Joan eduki nagusira

zoom Miguel Ángel Camacho Fantoba, diseinatu duen exoeskeletoarekin, NUPek Tuteran duen laborategi batean.

Miguel Ángel Camacho Fantoba, diseinatu duen exoeskeletoarekin, NUPek Tuteran duen laborategi batean.

Miguel Ángel Camacho Fantobak (Cortes, Nafarroa, 1990) Diseinu Mekanikoko Ingeniaritzako titulua lortu du Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Tuterako campusean, gradu amaierako lana defendatu ondoren. Exoeskeleto antropomorfiko baten egitura mekanikoa garatu du goiko gorputz adarren errehabilitaziorako. Juan Ignacio Latorre Biel Mekanika, Energetika eta Materialen Ingeniaritza Saileko irakasleak zuzendu du proiektua, hamarreko kalifikazioa erdietsi du eta Erriberako hiriburuan ematen diren bi graduen arteko lankidetzaren erakusgarri da: aipatu den Ingeniaritzako Gradua eta Fisioterapia Gradua. Gradu horietako irakasleek ikaslea aholkatu dute.

Exoeskeletoa gailu bat da, goiko gorputz adar batean edo bietan mugikortasun mugatua duen pertsona bati ahalbidetzen diona errehabilitazio ariketak egitea gihar masa garatzeko eta besoko eta eskumuturreko mugimenduak berriz ikasteko. Xede horrekin, Miguel Ángel Camachok funtzionamendu modalitate desberdinak aurreikusi ditu (ariketa pasiboa, erdi-aktiboa eta aktiboa). Horrenbestez, exoeskeletoak zenbait serbomotor (motor elektrikoak) ditu, mekanismoa beso bakoitzean gehienez ere bost maila desberdinetan abiarazteko gai direnak.

Zehazki, exoeskeletoak ariketa pasibo bat garatzeko aukera ematen du, zeinean gaixoaren besoa mugitzen baitu mekanismoak.  Beste aukera bat da ariketa erdi-aktibo bat egitea, zeinaren bidez ariketaren parte bat modalitate aktiboan egiten baita, besoaren mugikortasunaren mugara iritsi arte. Kasu horretan, mugimendu pasiboa hasten da.  Hirugarren funtzionamendu modalitatea mugimendu aktiboan dago oinarrituta, zeinean exoeskeletoaren giltzadurek nolabaiteko eragozpen bat jartzen baitiote goiko gorputz adarretan mugikortasuna duen gaixoari, ariketa egin dezan.

Errehabilitazio kliniketan erabiltzeko

Diseinatutako sistema gorpuzkera eta garaiera desberdineko pertsonentzat egokitzeko aukera dago. Behar bezala erabiltzeko, sistema leku jakin batean jarri behar da, errehabilitazio klinikak dituzten instalazioetan erabiltzeko pentsatuta baitago gailua.

Exoeskeletoak zenbait pieza ditu, elkarri lotuta daudenak, eta biraketa egiteko aukera ematen dute goiko gorputz adarrek dituzten giltzaduren mugimendu naturalak ahalbidetzeko. Exoeskeletoaren osagaiak diseinatu dituzte egon daitezkeen erabiltzaileen segurtasuna eta erosotasuna emateko, eta, aldi berean, erabiltzaileen goiko gorputz adarren errehabilitazioa ahalbidetzen da.

Bere gradu amaierako lana egiteko,  Miguel Ángel Camachok, zeinak mugitzeko mugak dituzten gaixoen errehabilitazioan aplikatutako teknologietan interesa baitauka, bere ikasketetan lortutako Diseinu Mekanikoko Ingeniaritzako ezagutzak baliatzeaz gainera, Fisioterapiako irakasleen aholkularitza izan zuen, eta horri esker diseinatutako sistema zehatz-mehatz definitzeko aukera izan zuen.

Egun, Guardian Navarra S.L. enpresako Kalitate eta Etengabeko Hobekuntzako  departamentuan lan egiten du.  Tuterako enpresa horrek arkitekturarako beira egiten du.