Ikerketaren egileak. Ezkerretik eskuinera: Leticia Jericó, José Javier López Goñi, Soledad Barber, Javier Fernández Montalvo, Inés Olaizola, Alfonso Arteaga eta Raúl Cacho. Paz Francés falta da
Nafarroan adingabeek egiten duten delinkuentzia ez da bereziki larria eta ez da bortxazkoa, ikuspuntu penal batetik, Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) ikertzaileek egin duten ikerketa baten arabera. Ondorio horretara iristeko, 838 adingabe arau-hausleren soslai kriminologiko eta psikosoziala aztertu dute. Adingabekoen epaitegiak 2010 eta 2013 artean esku hartu zuen adingabe hauekin; horietatik % 77 gizonezkoak ziren (650 pertsona), eta % 62 Espainian jaioak (522). Ikerketa honek dio, baita ere, haietatik, % 82,3ren kasuan delitua berriz egiteko arriskua txikia dela.
Lanaren izenburua hauxe da: "Nafarroako adingabe arau-hausleen soslai kriminologikoa eta delitu-egintzaren errepikapena". Lana Nafarroako Kutxa Fundazioak finantzatu duen ikerketa-proiektu baten babesean egin da. Egileak Zuzenbide Publikoko Saileko Zuzenbide Penalaren arloko Inés Olaizola Nogales, Soledad Barber Burusco, Leticia Jericó Ojer eta Paz Francés Lecumberri irakasleak eta Psikologia eta Pedagogia Saileko Psikologia Klinikoaren arloko Javier Fernández Montalvo, José Javier López Goñi, Raúl Cacho Fernández eta Alfonso Arteaga Olleta irakasleak izan dira. Halaber, Paula Azanza Álvarez proiektuaren laguntzaile moduan aritu zen.
Azterketan 14 eta 18 urte artean zeukatenean arau-hauste bat egin eta Nafarroako Adingabeen Epaitegiaren ebazpen judizial bat jaso zutenen datuak jasotzen dira, eta azterketaren ondorioa da egindako delitu eta falten kopurua antzekoa dela (% 46,7 lehen kasuan, eta % 53,3 bigarrenean). Horregatik, ikerketa egin dutenentzat, adingabeen delitu-egintza ez da larria, kopuruaren aldetik. Egindako delituen eta falten nolakoari begiratuz gero, ikusten da ez dela bortxazkoa, ezta ere, gehien egiten direnak indarkeriarik gabeko ondarearen aurkako hausteak direlako (falten % 41,4 eta delituen % 33,1).
Banda bateko kidea izatea
Gainera, arau-hauste bat egin zuten adingabeen % 97 ez ziren banda bateko kideak. Ikertzaileek uste dute datu honek ez duela esan nahi hala talderik ez denik Nafarroan, arau-hauste penaletan daukaten parte hartzea oso txikia dela baizik. Ikerketaren egileek uste dute hau oso datu positiboa dela bi arrazoirengatik: "arriskugarritasun-indizea txikiagoa delako bandatik kanpo jarduten denean bandako kide moduan egiten denean baino; eta gainera, bandetako kideak egin diren adingabeak gutxi direnez, aurreikuspen-neurriak norbanakoei begira hartzen ahal dira, eta horrela eraginkortasuna handiagoa da".
Ezaugarri hauek kontuan hartuta, sententzietan ezartzen diren neurrien ehuneko minimo batek adingabearen eskubideen murrizketarik handiena dakar. Izan ere, azterketak ez du kontabilizatu erregimen itxiko barneratze bakar bat ere, horixe delarik neurririk larriena; eta bigarren neurri larriena, barneratzea erregimen semi-irekian, 27 kasutan baino ez da gertatu (kasu guztien % 6,3). Adingabe etorkinen kasuan, ezarri den lehen neurria zaintzapeko askatasuna izan da, eta neurri hori bezainbeste aldiz ezarri da komunitatearen aldeko lana (biak % 31,7tan ezarri dira), baina azken neurria ezarri da gehiagotan arau-hauslea espainiarra zenean (% 39,7tan).
Ikuspuntu soziodemografiko batetik, 838 adingabe arau-hausle horietatik 650 gizonezkoak ziren (% 77,6) eta 188 emakumezkoak (% 22,4). Gainera, kopuru guztitik 522 (% 62,3) Espainian jaioak ziren, eta 316 (% 37,7) etorkinak. Azken hauen artean, % 63 Latinoamerikatik etorriak ziren; % 15,8 Afrikatik; eta % 15,5 Ekialdeko Europatik. Hauek ziren eskualde geografiko garrantzizkoenak.
Soslai psikosoziala
Ezaugarri psikosozialei dagokienez, % 30,8ren kasuan beren gurasoen hezkuntza-ildoak funtsik gabeak ziren; % 60,3k eskola errendimendu baxua zuen, eta % 25,3k eskola absentismoa; % 39,4k harremana zuen delituren bat egin duen pertsonaren batekin; eta familiaren historiari dagokionez, % 44,4 etxe-aldaketak izan zituzten, eta % 25,8k finantza edo etxebizitza arazoak bizi izan zituen. Substantzien kontsumoa kasuen % 10,5ean baino ez zen atzeman..
Azkenik, ikertzaileen ustez, adingabe gehienek delitua berriz egiteko arriskua txikia izatea koherentea zen beste datu honekin: 833 adingabe arau-hausleen kasuetatik (bost kasutan ez zen daturik), 593 kasutan ebazpen judizial bakar bat baino ez dute eduki (eta horietatik % 48,6tan artxibatu zen). Azterketaren egileek zenbatu dituzte behin, gutxienez, falta edo delitua errepikatu zuten 246 adingabe, baina prozedura hauek denak ez ziren amaitu sententziarekin, kasu hauen % 27 artxibatu zirelako.