Joan eduki nagusira

zoom Jesús Irisarri Samanes, NUPeko doktore berria.

Jesús Irisarri Samanes, NUPeko doktore berria.

Sindikatua "giza eskubideak babesten dituen eragilea" izan daiteke,  "globalizazioaren gobernuan" parte hartzen badu. Horretarako, "sindikatu global bat sortu beharko litzateke, erakunde nazionalek ez baizik eta soilik langileek osatua", "nazioz gaindiko negoziazio kolektibo" batean parte hartu eta "hitzarmenen ez betetzea  Giza Eskubideen Nazioarteko Auzitegi baten aurrean salatzeko" gai izango litzatekeena. Baina horren aurretik sindikatuaren "berriztatze demokratiko bat" egin behar da, "langileak kausa horretara erakartzeko".

Hauek dira Jesús Irisarri Samanes (Arguedas, Nafarroa, 1986) Zuzenbidean lizentziadunak  Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUPen) defendatutako doktoretza tesian jasotako ondorio nagusiak. Sindikatuaren, giza eskubideen eta globalizazioaren arteko harremana aztertu du.

Alde horretatik, bere ustez sindikatuak “bere betiko zereginetik harago joan behar du, gizarte bidezkoago baten garapenean parte-hartze handiagoa izateko”. Ikertzailearen arabera, hau ez da lortuko baldin eta giza eskubideak “ez badira berberak pertsona guztientzat, eta, horrez gainera, subjektu guztiek, publiko zein pribatuek, ez badituzte sustatu eta defendatzen”. Alde horretatik, doktore berriak bat egiten du Giza Eskubideen Nazioarteko Auzitegi bat eratu behar dela dioten beste espezialista batzuekin.

Globalizazioa fenomeno gisa

“Giza eskubideak mundu globalizatu batean aplikatzen dira. Tesi honek ez du hartzen globalizazioa prozesu on edo txartzat, baizik eta geratzen ari den eta aukeraz betetako fenomenotzat, baina zorigaiztoko ondorioak eragin ditzakeena oso erraz”, esan du Jesús Irisarrik. José Luis Goñi Sein NUPeko Zuzenbide Pribatuko Saileko katedradunak zuzendu du bere doktoretza-tesia.

“Fenomeno globalizatzailea maila sozial eta bidezkoagoetara bideratzeko helburuarekin”, Jesús Irisarrik ohartarazi du “globalizazioaren gobernua ezin dela oinarritu korporazio ekonomikoen interesetan soilik”. “Behar-beharrezkoa da gobernu demokratiko bat ezartzea, guztien ona lortzera bideratua, eta gizarteko ezein indar bazterrean utziko ez duena, esaterako sindikalismoa”, esan du.

Horretarako, sindikatuak "ezin dio uko egin prozesu globalizatzaileari, eta fenomeno honen onurak baliatu behar ditu bere xedea errazteko, eta langileak berriro erakarri behar ditu kausa sindikalera eta berriro sorrarazi langileen elkartasun unibertsalaren beharra". Hortik eratortzen da “langileen konfiantza erakarriko duen egitura bat sortzea, gehiago afilia daitezen lortzeko, benetako demokrazia bat ezarrita”.

“Afiliatuak eta bere iritziak izan behar dute sindikatuaren ardatza —esan du Jesús Irisarrik—. Horretarako, segurtatu beharko litzateke denek beren iritzia eta botoa emateko aukera izatea komunikaziorako metodo telematikoak, bideokonferentziak edo bilerak egiteko sistema birtualak erabiliz. Zuzendaritza organoak oligarkia sindikalaren adierazpena izatea saihestuko luke berriztatze demokratiko batek. Berriztatze hori bermatuko litzateke zuzendaritza karguetan aritzeko denbora mugatuz, zenbait mekanismo ezarriz, hala nola zentsura mozioak edo konfiantza-arazoak edo zuzendaritza-organoetako kide izateko antzinatasun baldintzak kenduz".

Aldi berean, “lurralde batera mugatutako jarduera sindikala jada ez denez eraginkorra, sindikatuak bere ikuspegia zabaldu eta nazioartekotu egin behar du, eta jarduera hori lan nazionalarekin uztartu”. "Egun, sindikatuen nazioarteko batasunaren oinarria da langileak banaka afiliatu beharrean sindikatuak afiliatzea  nazioarteko erakunde sindikaletara —azaldu du—. Hori dela-eta, izaera globaleko egiazko sindikatu bat sortu beharko litzateke, sindikatu nazionalen ordez soilik langileez osatua".

Langileak kontzientziatzea

Holako sindikatu bat sortzeko langileak kontzientziatzea "ez da bide erraz eta samurra". “Zeregin horretan, bat egin behar dute egungo egitura sindikal, nazional eta nazioartekoek. Horiekin lanean jardunez sindikatu globalaren etorrera ahalbidetzen da", gehitu du.

Giza eskubideei dagokienez  esparru globalean egin beharreko lanaren barruan, tesiaren egilearen iritzian eraginkorrena da nazioarteko esparru hitzarmenak sinatzea enpresa multinazionalen eta erakunde sindikalen artean.  “Hitzarmenak betetzea nahitaezkoa izan behar da, eta harago joan behar da nazioz gaindiko negoziazio kolektibo bat ezarriz —esan du Jesús Irisarrik, zeina Zuzenbidean lizentziatu baitzen 2008an NUPen—. Eginkizun hori ez da enpresarien eta sindikatuen arteko hitzarmenean oinarrituko, baizik eta mundu mailako adostasun bat beharrezkoa izango da, negoziazio hori babestuko duen nazioarteko araubide bat lortzera bideratua, eta, aldi berean, Lanaren Nazioarteko Erakundean [LANE] hiru aldeek egingo lituzketen negoziazioen ondorioa litzatekeena".

Aditu honentzat, arauketa horren edukiak aurrerakoia izan beharko luke. “Hasiera batean —argitu du—, negoziazio kolektibo errazenaren oinarrizko alderdiak arautu beharko lirateke, giza eskubideak, gero, gauza bera egiteko lan-baldintza espezifikoekin, lehenengo enpresakoekin, eta gero sektorekoekin, eta hala sektorearteko hitzarmenak lortzeko”.

Bere iritzian, dokumentu horiek enpresa egitura osoan bete eta aplikatzen direla zaindu behar du sindikatu globalak, eta, betetzen ez badira, Giza Eskubideen Nazioarteko Auzitegiaren aurrean salatu.

“Nazioz gaindiko negoziazio kolektiborako balizko eraikuntza idiliko hori helburu bat da egun, xede sindikal bat. Lortzen ez den bitartean, sindikatu globalaren arma bakarrak  bere helburuak lortzeko izango dira fede onarekin egindako negoziazioa enpresekin eta elkarrizketa soziala botere publikoekin, zeina ez baita gutxi", esan du bukatzeko Jesús Irisarrik.