Joan eduki nagusira

zoom Trukeko ikasle atzerritarretako batzuk Nafarroako Unibertsitate Publikora iristean.

Trukeko ikasle atzerritarretako batzuk Nafarroako Unibertsitate Publikora iristean.

27 herrialdetako 118 ikasle atzerritarrek Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) egingo dute 2016-2017 ikasturteko udazkeneko seihilekoa irakaskuntza-erakundeak eskaintzen dituen nazioarteko mugikortasuneko bost programen barruan. Gazte atzerritarrei Foru Erkidegorako etorrera errazteko, beste 45 gaztek, nafar unibertsitateko boluntarioek, Buddy Programan parte hartzen dute. Nazioartekotze Errektoreordetzak sustatutako harrera-ekimen bat da programa hori.

Buddy programan, NUPeko 45 ikasleen egitekoa atzerritarrei Iruñea eta Unibertsitatea ezagutzen laguntzea da eta beste hainbat kontutan laguntzea, hala nola egoitza bilatzen edo zenbait tramite egiten.

Kanpo Harremanetarako Atalak eta Unibersitate Arretarako Unitateak kudeatzen dute ekimen hori, eta Unibertsitateak ikasle atzerritarrei seihileko bakoitzean egiten dien ongietorria osatzen du. Ongietorriaren barnean ematen zaizkien zerbitzuen artean dago  astebeteko iraupena duen espainierako doako ikastaro trinko bat Unibertsitateko Hizkuntzen Goi Ikastegian. Hain zuzen ere ikasle horietako 80k egingo dute aipatu monografikoa, irailaren 8ra, ostegunera arte. Harrera saio bat, espainiera ikasteko eskaintzari buruzko informazio-hitzaldia eta Iruñera bisita ere antolatu dira.

Ikasleak herrialdeen arabera

Ikasleak (79 emakumezko eta 39 gizonezko) 27 herrialdetatik etorri dira, gehienak Europakoak. Zifrak xehatzen badira, emaitza hauek ditugu: Europako 60 ikasle; Amerikako 33; Asiako 21; eta Ozeaniako lau.

Jatorriari begira, europarrak hamabost herrialdetatik etorri dira, honela banatuta: Frantzia (18), Italia (12), Alemania (7), Portugal eta Turkia (bakoitza 4rekin) Austria, Belgika, Danimarka, Irlanda eta Lituania (bakoitza 3rekin) eta gainerakoak, batekin: Holanda, Letonia, Polonia, Txekiar Errepublika eta Suedia.

Amerikako ikasleei dagokienez, Mexikotik etorri dira gehienak (16), eta ondoren Txiletik (5), Estatu Batuetatik eta Uruguatik (bakotzetik 3), Kanadatik eta Ekuadorretik (bakoitzetik 2) eta Kolonbiatik eta Perutik (bakoitzetik bat).

Ikasle gehien bidali dituen Asiako herrialdea Txina da, 15 ikaslerekin; atzetik datoz Taiwan eta Japon, hirurekin. Azkenik, Australiako lau ikasle datoz Ozeaniatik.

Nazioarteko eta nazioko truke-programak

Erasmus programako 48 ikasle daude (Europako ikasleekin trukea egiteko). Gainerakoak (70) Nafarroako Unibertsitate Publikoarenak diren bi programa berekikoak dira (Palafox, Amerika Latinorekin trukatzeko, 26 ikaslerekin; eta Martín de Rada, Asia eta Itsaso Bareko herrialdeekin trukatzeko, 21 ikaslerekin), edo bestela ISEPekoak (Estatu Batuekin eta munduko gainerako herrialdeekin trukatzeko), eta aldebiko hitzarmenetakoak. Programa hauek aurrera eraman daitezke Nafarroako Unibertsitate Publikoak hitzarmenak izenpetu dituelako 50 naziotako goi mailako 300 erakunderekin.

Atzerriko 118 ikasle horietatik, 30 geratuko dira Nafarroako Unibertsitate Publikoan udaberriko seihilekoa egitera. Seihileko hau datorren urteko otsailaren 2an hasiko da.

Gainera, Nafarroako Unibertsitate Publikoak hartuko ditu seihileko honetan Espainiako zazpi unibertsitatetako hamabi ikasle, SICUE nazioko mugikortasun-programaren barruan. CRUEk (Espainiako Unibertsitateetako Errektoreen Konferentzia) kudeatzen du programa hau. Ikasleak Andaluziatik, Balearretatik, Valentziako komunitatetik, Galiziatik, Errioxatik, Madrildik eta Euskal Herritik etorri dira.