Liburuaren egileetako batzuk. Ezkerretik eskuinera, María Jorqui, Alejandro Torres, Raquel Luquin, Iñaki Zurutuza, María Luisa Arcos, José F. Alenza, Ana Clara Villanueva, Francisco Javier Blázquez, Martín María Razquin, Rafael Lara, Iñaki Riaño eta Ana Aldave.
Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Zuzenbideko hogei irakaslek, erakunde honetako Zientzia Juridikoen Fakultateko José F. Alenza García dekanoa buru zutela, liburu bat egin dute, zeinean Miguel de Cervantesen obra nagusien auzi juridikoak gaur egunera ekartzen baitituzte. Liburua "On Kixote Mantxakoa" egilearen heriotzaren IV. urteurreneko egitarau ofizialaren barruan dago, eta Alcalako jenioaren obren irakurketa egiteko jarduerak proposatzen ditu, Zuzenbidean irakaskuntzan eta ikaskuntzaren barruan.
Lanaren izenburua “Cervantes eta Zuzenbidea. Ideia cervantearrak Zuzenbidea ikasteko” da. Thomson Reuters Aranzadik argitaratu du eta egileak hauek dira: Ana Aldave Orzaiz, Ignacio Amatriain Cía, María Luisa Arcos Vieira, Francisco Javier Blázquez Ruiz, María Ángeles Egusquiza Balmaseda, Paz Francés Lecumberri, Teresa Hualde Manso, Leticia Jericó Ojer, María Jorqui Azofra, Rafael Lara González, Julen Llorens Espada, Raquel Luquin Bergareche, Martín María Razquin Lizarraga, Iñaki Riaño Brun, Manuel Richard González, Alejandro Torres Gutiérrez, Jorge Urdánoz Ganuza, Ana Clara Villanueva Latorre eta Iñaki Zurutuza Arigita, José F. Alenza irakasleaz gain.
"Liburuak sakontzen du Cervantesen obran, ikuspegi juridikotik ongi ulertzeko —baieztatu du José F. Alenzak—. Eta horretarako, diziplina askotarikoen irizpidea erabiltzen du: egileek Zuzenbideko hamar arloko espezialistak dira. Horri esker Cervantesen obraren dimentsio juridiko aniztuna ikusten ahal da, eta liburuaren orrietan agertzen diren mota guztietako gatazken —pertsonalak, sozialak eta politikoak—inguruko gogoeta sakon bat egiten ahal da".
Ustelkeriatik genero-berdintasunera
Cervantesen errelatoetan justizia, giza duintasunaren defentsa, senar-emazteen eta familiakoen arteko harremanak, hautatzeko ahalmena eta erantzukizuna, ustelkeria, gobernu ona, kriminalitate antolatua, guda justua, berme prozesalak, lan harremanak, genero berdintasuna edo justizia soziala bezalako auzi juridikoak agertzen dira. "Cervantesen obran, gai juridikoa etengabe agertzen da, eta modu nabarmenean. Baina liburu honen helburua ez da Cervantesen garaiko Zuzenbidea aztertzea, bere obretako auzi juridikoak eta ideiak gure gaurko errealitate juridikora ekartzea baizik", esan du dekanoak.
Liburuaren hogei kapituluak hiru partetan daude banatuta: lehena luzeena da, eta "On Kixote Mantxakoari" eskaintzen zaio; bigarrenak bost nobela eredugarri aztertzen ditu ("Neskatxa ijitoa", “Rinconete eta Cortadillo”, "Vidriera lizentziaduna", "Cornelia andrea" eta "Ezkontza tronpagarria"); eta azken parteak hiru entremes hauen kapitulu batzuk hartzen ditu kontuan: "Dibortzioen epailea", "Daganzoko alkateak hautatzea", eta "Miragarriaren erretaula".
José F. Alenzak Cervantesen obretatik gaur egun ateratzen ahal diren irakaspenak azpimarratzen ditu. "Santxo Panzaren Barataria irlako gobernu onaren pasadizoan —diosku—, gobernatzaileek eduki behar dituzten kualitateak –moralak eta prestakuntzakoak–, gobernatzeko modu ezti baten alde egiten da, gobernatzaileek jasotzen dituzten opari eta sari "doakoekin" eduki behar duten kontuaz ohartarazten da, agintarien aginte-epea mugatu behar dela defenditzen da, eta baieztatzen da beharrezkoa dela agintariek kontuak ematea beren agintaldia amaitzen denean. Gobernu onari buruzko irakasgai teoriko-praktiko ederra da, gure gobernatzaileek ikasi eta aplikatu beharko luketena".
Edonola delarik ere, NUPeko irakasleen liburuaren asmoa da "Alcalako jenioaren aburuz, idatziek lortu beharko luketen helburua erdiestea: irakastea eta gozaraztea aldi berean", esan du José F. Alenzak, bukatzeko.
Lan honen esparrua
Argitaratu berri den liburu hau NUPeko Zientzia Juridikoen Fakultateak 2010etik garatzen duen LyDer (Literatura eta Zuzenbidea) Programari lotuta dago. Programaren helburua da irakurketa-plan bat osatzea ikasleen hezkuntza osoa lortzen laguntzeko, hau da, prestakuntza humanistikoa eta balioetako prestakuntza eskaintzea curriculumeko eduki juridikoak osatzeko edo zabaltzeko.
Gainera, Cervantesen obra honek badauka aurrekari bat, 2015ean argitaratu zen liburu bat, “Zuzenbidea Lorenzo Silvaren obran”, zeina Madrilgo abokatu eta idazleak sortu duen Bevilacqua eta Chamorro ikertzaileak protagonista dituen sail poliziakoari buruz ari baita.