Pedro Arnal Atarés (ohorezko irakaslea) eta Carmen Jarén Ceballos (Landa Ingeniaritza eta Proiektuen Saileko irakaslea) makinetako baten aurrean: zurezko “Sanpere” gari-jotzaile bat.
Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) badu mende bat baino antzinatasun handiagoko nekazaritza-makinen eredu didaktikoen bilduma. Hamar pieza dira, zenbait makina-motaren eskala txikiko erreprodukzioak (gari-jotzaile bat, sega-makina bat, ereiteko makina bat, bi arrabol eta bost golde), eta Nekazaritzako Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoko (NIGMET) Nekazaritzako Motorren eta Makinen Laborategian daude gordeta. Alabaina, Unibertsitatearen ondare zientifiko eta teknologikoa biltzen duen NUPeko Zientziaren Museoaren katalogo birtualean ahalik eta arinen sartzeko lan egiten ari da.
"Nekazaritzaren irakaskuntza 1857. urtean sartu zen unibertsitatekoa ez den irakaskuntzan, Moyano Legearekin —azaldu du NUPeko Landa Ingeniaritza eta Proiektuen Saileko ohorezko irakasle Pedro Arnal Atarések—. Urteetan zehar hainbat gorabehera eduki zituen, eta azkenean probintziako institutuetan sartu zen".
Ikasketa errazteko asmoz, agintariek nekazaritza makinen ereduen bildumak eman zizkieten ikastetxeei, eta zenbait kasutan, baita egiazko makinak ere. " 'El Museo Universal' aldizkariaren 21. alean, 1857ko azaroaren 15ekoan, eredu didaktiko hauen aipamen bat egiten da, Madrilen urte hartan egin zen Nekazaritzari buruzko Erakusketa dela medio", esan du Pedro Arnalek.
Atarrabiatik iritsitako piezak
NUPeko bilduma 1914an sortu zen eta dagoeneko martxan ez dagoen Atarrabiako Nekazaritza Perituen eskolatik iritsi zen. "1912an Nafarroako Foru Diputazioak antolatutako Ardogintza Biltzar Nazionala egin zen, eta ekitaldi hau aterpetzeko Atarrabian eraikin hau egin zen, gero Nafarroako Nekazaritza Perituen Eskola izango zena, fatxadako goiko aldean gogorarazten den bezala", esan du Arnalek.
Antza denez, bilduma iritsi zen Atarrabiako Eskolara Iruñeko Bigarren Hezkuntzako Institututik (gaur egungo Plaza la Cruz DBH) edo Iruñeko La Granja Institututik (egun Julio Caro Baroja DBH). "1904. urtean sortu zen Nafarroako eta Baskongadetako Nekazaritza Eskola-baserri Praktikoa, urte gutxiren buruan aipatu La Granja Institutua izatera pasatu zena. Han ematen ziren ikasketek Atarrabiako Eskolan eduki zuten segida, non lortzen ahal baitzen Nekazaritza Peritu titulazio ofiziala", esan du Pedro Arnalek.
NUPeko bilduman zurezko "Sanpere" gari-jotzaile bat dago, eta beste pieza hauek, metalezkoak: "Croskill" motako zokorrak kentzeko arrabola, animalia-trakziokoa, "Nicholson" motako arrabola, animalia-trakziokoa, eskarifikatzeko golde bat, zabalean doigarria, lur-landuaren ildoen arteko zabalera doitzeko, "Howard" motako hortz-area, belarri birakariko "Jaén" golde bat, ildo bakarreko "Bravant" golde bat, belarri bikoitz eta hortz zuzenekoa, zurrustaka ereiteko makina, bazkarako sega-makina bat, animalia-trakziokoa, eta are-golde bat. Atarrabia Eskolako ikasle zaharrek gogoan dute bilduman pieza gehiago zeudela, baina gaur egun inork ez daki non dauden.