Joan eduki nagusira

zoom Marta Cildoz doktoregaia Fermín Mallor katedradunarekin, NUPen.

Marta Cildoz doktoregaia Fermín Mallor katedradunarekin, NUPen.

Marta Cildoz Esquíroz ingeniariak (Obanos, Nafarroa, 1992) Nafarroako Ospitaleguneko (CHN) Larrialdietako Zerbitzuko funtzionamendua  ordenagailu batean birsortzen duen simulazio eredu bat garatu du. Tresna matematiko hori erabilgarria da antolaketaren eraginkortasuna hobetzeko, zeinak eriak hobeki artatzeko balio baitu, eta unitate horren kudeaketari eta dimentsioari buruzko erabakiak hartzen laguntzen baitu. Lan hori Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) egin duen Industria Ingeniaritza Masterraren ikasketa amaierako lana izan da, eta Nafarroako Gobernuak finantzatu duen ikerketa proiektu baten barruan dago.

Estatistika eta Ikerketa Operatiboko Saileko Fermín Mallor Giménez katedradunak zuzendu du, eta Nafarroako Ospitaleguneko Larrialdietako Zerbitzuko medikuntza-langileekiko harreman estuan egin da. Langileek datu baseak eman zituzten, instalazioetarako sarrera erraztu zuten behaketa egiteko eta datuak biltzeko, eta elkarrizketak egin zituzten eredu matematikoak eraikitzeko beharrezkoa zen informazioa lortzeko.

"Larrialdietako zerbitzuek egunean 24 ordu lan egiten dute, eta 365 egun urtean, eta berehalako arreta ematen diete planifikatu gabe etortzen diren gaixoei —azaldu du  Marta Cildozek—. Unitate hauen ezaugarrietako bat da beren konplexutasun handia, artatzen dituzten gaixoek eritasun-mota asko izaten dutelako, eta beren larritasun mailak ere oso askotarikoak direlako. Larrialdietako zerbitzuek baliabide material ugari edukitzen dituzte —oheak, X izpiak, bizkortzeko aretoak, eta abar—, baita giza baliabide ugari —medikuak, erizainak, administrariak eta zaintzaileak— eta prozesu ugari ere —sailkapena, harrera, esplorazioa, probak, analisiak, e. a.—. Konplexutasun honek hainbat arazo dakartza: itxaronaldi luzeegiak, batzuetan, baliabideen erabilera gorabeheratsua (batzuetan falta izaten dira, eta beste batzuetan gehiegi dago), medikuen ordutegien desoreka, eta abar. Horren ondorioz, baliabide hauek guztiak eraginkorki kudeatzea oso lan sofistikatua da, eta ikerketa operatiboak eskaintzen dituen analisi kuantitatiboak onuragarriak izan daitezke lan hori hobetzeko, gaixoei kalitatezko zerbitzu bat emate aldera, profesionalen lan baldintzak ere bistatik galdu gabe".

Konplexutasun honi aurre egiteko beharrezkoa da "analisi teknika oso espezializatuak erabiltzea, esaterako simulazio estokastikoa, zeina baita sistema konplexuak analizatzeko tresna kuantitatibo indartsuenetako bat, beste teknika estatistiko eta hoberentzeko teknika batzuekin batera erabili ohi dena", Marta Cildozek esan duenez.

Analisia CHNko langileekin

Ikasleak Larrialdietako Zerbitzuko arreta eta antolaketako puntu guztiak aztertu zituen, zer nolako konplexua den ulertu ahal izateko. Proiektua garatu duen bitartean, Marta Cildoz bere simulazio-ereduak aurkezten joan da, baliozkoak zirela frogatzeko, eta errealitatearekin bat ez zetozen alderdiak zuzentzeko. Langileekin antolaketa eta tamaina arazoak eztabaidatu zituen, arazo horiek eragina dutelako sistemaren funtzionamenduan. Izan ere, garatu duen simulazio tresnak analizatzen ditu arazo horiek. Horietako batentzat (mediku-taldeen lan-kargaren oreka) lortu diren emaitzek aukera ematen dute zerbitzuaren funtzionamendua hobetuko duten erabakiak hartzeko, eta beraz, gaixoen arreta hobetzeko.

Datuak, Estatistika, Kalitatea eta Logistika (Decyl) ikerketa taldearen ikerketen barruan sartzen da master amaierako proiektu honen garapena. Ikerketa hauen helburua da lan ildo bat finkatzea, osasun zerbitzuak hobetzeko metodologiak analizatzeko eta sortzeko. Izan ere, Marta Cildozen master amaierako lana Nafarroako Gobernuak 2016an finantzatzen duen ikerketa proiektu baten barruan dago, izenburu hau duena: "Osasun sistema publikoaren eraginkortasuna hobetzeko ereduaren garapena. Nafarroako Ospitaleguneko larrialdietako zerbitzuari aplikatzea".

Curriculum laburra

Marta Cildozek Industria Teknologietako Ingeniaritza gradua egin zuen Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP), non Industria Ingeniaritza Masterra ere egin baitzuen. Bere master amaierako lanak ohorezko matrikula lortu zuen, era bere emaitzak ORAHS (Operational Research Applied to Health Services) eta WSC (Winter Simulation Conference) nazioarteko biltzarretan aurkeztu dira. Gau egun, NUPen hasi da doktoretza ikasketak egiten Komunikazioetako, Bioingeniaritzako eta Energia Berriztagarrietako Teknologiak (Tecomber) izeneko programan.