Joan eduki nagusira

zoom José Luis Iriarte Ángel katedraduna.

José Luis Iriarte Ángel katedraduna.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP), datorren ostiralean, irailak 9, ospatuko du 2016-2017 ikasturtearen hasiera ekitaldia. Ekitaldia 12:00etan hasiko da, Sario eraikineko Fernando Remacha aretoan (Arrosadiko campusa, Iruñean). Alfonso Carlosena Unibertsitateko errektorea eta Uxue Barkos Berruezo Nafarroako Gobernuko lehendakaria izango dira ekitaldian buru. Horiekin batera Foru Erkidegoko agintari nagusiak eta unibertsitate komunitateko kideak egongo dira.

José Luis Iriarte Ángel Nafarroako Unibertsitate Publikoko Nazioarteko Zuzenbide Pribatuko katedradunak irakurriko du hasierako ikasgaia. Ikasgaiaren izenburua hau da: "Nazioarteko negozioak eta giza eskubideak".

Ekitaldia hasteko, segizio akademikoaren desfilea izango da, eta Inés Olaizola Nogales Unibertsitateko idazkari nagusiak 2016-2017 ikasturteari dagokion oroitidazkia irakurriko du. Ondoren hasierako ikasgaia izango da, eta geroago Alfonso Carlosena errektoreak eta Uxue Barkos Nafarroako Foru Erkidegoko lehendakariak hitz egingo dute. Azken honek emango dio hasiera ofiziala 2016-2017 ikasturteari. Ekitaldian, erretiroa hartu duten langileak eta erakundean zerbitzu ematen 25 urte igaro dituztenak ere omenduko dituzte, eta hildakoentzako oroitzapen-une bat ere izango da.

Hasiera ekitaldian, 2016ko NUP Alumni nabarmenaren I. Saria emango zaio Pablo Rodríguez Rodríguezi.Telekomunikazio Ingeniaritzako tituluduna da eta Telefónica Alpha espainiar multinazionalaren epe luzerako ikerketa eta berrikuntza unitateko kontseilari delegatua.

Enpresa eta giza eskubideak

Hasierako ikasgaian, José Luis Iriarte Ángel katedradunak azalduko du nola jokatzen duten mendebaldeko zenbait enpresak berenak ez diren herrialdeetan, gehiegikeriazko lan-baldintzak ezarriz, ingurumenaren aurkako atentatuak eginez edo eskubide zibil eta politikoak urratuz. Hizlariak errepasatuko ditu jokabide horiek galarazteko edo arintzeko mekanismo juridikoak, esaterako Nazio Batuen Jarraibide Nagusiak enpresei eta giza eskubideei buruz.  Gainera, enpresek hartzen dituzten prebentziozko neurriak azalduko ditu, esaterako gizarte erantzukizun korporatiboa (GEC) edo gardentasuna. Azkenik, epaitegietatik kanpo kaltetuen eta multinazionalen artean lortu diren hitzarmen batzuen berri emango du, baita gaiari buruzko jurisprudentziarik berriena ere.

José Luis Iriarte Ángel (Sestao, Bizkaia, 1957) Zuzenbidean lizentziaduna da (espezialitate juridiko-ekonomikoa) Deustuko Unibertsitatean (1979) eta gai horretan bertan doktore titulua eskuratu zuen Madrilgo Unibertsitate Autonomoan (1984). Irakaslea izan da Kantabriako eta Deustuko unibertsitateetan. NUPera katedradun etorri zen 1997an, eta bertan Europar Batasuneko Jean Monnet Katedra zuzentzen du 2010etik. Gainera, Britaniar Columbiako Unibertsitateko irakasle bisitaria da (Vancouver, Kanada).

Nazioarteko kontratazioan espezializatuta dago José Luis Iriarte, eta ikerketak egin ditu Cambridgen (Erresuma Batuan) eta Harvarden (Estatu Batuak), eta zenbait monografia argitaratu ditu; horretaz gain, bere espezialitateari buruzko hitzaldiak eta ikastaroak eman ditu Europa, Amerika eta Asiako hogeiren bat herrialdetan.

Eduki dituen kudeaketa-karguen artean, nabarmena da izan dela Nafarroako Unibertsitate Publikoko Europako Konbergentzia eta Harreman Instituzionaletarako errektoreordea (2003-2007).