Joan eduki nagusira

zoom María Antonia Aretio Romero, doktore berria NUPen

María Antonia Aretio Romero, doktore berria NUPen

Bikote heterosexualean, emakumeei genero indarkeria gainditzen laguntzeko modurik eraginkorrena talde terapia da. Hala ere, bere erabilera, praktika profesionalean, "ia anekdotikoa" da. Hau biktimei arreta egiterakoan sartu beharko liratekeen aldaketetako bat baino ez da, Maria Antonia Areitio Romerok, (Logroño, Errioxa, 1966) Gizarte Lanean diplomadunak eta Soziologian lizentziadunak Nafarroako Unibertsitate Publikoan irakurri duen doktoretza tesiaren arabera. Aditu honek eskatzen du, baita ere, "genero ikuspegiaren mendeko esku-hartze profesional egituratu eta global bat", eta zalantzan jartzen ditu "gaurko politikak, lege-salaketa egiteko presioetan oinarritzen baitira". "Gizarte, osasun, lege eta polizia politiketan beharrezkoak dira errotiko aldaketak emakumeei laguntzeko" esan du.

Ikerketak identifikatu ditu, bikote heterosexual baten harremanaren barruan indarkeria dagoenean, zein diren emakumeei hausten laguntzen dieten faktore pertsonalak, psikosozialak eta soziokulturalak. "Horien artean —esan du María Antonia Aretiok— emakumeen ahalduntzea eta autonomia aldezten dituztenak nabarmentzen dira, alegia familia eta gizarte laguntza eta laguntza profesionala, feminitate edo bikote-harremanaren eredu alternatiboetarako sarrera, autonomia ekonomikoa, mendeko ondorengorik ez izatea, genero indarkeriaren aurka dagoen inguru soziokultural batean bizitzea, eta gizarte-zaurgarritasun egoera batean ez bizitzea, hau da, pobrezian edo gizarte-bazterketan, migrazioan edo funtzio-aniztasunean, landa eremuan bizitzea, talde etniko gutxiagotu batekoa ez izatea, edo adinez nagusi izatea".

Egileak atzeman du bikotea hausteko prozesuak "luzea, mingarria eta nahasia" denez, eskatzen duela "erabakia errespetatzea, emakumeetako bakoitzak erabaki baitu eta protagonista baita", eta beharrezkoa duela  "infernu horretatik ateratzeko eta jauzia emateko laguntza anitz eta eraginkorrak, eta horrek ezbaian jartzen ditu gaurko politikak, lege salaketa egiteko presioetan oinarritzen baitira".

Ez pasiboak, ez etsipenak jota ere

Gainera, azterketak nabarmendu du "emakumeek, harremanean zehar, tratu txarra gutxiagotzeko edo galarazteko garatzen dituzten estrategiak, ekintzak eta pentsamenduak zer anitzak diren". "Horrek erabat gezurtatzen du gehienetan egozten zaien pasibotasunaren eta etsipenaren estereotipoa —esan du María Antonia Aretiok—. Erakutsi dute oso aktiboak direla mota guztietako ekintzak egiteko garaian, beren bikoteetan genero indarkeria galarazteko".

Haustura arrakastaz gainditzeko, ikertzaile honen arabera, bi elementu dira beharrezkoak: independentzia ekonomikoa eta autonomia subjektiboa. "Demostratu egin da autonomia hau ezin daitekeela lortu norberaren dekonstrukzio-prozesu sakonik gabe, eta subjektibotasuna berriz eraiki gabe generoen arteko berdintasunean oinarritzen den feminitate-eredu baten arabera —azaldu du María Antonia Aretiok, zeinaren tesia Miguel Laparra Navarrok  (NUP) eta María Jesús Miranda Lópezek  (Madrilgo Unibertsitate Konplutentsea) zuzendu baitute—. Lortu ahal izateko, gainera, ezinbestekoa da esku-hartze profesionala generoaren ikuspegitik egin dadin".

