Joan eduki nagusira

zoom Paola Morales, NUPeko doktore berria.

Paola Morales, NUPeko doktore berria.

Paola Morales Zimmerman Fisikan lizentziadunak materialen diseinu desberdinak proposatu ditu, kristal fotonikoaren modukoak, erradiazio-iragazki gisa erabili ahal izateko. Zehazki, bere lana oinarritu da esfera dielektrikoek osatutako estaldura baten garapenean. Estaldura hori esaterako leiho batean aplikatuko balitz, udan ez litzateke kanpoko beroa barrura sartuko eta neguan barruko beroa ez litzateke kanpora aterako.

Diseinatutako laginek eta lortutako emaitzek bide bat irekitzen dute etorkizunean teknika egoki bat garatzeko material mota hau lortzeko, proben emaitza espero zena izan ez bada ere. Aipatu probak kostu txikiko teknika tradizionalekin egin dira. Hala jasotzen du bere doktoretza-tesiak. Tesiaren izenburua “Efectos de filtrado por recubrimiento de cristal fotónico” da, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) defendatu du.

Kristal fotonikoak material batzuk dira, espazioan errepikatzen diren egiturak eta ezaugarri espezifiko batzuk dituztenak, erradiazioa beste modu batera iragazteko aukera ematen dutenak, beste propietate batzuen artean. Naturan material mota hau Morpho menelaus tximeleten hegoen egituran, kameleoien larruan edo harribitxietan, esaterako opaloetan, aurkitzen dugu. "Tximeletek argiarekin elkarreragina daukan egitura bat daukate. Esaterako, tximeletaren urdinak ez dauka kolore urdineko pigmenturik, baizik eta kolore hori hartzen du bere egiturak argiarekin elkarreragina daukanean", esan du doktoreak.

Paola Moralesek burutu duen ikerketa esferen erabileran oinarritu da iragazte efektua daukan kristal fotonikozko estaldura bat sortzeko. Tesiaren lehen partea oinarritu zen  esferen portaeraren azterketan zenbait aldagairen aurrean, hala nola esferen arteko distantzia, esferen ordena, forma  eta materiala. "Puxtarriak eta zentimetro gutxi batzuetako apaingarri gemak erabili nituen hurrenez hurren esfera eta esferoide gisa, "tamaina handiko" erradiazioarekin: mikrouhinak. Saiakuntza horiek ordenagailuaren bidez egindako ereduekin konparatu ziren, eta egiaztatu zen kointzidentzia oso ona zela. Horri gehitzen badiogu, tamaina gorabehera, egituraren portaera erradioaren aurrean berbera dela, hots, aplikagarria dela nanometro eta metroetan, edo, berdina dena, hala argi-uhinetarako, nola soinu-uhinetarako, baliagarria izan da ‘tamaina txikiko’ erradiaziorako iragazkiak diseinatzeko: "ikusgai-infragorri" erradiaziorako, esan du ikertzaileak. Joaquín Sevilla eta Ángel Andueza Unanua Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko Saileko irakasleek zuzendu dute bere tesia, eta bikain “cum laude” kalifikazioa erdietsi du.

Kostu baxuko fabrikazio prozesuak

Tesiaren bigarren partean materialak fabrikatu eta ikusgai den erradiazioa eta infragorria iragaziko zuen esferen monogeruza bat sortzen saiatu zen. Kostuak merkeagotzeko, ikertzaileak hiru material desberdinez osatutako esferak erabili zituen, haien artean titanio dioxidoa, permitibitate dielektriko handiko material ekonomiko bat bat. "Material horrekin eginak dira, esaterako, txikleak eta hortzetako pastak eta merkea da, baina bere arazoa da tamaina txikiko esferak badira, elkarri itsasten direla. Gure proposamena, elkarrengandik bereizi gabeko esfera dielektrikoekin orain arte egin direnak ez bezala, elkarrengandik bereizitako esferen estaldura bat sortzea zen. Hala ere, ez genuen lortu esferak sakabanatzea".

Lortutako materialak balio izan zuten, ordea, iragazte-efektua egiaztatzeko, baina ikertzaileak onartzen du nahi zituzten monogeruza destrinkotuak ere ez zituztela lortu. "Gure asmoa zen kolorerik gabekoa izango zen eta ikusgaitasun osoa eta iragazte-efektua edukiko zituen monogeruza bat diseinatzea. Egungo estaldurek, kasu gehienetan, zenbait geruza dituzte. Eguzkitako betaurrekoetan, esaterako, iragazpena lortzeko nahiko lodia den mintz pigmentatu bat jartzen da. Monogeruza bat aplikatuko bagenu, askozaz ere material kantitate txikiagoa beharko genuke baina efektu berarekin".

Fabrikazio-emaitzak arrakastatsuak izan ez badira ere, saiakuntzen azterketak eta lortutako laginen karakterizazio zehatzak ateak irekitzen dizkiote, etorkizunean, material mota hori lortzeko teknika egokia garatzeko aukerari.

Curriculum laburra

Paola Morales Zimmerman 2005ean lizentziatu zen Fisikan San Luiseko Unibertsitate Nazionalean (UNSL- Argentina). Ondoren, doktoretza ikasketak egin zituen Nafarroako Unibertsitate Publikoan, non "Komunikazio optikoak eta aplikazio elektronikoak" ikerketa taldeko kidea baita. Nazioarteko aldizkarietako zortzi artikuluren egilea edo egilekidea da, eta hizlari gisa parte hartu du Santiagoko Unibertsitateko udako ikastaro batean, eta Mugaz gaindiko doktoretza jardunaldien  (Cross-border Doctorials) UPPA/UPV-EHU antolaketan. UPV-EHUk eta Université de Pau et des Pays de l’Adourrek (UPPA) antolatu zituzten jardunaldiak.