Joan eduki nagusira

zoom NUPeko Ordezkariak Prestatzeko II. Jardunaldian parte hartu duten ikasleak, Unibertsitatearen ordezkariekin batera.

NUPeko Ordezkariak Prestatzeko II. Jardunaldian parte hartu duten ikasleak, Unibertsitatearen ordezkariekin batera.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) graduko 40 bat ordezkarik prestakuntza jaso dute asteburu honetan NUPeko Ikasleen Kontseiluak antolatutako saio batzuetan. Ikasleen ordezkaritza erakundeen funtzionamenduari buruzko ezagutza hobetzera zuzenduta zeuden saioak. Ordezkariak Prestatzeko II. Jardunaldiak ostiralean inauguratu zituen Cristina Bayona Sáez NUPeko Ikasleen Gaietarako, Enplegurako eta Ekintzailetzarako errektoreordeak, eta bertan parte hartu zuten Miguel Rodríguez Wilhelmi unibertsitate bereko Matematikaren Didaktikako irakasleak eta Edurne Zaratiegui Morales Ikasleen Kontseiluko lehendakariak. Halaber bertan egon zen Jon Ander González Martín Edurne Zaratieguiren homologoa EHUn  (Euskal Herriko Unibertsitatea).

Jardunaldietan jarduerak, hitzaldiak eta lantegiak egin ziren asteburuan, beren antolatzaileen hitzetan ikasleen ordezkaritza erakundeen funtzionamendua eta erabilgarritasuna ezagutarazteko eta haietan parte-hartzea sustatzeko. NUPeko Ikasleen Kontseiluak 2013an hasitako lanaren jarraipena izan zen. Ikasleen Kontseiluak izan ere antzeko jardunaldi batzuk antolatu zituen urte hartan, ikasleek ordezkaritza organoetan zuten parte-hartze txikiari erantzuteko. Nazioko beste unibertsitate batzuetan arrakasta izan duen formula bat da.

Saioak bizikidetza formatuan egin dira Guetadarreko aterpean, eta Unibertsitateko fakultate eta eskolek lagundu dute bere finantzaketan. Berdinen arteko (ordezkariak) ikaskuntza formala eta ez formala sustatu da, bai eta baliabideak eman eta trebetasunak garatu ere efizientzia handiagoa lortzeko beren arduren egikaritzan (komunikazio trebetasunak, talde-lana, gatazkak konpontzea, konfiantza eta lidergoa). Horretaz gainera, NUPen egitura ezagutarazi da, bai eta bere barne- eta arau-funtzionamendua ere. Jardunaldian emandako informazio guztia "Ordezkariaren gida" izeneko dokumentu batean jasoko da geroago. Gai honetan kontsultako erreferentzia izatea da dokumentuaren xedea.