Joan eduki nagusira

zoom Proiektuan parte hartzen duen taldeko zenbait kide. Zutik, Isaac Royo Silvestre (ezk.) eta Juan Jesús Beato López. Eserita, Ion Goizueta Crespo. Aurrean, robotaren zati bat.

Proiektuan parte hartzen duen taldeko zenbait kide. Zutik, Isaac Royo Silvestre (ezk.) eta Juan Jesús Beato López. Eserita, Ion Goizueta Crespo. Aurrean, robotaren zati bat.

Nafarroako Unibertsitate Publikoa (NUP) eta Altsasuko GettinG Robotika enpresa nafarra lan egiten ari dira robot adimentsu baten prototipoan, zeinak, ikusmen artifizialari eta lebitazio magnetikoari esker, pieza industrialen fabrikazioa hobetuko baitu. Proiektuak 596.278 euroko laguntza ekonomikoa jaso du (315.131 mailegu moduan eta 281.147 dirulaguntza moduan), Ekonomia eta Lehiakortasunaren Ministerioaren B+G+b Industria Programaren barruan, Erronkak-Lankidetzak kategorian.

Nafarroako enpresaren eta NUPen arteko laguntzak bizar-kentzea hobetu nahi du. Hau industria prozesu bat da  piezari amaiera emateko egiten dena, zeinean pieza urtuetan edo mekanizatuan sortzen den metal, plastiko edo beste substantzia baten material soberakina (bizarra esaten dena) deuseztatu egiten baita. Horrela irregulartasunak kentzen dira eta piezaren gainazala fintzen da, leuntze edo bukaera ederra lortzeko. Askotan, bizar-kentzeko prozesua eskuz egin ohi da, eta horretarako hainbat lanabes erabiltzen da, landu nahi den piezaren formaren eta material motaren arabera.

Ikerketa proiektu honen izena BISSENINT da (Robota Adimentsuki Gidatzeko Sistema Bisentsoriala izenaren sigla), eta GettinG Robotika enpresak gidatzen du. Hau ingeniaritza enpresa bat da, bizar-kentzeko zelula robotizatuak diseinatzen eta fabrikatzen dituena, forja eta fundizioko piezetarako.

Proiektuaren helburua da bizar-kentzeko prozesua robot industrial batek egitea, modu adimentsuan. Robotaren adimenaren parte bat lortzen da ikusmen artifizialeko gidatzeko sistema baten bidez.

"Ikusmen artifiziala adimen artifizialaren arlo bat da, zeinaren helburua baita ordenagailu bat programatzea eszena bat aztertu eta interpretatu ahal izateko moduan —azaldu du Jeser Zalba Olcoz NUPeko Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko Saileko irakasleak—. Bizar-kentzeko prozesuari aplikatuz gero, ikusmen artifizialeko sistema batek aukera ematen du aztertzen ari den piezaren 3D erreprodukzio bat egiteko, eta hortik abiatuta, gero robotak gidatzeko informazioa lortzen ahal da. Honela, piezen posizio eta morfologia aldaketak konpentsatzen ahal dira, eta informazio hori erabiltzen ahal da robotak bizar-kentze prozesuan segitu behar duen ibilbidea egokitzeko".

Kontakturik gabeko piezak

Gainera, robot adimentsuari lebitazio magnetikoa aplikatzen zaio. Metodo honetan objektu bat airean eskegita egoten da eremu magnetiko baten eraginez. Horrela, bere piezetako bat robotaren gainerakoari lotua gelditzen da kontaktu fisikorik gabe, eta horri esker oztopoak gainditzen ahalko dira fabrikazio-prozesuan. NUPeko Fisika Saila proeiktuaren alor horretan lan egiten ari da.

Proiektu honetan parte hartzen duten ikertzaileek lehen prototipo bat prestatu dute eta bigarren robota diseinatzen ari dira. NUPeko Fisika Saileko Cristina Gómez Polo, José Ignacio Pérez de Landazábal eta Vicente Recarte Callado irakasleak dira (hirurak dira NUPeko INAMAT—Institute for Advanced Materials institutuko irakasleak) eta Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko Saileko Mikel Arizaleta Arteaga eta lehen ere aipatu dugun Jeser Zalba irakasleak.

Gainera, prototipoen diseinuan eta exekuzioan laguntzen ari dira Ion Goizueta Crespo eta Isaac Royo Silvestre ingeniariak eta Juan Jesús Beato López fisikaria.