Ruiseñor/Urretxindorra proiektuan parte hartzen ari diren unibertsitateko ikasleak eta Lehen Hezkuntzako ikasleak
Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) hamalau ikasle jada hasi dira Iruñeko Bernart Etxepare eta Sanduzelai ikastetxe publikoetako haurrei laguntzeko programan. Ruiseñor/Urretxindorra proiektua izena duen ekimen honetan parte hartzen duten unibertsitateko ikasleak haur horien mentore dira kultura eta gizarte topaguneak eta ikaskuntza pertsonaleko guneak sortzeko, laguntza emateko eta haientzat eredu egoki moduan agertzeko xedez.
Programa Unibertsitate Proiekziorako eta Erakundeekiko Harremanetarako Errektoreordetzaren Gizarte Ekintzarako Unitateak sustatzen du eta Hiritartasunari, Bizikidetzari eta Aniztasunari buruzko Unesco Katedraren eta Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren lankidetza dauka.
Ruiseñor/Urretxindorra Proiektuaren seigarren edizioa duela gutxi jarri da abian. Aurkezpen jarduna egin zen eta unibertsitateko ikasleek 2016-17 ikasturte osoan zehar lagunduko dituzten adingabeak ezagutzeko lehen saioa eduki zuten. Ekitaldian parte hartu zuten Eloísa Ramírez Vaquero Unibertsitate Proiekziorako eta Erakundeekiko Harremanetarako errektoreordeak, Mikel Larraza Arbizu Bernat Etxepare ikastetxeko zuzendariak, Rosa Álvarez Blanco Sanduzelai ikastetxeko zuzendariak, bi ikastetxeetako irakasleek eta Gizarte Ekintzarako Unitateko kudeaketariek. Modu horretan ongietorria eman zitzaien aipatu ikastetxeetako haurrei eta beren familiei.
Nafarroako Unibertsitate Publikoak bere Plan Estrategikoaren esparruan sustatzen dituen gizarte erantzukizuneko jardueren barnean kokatzen da proiektu hau. Seigarren edizio honetan, bosgarren edizioan egin zuen bezala, Unibertsitateko Unesco Katedrak laguntza eman du, ikasle mentoreak prestatu eta oro har mentoretza sozialari buruz hausnartzeko guneak sortzeko. Edizio hau kontuan hartuta, 60tik gora dira ekimen honi esker mentore izan direnak, eta bederatzi ikastetxe ekimenaren onuradun izan dira.
Ikasleen zerrenda
Hauek dira Ruiseñor/Urretxindorra proiektuan parte hartzen duten unibertsitateko ikasleak, hurrenkera alfabetikoan, eta egiten ari diren titulazioa ere aipatuz: Leire Angulo Alonso, Irune Ansa Eguilleta, Javier Astrain Azcarate eta Naia Azparren Eguillor (Gizarte Lana), María Franchez Martincorena (Lehen Hezkuntzako Irakasletza), Nekane García Razquin (Gizarte Lana), Santiago Jiménez Rebolé (Lehen Hezkuntzako Irakasletza), Alba López Vildosola (EAZ eta Zuzenbideko Gradu Bikoitza), Rosana Martínez Cala (Nekazaritza Ingeniaritza), Iranzu Morentin González, Katty Pérez Alvarado, Miriam Pérez Sáenz eta Nadia Sudagar Antón (Gizarte Lana) eta Carolina Torres Cherrez (Zuzenbidea).
Heldu den maiatzeraino luzatuko den programaren helburua da harremanean jartzea gazteak kultura eta testuinguru sozial ezberdinetako haurrekin, abiapuntutzat hartuta bien arteko harremana aukera egokia dela esperientzia berriak edukitzeko, trebetasunak jorratzeko eta pertsonen arteko harreman moduak lantzeko. Xedea da esperientziak onura ekartzea tartean diren alderdi guztiei, adingabeei, haien familiei, ikastetxeari, unibertsitateko ikasleei eta Unibertsitateari berari.
Mentoretza gaztelaniaz eta euskaraz
Mentoretza gaztelaniaz eta euskaraz egingo da (adingabeak zer hizkuntzatan ikasten duen, horren arabera), eta unibertsitateko ikasleek aldez aurretik jaso dute prestakuntza, haurrekin egokituko zaizkien egoerei aurre egiteko edo familiarekin zer nolako harremana landu jakiteko. Laguntzeko lanean jarduera ludikoak eta kulturalak egingo dira eskola orduetatik kanpo, astean bi ordutik hiru ordura bitartean. Era berean, Unibertsitateko Gizarte Ekintzarako Unitateak mentoretza banaka eta taldeka egiten duten unibertsitateko ikasleei laguntzen die kontsultarako espazioak sortuz, zailtasun egoerak aztertuz eta ikasturtean sortzen den edozein zalantza argituz.
Mentore izateak berarekin dakar haurrekin denbora partekatzea eta kalitatezko arreta ematea, itxaropen gehiago izan dezaten eta bizitzan esperientzia berriak edukitzeko aukera izan dezaten. Jarduera amaitzean, unibertsitateko ikasleek beren parte-hartzearen ebaluazio-txostena egiten dute. Parte-hartzaile bakoitzak beka bat jasoko du, jarduerak egiten diren bitartean sortzen diren gastuak ordaintzeko xedez.