Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) Nafarroako Parlamentuarekin lankidetzan, Conversaciones /Solasaldiak zikloaren saio berri bat egingo du. Azaroaren 14an, astelehenean, egingo da "jazarpen psikologikoa, sexu-jazarpena eta sexuan oinarritutako jazarpena lan esparruan" izenburupean. Parlamentuak azaroaren 14 eta 15erako antolatu dituen jardunaldien barruan emango da hitzaldi hori, azaroaren 25arekin, Emakumearen aurkako Indarkeria desagerrarazteko Nazioarteko Egunarekin,  lotuta dauden jardueren esparruan. "Genero indarkeria: xake egin patriarkatuari" izenburua jarri diete jardunaldiei. Hitzaldiak bi egunetan 18:00etan egingo dira Parlamentuko erabilera anitzeko aretoan, eta  hitzaldietan parte-hartzea doakoa da aldez aurretik izena emanda.

Lan esparruko jazarpenari buruzko saioa Cristina Zoco Zabala NUPeko Konstituzio Zuzenbideko irakasleak moderatuko du, eta honako hauek parte hartuko dute bertan: Marta Luxán Serrano Euskal Herriko Unibertsitateko Soziologia irakaslea, zeinak jazarpenaren arazoa aztertuko baitu indarkeria matxistaren ikuspegitik; Juan Ignacio Marcos González abokatua eta Jazarpen eta Diskriminazioaren Euskal Behatokiaren koordinatzailea, zeinak jazarpenaren tratamenduak jurisprudentzian izan duen bilakaera balioetsiko baitu; eta Anabel Zariquiegui Asiain Eroski supermerkatuen kudeatzailea Nafarroan, zeinak enpresak jazarpen egoerei aurrea hartu eta desagerrarazteko hartu dituen neurriak aurkeztuko baititu.

Hain zuzen NUPek aurreko urrian jakinarazi zuen jazarpen psikologikoaren, sexu-jazarpenaren eta sexuan oinarritutako jazarpenaren kasuen prebentziorako, atzemateko eta halako kasuetan jokatzeko protokoloa onetsi zuela. Protokoloak prebentziozko neurriak ezartzen ditu, eta halako kasurik gertatuz gero nola jokatu behar den arautzen du. Dokumentua unibertsitate komunitateko kide guztientzat da aplikagarria, eta erakundeak kontratatzen dituen enpresek eta praktikako ikasleak hartzen dituztenek ezagutu eta zaindu beharko dute.

"Conversaciones/Solasaldiak" zikloa

“Conversaciones/Solasaldiak” zikloa NUPek antolatzen du 2012tik. Mahai-inguruak eta eztabaidak egiten dira, eta bai gizarterako oro har, bai zientziaren esparrurako bereziki interesgarriak diren gaiak aztertzen dira. Saio hauek Unibertsitateak eta Nafarroako Parlamentuak elkarrekin jarduerak garatzeko sinatu duten lankidetza hitzarmenaren esparruan kokatzen dira, eta urtearen azken lauhilekoan egiten dira.

2015ean egindako saioetan aztergai izan ziren  “krisi etikoa, balio krisia: komunikabideen eta politikaren arteko harremana” eta “Hiri segurtasuneko lege berria: urduritasun demokratikorako legea” gaiak. Soledad Barber Burusco eta Inés Olaizola Moralesek koordinatu zituzten hurrenez hurren. Lehenengoa irakaslea da eta bigarrena katedraduna, biak ala biak NUPeko Zuzenbide Penalekoak.