Unibertsitateko Eztabaida Lehiaketaren edizio honetan izena eman duten ikasleak NUPeko Ikasgelategian daude argazkia ateratzeko jarrita beren bi prestakuntza jardunaldiak hasi baino lehen.
Nafarroako 15 ikastetxetako 67 ikaslek parte hartuko dute hurrengo ostiral eta larunbatean, urriaren 14 eta 15ean, Batxilergoko VII. Eztabaida Lehiaketan. Aurtengo edizioan gai nagusia hau izango da: “Adimen artifiziala arrisku bat al da giza arrazarentzat?” NUPek eta Nafarroako Parlamentuak lankidetzan antolatu dute lehiaketa, eta prestakuntza lantegi bat ere egingo da talde parte-hartzaileak orientatzeko eta lehiaketari buruz dituzten zalantzak argitzeko.
Hiru edo lau ikaslek eta kapitain batek osatzen dituzte taldeak. Lehiaketaren lehen fasea urriaren 14an, ostiralean, egingo da Sario eraikinean, eta finala urriaren 15ean, larunbatean, goizez, 12:30etik aurrera egingo da Nafarroako Parlamentuan. Lehiaketaren irabazleei liburu elektronikoen irakurgailu bana emango diete sari gisa, eta bigarren lekuan sailkatzen direnei tablet elektroniko bana. Lehiaketaren garapenari buruzko informazio osoa Kultura Jardueren Atalaren web-orrian dago kontsultatzeko.
Lehiaketa Batxilergoan ikasketak ematen dituzten Nafarroako ikastetxeei zuzenduta dago. Ikastetxe bakoitzak talde bakar batekin parte hartuko du, eta 2. Batxilergoko ikasleek osatuko dute taldea. Zazpigarren edizio honetan parte hartzen duten ikastetxeetako hamar Iruñekoak dira (Basoko BHI, Navarro Villoslada BHI, Plaza de la Cruz BHI, Cardenal Larraona ikastetxea, Irabia-Izaga ikastetxea, Miravalles-El Redín ikastetxea, Nuestra Señora de El Huerto ikastetxea, Sagrado Corazón ikastetxea, San Cernin ikastetxea eta San Ignacio ikastetxea), eta herri hauetako ikastetxe bana daude: Barañain (Barañáin BHI), Lizarra (Nuestra Señora de El Puy ikastetxea), Martzilla (Marqués de Villena BHI), Azkoien (Ribera del Arga BHI) eta Sarriguren (Santa María la Real ikastetxea).
NUPeko eztabaida jarduerak
Lehiaketa hau NUP eta Nafarroako Parlamentua, unibertsitateko eta Batxilergoko ikasleen artean, azken urte hauetan sustatzen ari diren eztabaida-jardueretako bat da. Batxilergoko 2. ikasmailako gazteei zuzendutako prestakuntzako eta lehiaketako ekitaldia izateko proposatzen da lehiaketa. Aukera bat da ikasleek hainbat trebetasun gara ditzaten. Hala nola jendaurrean mintzatzea, taldean lan egitea, informazioa aztertzea edo argudioak ematea. Beren prestakuntza pertsonalerako oso interesgarriak izateaz gain, gaitasun horiek unibertsitateko gradu ikasketei lotutako zenbait zeharkako eskumen edo eskumen orokor osatzen dituzte.
Epaimahaiak alderdi hauek balioetsiko ditu: sarrera, errefusatze eta ondoriorik onenak; taldearen jarrera, ordena, adierazitakoaren argitasuna eta erraztasuna; segurtasuna eta gaia menderatzea; inprobisatzeko gaitasuna; mintzaira diskurtsoari begira egokia izatea, eta zalutasuna erantzutean.