Joan eduki nagusira

Hari gabeko komunikazio sistemak dira "Zientzia tabernan" saileko bideo berriaren gaia, izen bereko web-orrialdean argitaratu berri dena. Francisco Falcone Lanas, Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko Saileko eta Smart Cities Institutuko (ISC) ikertzaileak teknologia mota horren azken aplikazioak azaltzen ditu, besteak beste, domotikan eta garraioan. NUPek berak jarri du abian ekimen hau, Zientziarako eta Teknologiarako Espainiako Fundazioak (FECYT) – Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioak finantzatu du, eta xede nagusia da eduki zientifiko eta teknologikoak  jende guztiarentzat zabaltzea hizkera errazean eta ulergarrian. 2014tik gaur arte zabaldu diren 22 bideoek 211.200 bisita eduki dituzte guztira.

Saileko bideo berrian, Joaquín Sevilla Moróder, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko Saileko irakaslea, eta Javier Armentia Fructuoso, Iruñeko Planetarioko koordinatzailea, solasean ari dira Unibertsitatean (Arrosadiko campuseko Jantokietako eraikinean, Iruñean) Francisco Falconerekin. Ikertzaileak hari gabeko komunikazio sistemen adibideak ematen ditu, zehatz-mehatz, erabiltzaileen eta aplikazioen artean interakzioa egoten den ingurune adimendunetako aplikazioetara bideratutako sistemen adibideak. Esate baterako, ibilgailu bat errepideko farolekin komunikatzen da zirkulazioari buruzko informazioa (istripuak, auto-ilarak...) eman diezaioten, edo Internetera konektatutako hozkailu batek abisatu egiten du elikagai jakin bat bukatu denean. Horrez gainera, hari gabeko teknologien ondorioak ere aztertzen ditu ikertzaileak, hasi pribatutasunetik eta emisio erradioelektrikoekiko babeseraino.

Taberna, bideoen elkargune

zoom Bideoaren fotograma hauekin: (ezkerretik eskuinera) Francisco Falcone, Javier Armentia eta Joaquín Sevilla

Bideoaren fotograma hauekin: (ezkerretik eskuinera) Francisco Falcone, Javier Armentia eta Joaquín Sevilla

Ziklo honetako ikus-entzunezko pieza laburren elkargunea da denak taberna batean gertatzen direla. Joaquín Sevilla eta Javier Armentia dira protagonistak. Taberna bati dagozkion elementuak erabiltzen dituzte beren esperimentuetarako, esaterako katiluak, platerak, kopak edo kafeontziak, eta hori dela-eta, beren esperimentu horiei "esperimentu tabernarioak" esaten diete. Horrela, zenbait arazo zientifikoren arrazoia aurkitzen dugu: materia iluna zer den, arratsak zergatik diren gorrixkak, zenbat denbora behar den patata bat egosteko, edo zergatik ematen duen Iruñeko Udal plazak hain handia txupinazo egunean. Gehien ikusi den lana "Zergatik lurruntzen zaizkit betaurrekoak?" izan da, kondentsazioaren fenomenoa azaltzen baita bertan. 32.750 bisita baino gehiago eduki ditu.

Ilargiaren erakarmena

Bideoak www.cienciaenelbar.com webgunean eta http://www.youtube.com/user/cienciaenelbar Youtube kanalean ikusten ahal dira.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Kultura Zientifikoaren Unitateak (KZU) bultzatzen du proiektua, eta Iruñeko Planetarioak eta ID punto cero tabernak laguntzen dute. Abiapuntutzat hartzen du Zientziaren Lagunen Klubak 2013an martxan jarri zituen "Zientziaren ostegunak" (gaur egun "Zientzia tabernan"), gai zientifikoak lasai eta lagunarteko giroan jende guztiarengana hurbiltzeko xedez sortu zen ekimena.