Nafarroako errege-erregina Juan III.a Albretekoaren eta Katalina Foixekoaren mandatua, Frantziako erregeari jaurespena egiteko Nemourseko dukerriagatik. 1512ko dokumentu honetan, errege-erreginen eskuz idatziriko sinadurak agertzen dira.
Frantziako Ikerketako Agentzia Nazionalak (ANR frantsesez) Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) parte hartzen duen ikerketa proiektu bat aukeratu du. Nafarroako errege-erreginek 1484tik 1593ra bitartean emandako 7.000 dokumentu pieza berreskuratu eta transkribatzea da proiektuaren xedea. Foru Erkidegoko unibertsitateaz gainera, Frantziako hiru erakundek (Pabeko eta eta Adourreko Herrialdeetako Unibertsitatea, koordinatzaile gisa; Pirinio-Atlantikoetako Agiritegi Departamentalak, Paben; eta École Nationale de Chartes, Parisen) eta Madrilgo Velázquezen Etxeak parte hartzen dute ekimen honetan.
Philippe Chareyre Pabeko eta eta Adourreko Herrialdeetako Unibertsitateko irakasleak koordinatzen du ikerketa, urte anitzeko proiektu bat da (2016-2020), eta mugaz haraindiko diziplinarteko talde bat dauka. Bere aurrekontu osoa 523.848 eurokoa da, eta, neurri handi batean, Frantziako unibertsitatean eta Velázquez Etxean bi ikertzaile kontratatzeko erabiliko dira. Horrez gainera, zenbait prestakuntza jarduera eta lan bilera egingo dira.
Nafarroako Unibertsitate Publikoko taldea hauek osatzen dute: Eloísa Ramírez Vaquero (koordinatzailea) eta Isabel Ostolaza Elizondo, biak Geografia eta Historia Saileko katedradunak, bai eta Susana Herreros Lopetegui ere, Nafarroako Gobernuaren Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuko Dokumentu Ondarea Kudeatzeko Ataleko burua.
Mende bateko historia
Nafarroako errege-erreginek eman zituzten aztergai diren 7.000 dokumentu piezak 1484tik 1593ra bitartean, hots, Katalina Foixekoa eta Juan III.a Albretekoa, Nafarroako monarka eta Bearnoko bizkonde bihurtu zirenetik Enrike III.a Enrike IV.a izenarekin Nafarroako Frantziako errege bihurtu eta bere arreba Katalinak Bearno utzi eta Frantziako gortera joan zen arte.
Dokumentazioa barreiatuta dago zenbait artxibo funtsetan eta beste bilduma batzuetan (batez ere Nafarroa, Pabe eta Parisen), eta funtsezko helburuetako bat da "online" datu-base bat egitea, dokumentu corpus osorako sarbide irekia ahalbidetuko duena. Aldi berean, "ACRONAVARRE: Nafarroako errege dokumentuak (XV. eta XVI. mendeak)" izeneko proiektuaren bidez zenbait lan egingo dira, kantzelaritzako ohitura, subiranotasun kontzeptu, harreman politiko, erresumaren antolaketaren analisia eta abarrei buruz.
"Proiektuak ekarpena egingo du informazio lehen eskutik jasotzeko ez ezik baita hobeki ezagutzeko ere soilik Nafarroakoak ziren azken errege-erreginen garai konplexua, Frantzian zituzten interesak, Modernitatearen hasiera, Frantziako erlijio gerrak eta Frantziaren eta Espainiaren arteko harremanak XVI. mendean", esan du Eloísa Ramírez Vaquero katedradunak.