Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) ikasleek aukera dute irakasleen irakaskuntza-jarduera ebaluatzeko inkestan parte hartzeko, gaurtik, abenduaren 12tik (astelehena), hasi eta abenduaren 23ra arte. Ekimenaren helburua da ikastegi bakoitzean ematen den irakaskuntzaren kalitateari buruzko informazioa lortzea. Inkesta borondatezkoa da, eta era telematikoan betetzen da, dela Ikaslearen Atariaren bidez (https://portal.unavarra.es/), zeina Unibertsitatearen webgunean baitago, dela gailu mugikorretarako aplikazio baten bidez (Android edo iOS). Aplikazio horrek NUP Inkestak du izena, eta doakoa da. Aplikazioan sartzeko, baita Ikaslearen Atarian sartzeko ere, pasahitz bat behar da.
Inkestan parte hartzen dutenek zenbait ataletako galderei erantzuten diete, zeinetan irakasleak emandako irakaskuntzaren plangintza, garapena eta emaitzak aztertzen baitira. Hori guztia gogobetetasun orokorrari buruzko galdera batekin eta parte-hartzaileek nahi dutena idazteko atal batekin osatzen da. Sistema honen abantaila da askoz ere azkarragoa eta merkeagoa dela, eta ikasleek iruzkinak egin ditzaketela irakaskuntza-ikaskuntza prozesua etengabe hobetzeko.
Datu konfidentzialak
Ikasleek inkestan emandako datuak konfidentzialak dira. Inkestako emaitzei esker, Unibertsitateak nahikoa informazio biltzen du eskaintzen duen irakaskuntzaren kalitateari buruz, gero hobekuntzak egiteko. Horretaz gainera, inkesten emaitzak aintzat hartzen dira NUPeko irakasle-ikertzaileen jarduera ebaluatzeko prozesuan.
Ebaluazio prozesua amaitu eta gero, seihilekoari edo ikasturteari dagozkion aktak itxi ondoren, jakinarazten zaizkie inkestaren emaitza orokorrak irakasleei. Irakasle bakoitzak erdietsitako emaitzak sail eta titulazio bakoitzak osotasunean erdietsitako emaitzekin alderatzen ditu Unibertsitateak. Horri dagokionez, kontuan hartu behar da irakasle bakoitzak, ematen duen irakaskuntzaren ebaluazio bikaina lortzeko, emaitza positiboa lortu behar duela ikasleei egindako gogobetetasun inkestan.
Graduko eta Masterreko ikasleek bete dezakete inkesta, eta Irakaskuntzako Errektoreordetzak sustatzen du, Unibertsitateko Informatika Zerbitzuaren, Kalitate Unitatearen eta Hezkuntza Berrikuntzaren Goi Mailako Ikastegiaren laguntzarekin.