarazten da. Orduan, erabiltzailea hasierako pantailara iristen da, “home” izenekora, eta haren bitartez produktuaren benetako irudia bistaratzen du. Hala, zuzeneko lau atzipen hauta ditzake: produktua erabiltzeko gida laster bat, hainbat ataletan banatutako deskribapen oso bat, produktua nola erabili erakusten duen bideo bat eta bilgarriaren ikonografiaren esanahiaren azalpen bat.
Ikertzaile horien iritziz, errealitate handiagotuak “osasun-produktuaren mugak arin ditzake, erabiltzaileari osaerari eta erabilerari buruzko informazio guztia ematen baitzaio”. “Produktuaren fitxa teknikotik eta erabilera-jarraibideetatik hasi, eta produktu bakoitzaren bilgarriaren edukia hiru dimentsiotan bistaratzeraino, bai eta bere erabilera azaltzen duen bideo bat ere, hori guztia erabilgarri dauka profesionalak gailu mugikor batean ezarritako aplikazio baten bidez”, esan du San Martínek.
Horrek guztiak “ez du soilik merkatuan agertzen diren edo jada bazeuden baina lehenengo aldiz ospitale bateko produktuen katalogoan sartzen diren produktu berrien erabilera errazten; izan ere, hasi berriak diren profesionalentzat edo praktiketako ikasleentzat ere lagungarria izango da”, ondorioztatu du Leticia San Martínek.