Ezkerretik eskuinera: Gurutze Pérez, José Ignacio Oteiza, Borja Muerza eta Eugenio Gubía, proiektu honetan garatu diren elektroluminiszenteekin.
Borja Muerza Subiza (Iruñea, 1992) ingeniariak bonbilla lau batzuk diseinatu ditu, zeinek, tinta bereziekin paperaren edo plastikoaren gainean inprimatu eta gero, betiko bonbilen modura jokatzen baitute, eta horrenbestez argitu egiten dira korronte elektrikoarekin elikatzen direnean. Gráficas Ulzama nafar enpresak garatu du ingeniariak Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Industria Teknologietako Ingeniaritza graduaren amaierako lan moduan egin duen proiektu hau.
Eugenio Gubía Villabona (Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko Saila) eta Gurutze Pérez Artieda (Mekanika, Energetika eta Materialen Ingeniaritzako Saila) irakasleek zuzendu dute proiektua, inprimatze funtzionalaren eremua esploratzen duena. José Ignacio Oteiza Echeverría Gráficas Ulzamako Kudeatzailetzari atxikiak tutoretza lana egin du enpresan. "Teknologia honekin posible da zirkuitu elektronikoak sortzea paperaren edo kartoiaren gainean, ohiko inprimatzeko teknikak erabiliz; orain arte, ordea, inprimatzeak kobrezko, beira-zuntzezko edo plastikozko txarteletan egiten ziren, industrialki, ordenagailuen txipetan adibidez. Hitz batez esateko, helburua da inprimategi bat gauza izatea zirkuitu elektronikoak substratu malgu eta merkeetan inprimatzeko", azaldu du Borja Muerzak, zeinaren lanak bikain kalifikazioa lortu baitu.
Inprimatze funtzionala garapen bidean dagoen eremu bat bada ere, "azken bost urteetan fabrikatzaile handiek lortu dute kualitate elektrikoak dituzten lehen tintak sortzea, eta horrela atea ireki zitzaion zirkuitu mota jakin batzuen inprimatzearen eta bere balizko aplikazioen ikerketari", Borja Muerzak azaldu duenez.
Zehatz esanda, ingeniariaren proiektua izan da paperean inprimatutako elektroluminiszenteak (argia jaulkitzen duten gailuak) diseinatzea. "Serigrafiaren bidezko inprimatzeaz, tinta bereziak erabiliz, zirkuitu bat inprimatzen da, eta gero zirkuitu horrek ohiko bonbilla batek bezala jokatzen du, hau da, argitu egiten da elektrizitateaz elikatzen denean —azaldu du—. Paperak, plastikoak edo 'packaging’ delakoak, bilgarriak alegia, tintei esker argia jaulki dezakete bakarrik, eta hau defini liteke bonbilla lau edo bonbilla inprimatua bezala".
Publizitatetik apaingarrietara
Teknologia honek, paper inprimatuari balio erantsi handia eskaintzeaz aparte, abantailak ditu ."errentagarritasunari dagokionez, fabrikazio-kostua oso baxua delako, batez ere ekoizpen handietan, eta malgutasuna eta aplikatzeko moldaerraztasuna, aldiz, handiak direlako esaterako konparatzen badugu LED argiztapenarekin". Gailu hauen balizko erabileren artean hauek daude: publizitatea, marketina, apainketa eta seinaleztapena.
Gailu hauek garatzeaz aparte, Borja Muerzak proiektuan aztertu zuen seriean fabrikatzeko estandar batzuk eta prozesu bat nola ezarri Graficas Ulzama enpresan, elektroluminiszenteak sar daitezen enpresa honen ekoizpen-katean. Izan ere, ikasketak amaitzean, Huarte-Iruñean egoitza duen enpresak, Nafarroako Inpresio Funtzionaleko Klusterrekoa denak, ingeniari iruñearra kontratatu du prozesu guztia martxan jartzeko.