Joan eduki nagusira

zoom Felipe Martín Huete, NUPeko doktore berria

Felipe Martín Huete, NUPeko doktore berria

Gaur egungo gizartea ez da desekularizatu edo erlijio-sinesmenetara itzuli, 70eko hamarkadaren bukaeran iragarri zen moduan. Aitzitik, desekularizazioa erabat bukatu gabe dago, elementu batzuek indarrean baitiraute, esate baterako, kontzientzia indibidualaren sekularizazioak edo desakralizazioak, sinesmenen eta erlijio jakin bateko kide izatearen krisi gisa, bai eta naturaz gaindikoa denaren galera eta ziurgabetasun existentzialaren ezartze gisa ere. Hori ondorioztatu du Felipe Martín Huete (Algarinejo, Granada, 1972) Granadako Unibertsitatean Filosofian lizentziadun eta doktoreak. Soziologiako doktoretza-tesia Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) irakurri du, Josetxo Beriáin Razquin Soziologia Saileko katedradunak zuzendu du, eta bikain "cum laude" kalifikazioa lortu du aho batez.

"Sekularizazioaren paradigma modernoa" du abiapuntu ikerketak, eta, Felipe Martínek bere tesian adierazi duenez, "kontzeptu horren funtsezko postulazioa arau honetan oinarritzen da oraindik ere: gizarteak modernizatu ahala, gero eta konplexuagoak, arrazionalizatuagoak, indibidualistagoak eta fedegabeagoak bihurtzen dira". Ondorio horretara heltzeko, Peter L. Berger, José Casanova, Grace Davie eta Danielle Hervieu-Léger erlijio-soziologoen lana ikertu du Felipe Martínek.

Desekularizazio bukatugabea

Doktoretza-tesiak frogatu nahi du "desekularizazio bukatugabea" deritzon fenomenoagatik dirauela sekularizazioak, "nagusi den erlijio-ereduak eragindako zerbaitengatik", alegia. "Eredu horrek ez du izan nahi —eta ezin du izan, dagoeneko— esparru global bat, zentzua eratzen duen esparru bat, baizik eta eredu neonostalgiko bat, zeinek neurri batean eta bereziki garaikidetasunaren zentzu-beharrak asetzen baititu", ondorioztatu du Felipe Martínek tesian.

Doktoretza-tesiaren beste helburu bat da "agerian jartzea desekularizazioa errealitate izan litekeela, baldin eta erlijio-asmo edo -eredu batetik edo bestetik begiratzen bazaio edo ez. 'Erlijioen susperraldiaren' ereduaren ikuspegitik baino begiratzen ez badiogu, desekularizazioak itxuraz bete ditu, neurri batean bederen, paradigma horren teorialariek iragarritako aukerak. Aitzitik, Émile Durkheimen eta Peter L. Bergerren eredua aurkitu nahi badugu desekularizazioan, zentzu soziala eratzen duen esparru gisa, xeheago ikertu eta egiaztatzen da desekularizazioa ez dela irudipen bat besterik, su artifizial hutsa, zeinak ahultasuna agertzen baitu gaur egungo esperientzian eta dinamika sozialean. Dinamika hori, hain zuzen, paradigma sekularizatzailearen ezaugarri nagusiak eragin du, kontzientzia modernoaren sekularizazioak, alegia".

Arlo publikoan eta politikoan erlijioak garrantzia hartu badu ere, Felipe Martínen ustez, "ez zaio jaramonik egin norbanakoaren sinestun-alderdiari, hots, norbanakoak gizartea, politika eta, azken batean, arlo publikoa eraikitzen duten pertsona gisa jotzeari". Hortaz, "baldin eta erlijioaren arrakasta publikoa harea mugikor batzuetan oinarritzen bada, esan nahi baita, norbanakoak gaur egungo erlijioan zentzurik aurkitzen ez duten sinestun gisa irudikatzen dituen eredu batean, behera etorriko da dorrea".

Kontzientzia modernoaren hondamendia

Felipe Martínen iritziz, sekularizazioak "hondamendia eragin du norbanakoen kontzientzian; izan ere, orain gailentzen den ziurgabetasun moralak eta existentzialak ez du erantzunik aurkitzen gaur egungo erlijio-esparruan. Egun nagusi den erlijio-ereduak ez du izan nahi —eta ezin du izan, dagoeneko— esparru global bat, zentzua eratzen duen esparru bat, baizik eta eredu neonostalgiko bat, zeinek neurri batean eta bereziki garaikidetasunaren zentzu-beharrak asetzen baititu".

Horregatik guztiagatik, Felipe Martínen ustez, "kontzientzia modernoaren sekularizazioa" da paradigma sekularizatzailearen bereizgarri nagusi eta garrantzitsuena. "Baliteke erlijioak berpiztea edo eremu publikoan irautea, baina egitate ezeztaezina da sinesgabetasuna, indiferentismoa, ateismoa eta sakratua denaren galtzea gaur egungo norbanako askoren kontzientzietan".

Curriculum laburra

Felipe Martín Huete Filosofian eta Hezkuntzaren Zientzietan (Filosofia espezialitatean) lizentziatu zen Granadako Unibertsitatean, eta Erlijioen Zientzietako Masterra (2007an) eta Filosofiako Doktoretza ere egin zituen unibertsitate horretan bertan. NUPeko Soziologiako tesia egin ondoren, hirugarren doktoretza-tesia egiten ari da gaur egun Murtziako Unibertsitateko Teologia Sailean.

Erlijioaren Filosofian eta Soziologian espezializatuta dago, eta gai horri buruzko hainbat artikulu idatzi eta bi liburu hauek argitaratu ditu: “El lenguaje religioso de Paul Ricoeur. Hermenéutica, fenomenología y teología en ‘La symbolique du mal” eta “La secularización como proceso dialéctico. Una reinterpretación del pensamiento de Peter L. Berger”.

Peter L. Berger Estatu Batuetako teologo luterano eta soziologoaren pentsamenduan eta sekularizazioarekin lotutako gaietan aditua da Felipe Martín Huete, eta beste zenbait pentsalari ere ikertu ditu, besteak beste, Paul Ricoeur, Martin Heidegger, Simone Wiel eta Baltasar Gracián.