Joan eduki nagusira

zoom Aurreko ikasturtearen hasierako irudii bat, Iruñeko Arrosadiko campusean.

Aurreko ikasturtearen hasierako irudii bat, Iruñeko Arrosadiko campusean.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) graduko 22 titulazioetako 7.000 bat ikasle ikasgeletara itzuliko dira hurrengo astean Iruñeko eta Tuterako campusetan. Ikasle guztiek irailaren 9an, ostiralean, hasiko dituzte 2016-2017 ikasturteko eskolak. Nolanahi ere, lehen ikasmailan matrikulatutakoek hitzordua dute bezperan, irailaren 8an, ostegunean, Harrera Egunerako.  Egun horretan, lehen ikasmailako 1.755 ikasleek informazio saio batean parte hartuko dute lehendabizi. Titulazio eta zerbitzuen aurkezpenak egingo dira, eta bisita gidatuak Liburutegira.

Harrera Eguna hiru campusetan egingo da (Arrosadia eta Osasun Zientziak, Iruñean, eta Tuteran), eta hilaren 8ko goizean egingo da zenbait saiotan banatuta titulazioaren arabera. Unibertsitatearen webgunean kontsultatzeko dago horri buruzko informazioa . Fakultate eta Goi Mailako Eskola Tekniko bakoitzeko zuzendaritza-taldeek ikasketei buruzko azalpenak emango dituzte. Gero, lehen ikasmailako ikasleek informazioa jasoko dute bi "online" zerbitzuri (zerbitzuen ataria eta NireIkasgelategia) eta Mentoretza Programari buruz.

Zerbitzuen atariaren bidez, Unibertsitatean matrikulatutako ikasleek sarbidea daukate, esaterako, web postara, ikasketa-espedientera, Liburutegiko zerbitzu jakin batzuetara edo jarduera eta ekitaldien agendara, bai eta NireIkasgelategira ere. NireIkasgelategia irakasteko, ikasteko eta lankidetzan aritzeko plataforma birtual bat da, ikasleek Unibertsitatean dauden bitartean beharrezkoa dutena. Plataformak hainbat zerbitzu eskaintzen dizkie ikasleei. Esaterako, matrikulatuta dauden irakasgaietarako sarbidea.  

Bestalde, Mentoretza Programaren bidez Unibertsitateko ikasleek irakaskuntza eta administrazio gaietan informazioa eta orientazioa ematen diete beren titulazio bereko lehen ikasmailako zazpi ikasleri gehienez ere. Harrera Eguneko saioak bi ordu inguruko batez besteko iraupena izango du, eta Liburutegira egingo den bisita batek emango dio amaiera.

Biharamunean, irailaren 9an, ostiralean, hasiko dituzte eskolak graduko ikasleek. Talde, ordu eta ikasgelei buruzko informazioa Unibertsitatearen webgunean dago kontsultatzeko.

Ikasturtearean hasiera-ekitaldia

2016ko irailaren 9an, ostiralean, 12:00etan, ospatuko da 2016-2017 ikasturtearen hasiera ekitaldia Sarioko Fernando Remacha aretoan. Ekitaldian izango dira Alfonso Carlosena errektorea eta Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko lehendakaria.

José Luis Iriarte Ángel Nafarroako Unibertsitate Publikoko Nazioarteko Zuzenbide Pribatuko katedradunak irakurriko du hasierako ikasgaia.  Ikasgaiaren izenburua hau da: "Nazioarteko negozioak eta giza eskubideak". Omenaldia egingo zaie, halaber, erakundean zerbitzu ematen 25 urte igaro dituzten langileei eta erretiroa hartu dutenei, eta zendutako pertsonak oroituko dituzte. Ekitaldian, 2016ko NUP Alumni nabarmenaren I. Saria emango zaio Pablo Rodríguez Rodríguezi.Telekomunikazio Ingeniaritzako tituluduna da eta Telefónica Alpha Telefonica espainiar multinazionalaren epe luzerako ikerketa eta berrikuntza unitateko aholkulari nagusia.