Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Gobernu Kontseiluak 2016. urteko Ikerketa Taldeen Katalogoa onetsi du. Katalogoan, gaur egungo 105 ikerketa taldeen osaera, ikerketa lerro oinarrizkoak eta harremanetarako datuak zehazten dira. 1.179 ikertzaile ari dira lanean talde horietan. Iazko erroldaren aldean, handitu egin da ikertzaile kopurua (287 ikertzaile gehiago), doktoretza tesia egiten ari diren ikasleak gehitu baititu ofizioz Ikerketa Batzordeak.
Ikerketa taldeak dira ikerketa egituratzeko eta antolatzeko Unibertsitatean dauden oinarrizko unitateak. Lau arlo zabaletan daude antolatuta: Oinarrizko Zientziak eta Osasun Zientziak (32 talde), Ingeniaritza eta Teknologia (26 talde), Giza eta Gizarte Zientziak (26 talde) eta Zientzia Ekonomikoak eta Juridikoak (21 talde).
Arloz arlo, 385 ikertzaile daude Oinarrizko Zientzien eta Osasun Zientzien arloan, 376 Ingeniaritza eta Teknologian, 219 Giza eta Gizarte Zientzietan, eta 199 Zientzia Ekonomiko eta Juridikoetan.
Nafarroako Unibertsitate Publikoaren ikerketa politikak etengabe hobetzea du helburu, hala oinarrizko ikerketan nola aplikatuan, eta jakintza eta teknologia sektore produktibora eta gizartera transferitzea. Hori guztia ikerketa taldeen jardueraren barneko eta kanpoko etengabeko ebaluazio baten bidez egiaztatzen da.
Ikerketa taldeek denboran zehar izandako bilakaerari dagokionez, Nafarroako Unibertsitate Publikoak 74 talde zituen erregistratuak 1999an; 88, 2002an; 98, 2005ean; 105, 2010ean; eta 111, 2012an (kopururik handiena). Azken bi urteotan, 106 ikertzaile izan dira 2014an, eta 105, 2015ean.
Halaber, ikertzaile kopurua aldatu egin da azken hamarkadan: 2006an, 827 ikertzaile zeuden erroldatuta; gaur egun, berriz, 1.179. Azken urteotan, beraz, handitu egin da ikertzaile kopurua. Zehatz-mehatz, 2010ean, 943 ikertzaile zeuden erregistratuta; 2011n, 893; 2012an, 948; 2013an, 903; 2014an, 885; eta 2015ean, 892.
Urteko katalogoa
Ikerketa Batzordeak urtero egiten dituen datu baseen bidez eguneratzen da katalogoa. Onetsi ondoren, argitaratu egiten da katalogoa, Unibertsitateko ikertzaile izan daitezkeenentzat gida gisa balio dezan lehen hurbilketa egiteko.
Unibertsitateen Lege Organikoak (LOU) xedatzen du unibertsitateetako irakasle eta ikertzaileek duten eskubidea eta eginbeharra dela ikerketa eta, nagusiki, ikerketa-taldeetan, sailetan eta unibertsitateko ikerketa-institutuetan egingo dela. Gainera, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuetan ezartzen da instituzioaren "funtsezko eginkizuna" dela ikerketa, "bera baita irakaskuntzaren oinarria, komunitatearen aurrerapenerako baliabidea eta gizarte garapenerako tresna, haren emaitzak gizarteari helarazita. Horretarako, bere egiten du ikerketa zientifiko, tekniko eta artistikoaren garapena, baita ikertzaileen prestakuntza ere".