Irati Jáuregui, Telekomunikazio Teknologien Ingeniaritzako tituluduna, bere gradu amaierako lana zuzendu duenarekin, Miguel Berueterekin, NUPeko laborategi batean.
Irati Jáuregui López (Iruñea, 1992), Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Telekomunikazio Teknologien Ingeniaritzako graduatua da, eta hirugarren geratu da 2016ko Telekomunikazioen Liberalizazio Sarietan. Elkargo Ofizialak eta Telekomunikazio Teknologien Ingeniari Teknikoen eta Graduatuen Espainiako Elkarteak antolatzen dituzte sari horiek. Sari hauek aitortza ematen diete Telekomunikazio Ingeniaritzako ikasleek, Espainian, egiten dituzten gradu amaierako lan onenei. Nafar egresatuak egin duena sentsoreak diseinatzean datza, mikroorganismoak atzemateko, batez ere onddoak.
Irati Jáuregui hirugarren geratu da hogei sarigairen artean, Telekomunikazio Sistemak izeneko modalitatean. Bere aurretik José González Cabañas, irabazlea (Madrilgo Carlos III. Unibertsitatea) eta Juan Aznar Poveda (Cartagenako Unibertsitate Politeknikoa, Murtziakoa), bigarrena, sailkatu dira.
Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko Saileko Miguel Beruete Díaz ikertzaileak zuzendu du Ohorezko Matrikula kalifikazioa lortu duen Irati Jáureguiren gradu amaierako lana. Lanaren oinarria izan da sentsore biologikoen aplikazioak erabiltzea, terahertzioen erradiazioak erabiliz, zeinak baitira giza-begiak ikusi ezin dituen uhin elektromagnetikoak, mikrouhinen (funtzionatzeko mugikorrak edo telebistak behar dituztenak) eta infragorrien (zuntz optikozko komunikazioetan eta gauean ikusteko kameretan erabiltzen direnak) artean daudenak.
Gutxi aztertu den eremua
“Terahertzioen banda aztertzea oso erakargarria da, orain arte oso gutxi aztertu baita —azaldu du Irati Jáureguik, zeinak bere lana ingelesez idatzi eta defendatu baitzuen—. Izan ere, interes handikoa da komunikazioen, medikuntza-diagnostikoaren eta sentsoreen arloetan, beste batzuen artean".
Irati Jáureguik, bere lana egiteko, sentsoreak garatu zituen, aplikazio biomedikoetan erabiltzeko, eta horretarako, meta-azal batzuen jokabidearen simulazio eta neurri azterketak egin zituen, onddoen inbasioak atzemateko. Aipatu meta-azal horiek xafla ultrafinak dira, metamaterialen ikerketen ondorioz eboluzionatuak; izan ere, naturan aurkitzen ez diren ezaugarriak edukitzeko diseinatutako egitura artifizialak dira. Esaterako, meta-azal hauek aukera ematen dute terahertzioak bezalako erradiazio elektromagnetikoa oso gune txikietan zedarritzeko, eta horrela azalean pausatutako mikroorganismoak hobeki atzematen dira.
"Lanaren emaitzek erakusten dute meta-azalak terahertzioen eskualdean sentsore bezala erabiltzeak oso etorkizun oparoa eduki dezakeela", bukatu du Irati Jáureguik. Irati Telekomunikazio Ingeniaritzaren Masterra egiten ari da NUPen.