Izaskun Osés Ayúcar (Iruñea, 1984), Olinpiada Berezietako atletak brontzezko domina lortu zuen Río de Janeiroko Olinpiar Joko Berezietan. Bere bigarren titulazioa egiten hasi Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP). 2004-2005 ikasturtean Erizaintzan graduatu eta gero, orain Fisioterapiako lehenengo ikasmaila egiten ari da Tuterako Campusean. Bera bezala goi mailako lehiaketako kirol egokitua egiten duten bi ikasle daude NUPen. Hauek dira: Aralar Pérez Azpíroz igerilaria (Iruñea, 1996), zeina Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza egiten ari baita eta hamabost aldiz izan baita Espainiako txapeldun; eta Josu Pérez Diago igerilaria (Iruñea, 1993), zeina Zuzenbidea ikasten ari baita eta 4. postuan sailkatu baita Europako azken txapelketan.
Hiru ikasleak % 33ko desgaitasuna edo handiagoa izateagatik 2016-2017 ikasturtean NUPeko matrikula tasen salbuespena onartu zaie 39 petsonen artean daude. Haiei arreta emateko Unibertsitateko Gizarte Ekintzarako Unitateak Desgaitasuna duten Ikasleei zuzendutako Arreta Programa bat dauka. Programa horren bidez holako ikasleei zuzendutako arreta-plan pertsonalizatuak garatzen ditu, eta plan horien barruan daude harrera, informazioa eta aholkularitza, beraien egoeraren azterketa, beharren balorazioa, egin beharreko egokitzapenen zehaztapena, laguntza teknikoen onarpena eta irakasleei zuzendutako informazioa eta orientazioa ikasleek beharrezkoak dituzten egokitzapen pedagogikoei buruz, bai eta bizitza akademikoan eta unibertsitatean normaltasunez jarduteko beste laguntza batzuk ere.
Erizaina Zainketa Intentsiboko Unitatean (ZIU)
Izaskun Osés atleta erizaina izan zen zortzi urtez Nafarroako Ospitaleguneko ZIUn, eta urte honen erdialdera arte, Erradiodiagnostiko Zerbitzuan. Ikusmen desgaitasuna duenez (miopia magna eta glaukoma degeneratiboa, horrenbestez % 5eko ikusmena dauka begi batean eta % 10etik % 15era bitartekoa bestean), bere lanbidea utzi behar izan du Fisioterapia ikasteko. “Beti atsegin izan dut —esan du kirolariak—. Horrez gainera, erizaintzaren antzeko lanbide bat da. Ikasketa errazteko, ONCEk oso ongi funtzionatzen du, audiogidak eta irakurtzeko beste tresna batzuk ematen baititu".
Atletak ikasi eta aldi berean entrenamenduak egiten ditu Grupompleo Pamplona Atlético klubean, eta horretarako Tuteran eta Iruñean egoten da. “Kirolak diziplinatua izaten eta, ahaleginik gabe, emaitzarik ez dagoela ikasten laguntzen dizu, eta hori aplikagarria da bizitzako esparru guztietan, eta, jakina, ikasketetan”, gehitu du.
Kirol hasiera taekwondoan
Atletismoa ez da izan Izaskun Osések egin duen kirol bakarra. Taekwondoa egin zuen 21 urte bete arte, eta kirol horretan Espainiako txapelduna izan zen kadete eta 21 urtez azpiko kategorietan. Horrez gainera, lehiaketetan parte hartu zuen Espainiako selekzioarekin. 24 urterekin eta eskumuturreko eta orkatilako lesioak izan ondoren, atletismoan hasi zen, Hiru-Herri klubean, non distantzia luzeko karreretan parte hartzen baitzuen, harik eta duela hiru urte pistara aldatu zen arte 800 metroak egiteko.
800 metroko proba ez dagoenez Olinpiada Berezietako programaren barruan, Izaskun Osések 1.500 metroen aldeko hautua egin zuen, eta proba horretan brontzezko domina lortu zuen Rio de Janeiroko azken Olinpiar Joko Berezietan, T12 kategorian (ikusmen hondarra duten pertsonentzako kategorian, gida batek lagunduta laster egin dezaketenentzat). Dominaz gainera, bere marka pertsonal hoberena lortu zuen (4’ 39’’ 99, zeina hirugarrena baita Nafarroako ranking absolutuan). Olinpiar Joko Berezietan, bi diploma ere lortu zituen Izaskun Osések, laugarren geratu baitzen 4 x 400 erreleboan eta zortzigarren 400 metro lauetan.
Jokoen aurreko hilabeteetan, Izaskun Osések Europako Atletismo Egokituko Txapelketan parte hartu zuen Grosseton (Italian), eta zilarrezko bi domina lortu zituen (1.500 eta 400 metroetan T12 kategorian), Gijoneko Espainiako Txapelketa Absolutuan, zeinean finalerdietara iritsi baitzen 800 metro lauetan, eta lehiaketa honetan parte hartu zuen lehenengo atleta paralinpikoa izan zen. Nafarra 800 metro lauetako plusmarkista da T12 kategorian 2’ 13’’ 28 markarekin, eta Kiroletako Kontseilu Nagusiak Kirol Merezimenduaren Brontzezko Domina eman zion aurreko urrian.
Igeriketa egokitua
Bestalde, Aralar Pérez Azpíroz eta Josu Pérez Diago talde berean daude: Ardoi Igeriketa Kluba, Zizur Nagusikoa, zeina Kirol Egokituen Nafar Federazioan baitago. Horrez gainera, igeriketa egokituko espainiar selekziokoa da, zeina Paralisi Zerebrala eta Hartutako Kalte Zerebrala duten Pertsonen Kiroletako Espainiar Federaziokoa baita (FEDPC). Selekzio horrekin parte hartu zuten udaberrian IPC Europako Igeriketa Txapelketan Funchalen (Madeira, Portugal).
Portugalgo lehiaketaren bidez nazioartean izan zuen lehenengo parte-hartzean, biek erreleboetan parte hartzeaz gainera, Josu Pérez banakako lau probatan aritu zen; eta Aralar Pérez, bitan. Lehenengoa lau finaletarako sailkatu zen, eta 400 metro libreetako proban (s6 kategoria) lortu zuen sailkapen hoberena, 4. sailkatu baitzen, eta Espainiako errekorra lortu zuen. Bestalde, Aralar Pérez bi finaletara iritsi zen, eta 4 x 100 metro libreetan (34 puntu funtzional arteko kategorian) bosgarren sailkatzeaz gainera, 8. geratu zen 100 metro libreetan (s8 kategorian). Hori izan zen lortu zuen banakako emaitza hoberena.
Horrenbestez, biak aurrera doaz beren kirol esparruan. Aralar Pérezek Espainiako hamabost txapelketa lortu ditu modalitate desberdinetan azken urteetan eta bederatzi txapelordetza. Josu Pérezek, berriz, Espainiako txapeldunaren hamar titulu eta sei txapelordetza.