Izan ere, laguntza profesionala da "gutxien egoten dena, gutxien behar dena ez bada ere, indarkeriari aurre egiteko eta gainditzeko beharrezkoak diren laguntza multzoen artean, zeinetan gehien agertzen direnak familiaren eta gizartearen laguntza baitira".

Hutsuneak esku-hartze profesionalean

Ikerketak bikain "cum laude" kalifikazioa lortu du, eta zenbait hutsune aurkitu ditu esku-hartze profesionalean. "Indarkeria jasan duten emakumeen seme-alaba guztiek trauma gogorra pairatu dute hori dela kausa. Hala ere, parte txiki batek bakarrik eduki du arretarik —adierazi du—. Gainera, ikusi da talde-terapia dela emakumeei laguntzeko tresnarik eraginkorrenetako bat. Denek ezinbestekotzat jotzen dute. Hala ere, oso gutxi erabiltzen da esku-hartzean, ia anekdotikoa da. Nabarmena da, alde horretatik, genero indarkeria gainditu duten emakumeek sortutako eta kudeatutako autolaguntza-taldeen eskaera. Alabaina, oso gutxi daude eta administrazio publikoak ez ditu bultzatzen, indarkeriaren trauma gainditzeko laguntza eraginkorra ematen dutela ikusi bada ere. Gehienentzat, sexualitatea da genero indarkeriak bereziki kaltetzen duen arloetako bat, baina esku-hartze profesionaletan ez zaio honi aurre egiten, ia-ia, eta emakumeek ere ez dute eskatzen, eta horren ondorioz emakumeek arazo handiekin bizi dute, eta horrek trabak ekartzen ditu genero indarkeria gainditzeko".

Egileak, tesia egiteko, beren bikotekideekin indarkeriazko harreman bat edo batzuk gainditu dituzten 50 emakumeri egin die elkarrizketa, lau elkarrizketa triangeluar egin ditu profesional kualifikatuekin eta hiru talde dinamika emakumeekin. Ondorioz, tesiak baieztatu du infernu horretatik ateratzea lortu duten emakumeak "balio unibertso berri baten gainean ahalduntzen dira, generoen arteko berdintasuna eta gizarte konpromisoan oinarritzen dena, dela indarkeriaren aurkako borrokan, bai beste elkartasunezko borroketan pertsonalki inplikatuz".

Curriculum laburra

María Antonia Aretio Romero Gizarte Laneko Diplomaduna da Madrilgo Uniberstitate Konplutentsean, eta Soziologian lizentziaduna NUPen, Ikasketa Amaierako Aparteko Sariarekin. Prestakuntza osatzeko, Espezializazio Diploma Osasun Publikoan eta Generoan atera zuen Osasun Eskola Nazionalean.

Urte batzuetan izan da Errioxako Unibertsitateko irakasle ellkartua, baita UHUN-ek komunitate horretan duen Ikastegi Elkartukoa ere. Horretaz gain, María Antonia Aretio, 1989. urteaz geroztik, gizarte langilea da osasun zentroetan, hasieran INSALUD-en eta geroago Errioxako Osasun Zerbitzuan.

Zazpi artikulu argitaratu ditu aldizkari espezializatuetan, kapituluak idatzi ditu zortzi liburutan, zenbait ikerketa aplikatu egin ditu eta komunikazio asko aurkeztu ditu biltzar espezializatuetan. María Antonia Aretio prestatzaile izan ohi da genero gaietan erakunde batzuetan, eta Errioxako Gobernuko Osasun Kontseilaritzaren ordezkaria da Osasun eta Kontsumo Ministerioaren lan talde batean, zeina arduratzen baita genero indarkeriaren, mutilazio genitalaren eta emakumeen trataren aurkako osasun-ekintzarako protokolo komunak prestatzeaz. Gaur egun Errioxako Osasun Zerbitzuko Genero Indarkeriaren aurkako Batzorde Teknikoa koordinatzen du.