Marta Cildoz Esquíroz eta Deyo Maeztu Redín ingeniariek irabazi dute Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) antolatutako "3 minutuan" lehiaketaren lehenengo edizioa, Masterreko eta Graduko/Zikloko modalitateetan, hurrenez hurren. Hamabi lagunek parte hartu dute azaroaren 15ean (asteartea) Iruñeko Planetarioan jokatu den finalean. Parte-hartzaileek beren Ikasketa Amaierako Lanaren edukia azaldu diote 180 segundoan publiko ez-espezializatuari. Irabazle bakoitzak 500 €-ko saria eskuratu du.
"3 minutuan" lehiaketa Zientziaren, Teknologiaren eta Berrikuntzaren XVI. Asteko jardueretako bat da. Zientziarako eta Teknologiarako Espainiako Fundazioaren (FECYT) finantzaketa eta Iruñeko Planetarioaren eta RNEren laguntza jaso ditu Zientziaren Asteak.
Marta Cildoz Esquíroz ingeniariak (Obanos, Nafarroa, 1992) publikoaren eta epaimahaiaren aurrean defendatu zuen Master Amaierako Proiektua Nafarroako Ospitaleguneko (CHN) Larrialdietako Zerbitzuko funtzionamendua ordenagailu batean birsortzen duen simulazio eredu bat da. Tresna matematiko hori erabilgarria da antolaketaren eraginkortasuna hobetzeko, zeinak eriak hobeki artatzeko balio baitu, eta unitate horren kudeaketari eta dimentsioari buruzko erabakiak hartzen laguntzen baitu. Fermín Mallor Giménez eta Cristina Azcárate Camio NUPeko Estatistika eta Ikerketa Operatiboko Saileko irakasleek zuzendu dute proiektua.
Irabazleak, finalistak eta epaimahaikideak, Planetarioan, finala bukatu eta gero. Goiko lerroan (ezkerretik eskuinera): Irati Jáuregui, Iñigo Santiago, José Miguel Múgica, Jaione Berro, Fernando Jáuregui, Marta Cildoz, Maite Berraondo, Ramón Gonzalo, Fernando José Juárez, Borja Muerza eta Iñaki González. Beheko lerroan (ezkerretik eskuinera): Alfonso Urrizburu, Gadea Corral, José Miguel Garrido, Lidia de Diego, Deyo Maeztu eta Óscar Orzaiz.
Marta Cildozek Industria Teknologietako Ingeniaritzako Gradua egin zuen Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP), non Industria Ingeniaritzako Masterra ere egin baitzuen. Gaur egun, doktoretza-ikasketak egiten hasi da NUPen Komunikazioetako, Bioingeniaritzako eta Energia Berriztagarrietako Teknologiak (Tecomber) izeneko programan.
Deyo Maeztu Redínek (Iruñea, 1994), berriz, aluminio-aleazioetan aplikatzen diren korrosio-kontrako estaldurei buruz egin du Gradu Amaierako Lana, eta Pedro José Rivero Fuente Mekanika, Energetika eta Materialen Ingeniaritzako Saileko irakasleak zuzendu du ikerketa.
Deyo Maeztuk Industria Teknologietako Ingeniaritzako titulua eskuratu zuen uztailean NUPen, eta Musikologia espezialitateko Musikako Gradua egiten ari da gaur egun Nafarroako Musikako Goi Mailako Kontserbatorioan.
Finalistak
Irabazleez gainera, hauek izan ziren Master kategoriako lehiakideak: Maite Berraondo Moral (Masterra Esku-hartze Sozialean Gizabanakoekin, Familiekin eta Taldeekin), Gadea Corral Martínez-Acítores (Masterra Bigarren Hezkuntzako Irakasletzan), Lidia de Diego Sádaba (Masterra Ingeniaritza Mekaniko, Aplikatu eta Konputazionalean) eta Fernando José Juárez Barillas (Masterra Osasun Publikoan). Bestalde, hauek izan ziren Graduko/Zikloko kategoriako finalistak: Jaione Berro Bariain (Industria Teknologietako Ingeniaritza), José Miguel Garrido Sola (Ekonomia), Irati Jáuregui López (Telekomunikazio Teknologietako Ingeniaritza), Borja Muerza Subiza (Industria Teknologietako Ingeniaritza), Iñigo Santiago Beorlegui (Lan Harremanak eta Giza Baliabideak) eta Alfonso Urrizburu Santos (Industria Teknologietako Ingeniaritza).
Javier Izu Otermin RNEko kazetariak aurkeztu zuen finala, Ramón Gonzalo García NUPeko Ikerketako errektoreordea izan zen epaimahaiburua, eta mahaikideak, aldiz, hauek: Iñaki González Ramírez, NUPeko Errektoretzako kabineteburua; Fernando Jáuregui Sora, Iruñeko Planetarioko astrofisikaria; José Miguel Múgica Grijalba, Nafarroako Doktoretza Eskolaren (EDONA) zuzendaria; eta Óscar Orzaiz Resano, Oratoria eta Ahozko Adierazpeneko irakaslea.
"3 minutuan" lehiaketa NUPeko Ikerketako Errektoreordetzak bultzatu du, Kultura Zientifikoaren Unitatearekin lankidetzan, eta Zientziarako eta Teknologiarako Espainiako Fundazioa (FECYT) – Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioaren finantzabidea jaso du.