Joan eduki nagusira

“Non dago Interneteko hodeia?”. Hori da "Zientzia tabernan" saileko bideo berriaren izenburua, izen bereko webgunean argitaratu berri dena. Joaquín Sevilla Moróder Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Jakintzaren Zabalkunderako arduradunak eta Javier Armentia Fructuoso Iruñeko Planetarioko koordinatzaileak azaltzen dute non gordailatzen diren sarean erabiltzen ditugun fitxategi eta programak Unibertsitateko Esperientziaren Gelako ikasleen galderei erantzunez. Izan ere, NUPeko Esperientzien Gelak Giza eta Gizarte Zientzietako prestakuntza orokorra eskaintzen die 50 urte baino gehiago dituzten ikasleei.

Ziklo honetako ikus-entzunezko piezen ezaugarri komuna da taberna batean egiten direla, kasu honetan NUPeko Arrosadiko campuseko jantokien eraikineko kafetegian. Beren azalpenetan adituek taberna batean arruntak diren materialak eta elementuak erabiltzen dituzte, esaterako katiluak, platerak, kopak edo kafeontziak, egiteko haiek "tabernako esperimentuak" izendatzen dituztenak. Bideoak www.cienciaenelbar.com webgunean eta http://www.youtube.com/user/cienciaenelbar Youtube kanalean ikusten ahal dira.

zoom Bideoaren fotograma bat, Javier Armentia (ezk.) eta Joaquín Sevilla (esk.) agertzen direla.

Bideoaren fotograma bat, Javier Armentia (ezk.) eta Joaquín Sevilla (esk.) agertzen direla.

NUPek jarri du abian ekimen hau, Zientziarako eta Teknologiarako Espainiako Fundazioak (FECYT) – Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioak finantzatu du, eta xede nagusia da eduki zientifiko eta teknologikoak  jende guztiarentzat zabaltzea hizkera errazean eta ulergarrian. 2014tik gaur arte zabaldu diren 25 bideoek 233.721 bisita eduki dituzte guztira.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Kultura Zientifikoaren Unitateak (KZU) bultzatzen du proiektua, eta Iruñeko Planetarioak laguntzen du. Abiapuntutzat hartzen du Zientziaren Lagunen Klubak 2013an martxan jarri zituen "Zientziaren ostegunak" (gaur egun "Zientzia tabernan"), gai zientifikoak lasai eta lagunarteko giroan jende guztiarengana hurbiltzeko xedez sortu zen ekimena.