Nafarroako Unibertsitate Publikoak NUP Alumni Nabarmenaren I. Sariaren deialdia egin du, Unibertsitatearen ikasle ohiek hainbat lan-eremutan eduki duten ibilbidea saritzeko. Lehen sari hau Pablo Rodríguez Rodríguez (Langreo, Asturias, 1972) ikaslearentzat izan da. Rodríguezek 1995ean lortu zuen Telekomunikazio ingeniari titulua NUPen, eta bere lan-ibilbidea Estatu Batuetan, Erresuma Batuan eta Espainian garatu du. Gaur egun Telefónica Alpha-ko kontseilari delegatua da. Hau multinazional espainiarraren epe luzerako ikerketa eta berrikuntza unitatea da.
Pablo Rodríguez, NUPeko Telekomunikazio Ingeniaritzaren ikasketak lehen promozioan egin eta gero, atzerrira joan zen bere prestakuntza osatzeko. Lehenik Londreseko King’s Collegera (Erresuma Batua) joan zen, masterra egitera; eta gero Lausanako Politekniko Federalera (Suitza), non doktore titulua eskuratu baitzuen, Informatikan.
Pablo Rodríguezek, 2006an, Telefónica I+D ikerketa taldea sortu zuen, Europako puntako laborategitzat hartua dena, beste batzuekin batera. 2010etik aurrera multinazionalaren Berrikuntza Unitatea kudeatu du, eta ikerketaren emaitzak zenbait negozio-lerrotara lekualdatu ditu: "big data" izenekora, telebista eta bideo-edukien zabalkundera edo gauzen Internetera, esaterako.
Cambridgeko Microsoft Research-en (Erresuma Batua) ere lan egin izan du, non berriz diseinatu baitzuen Windowswko segurtasuneko gaurkotzeen sistema, 300 milioi ordenagailutan baino gehiagotan zabalduta dagoena; New Yorkeko Bell-Labs-en ere (Estatu Batuak) lan egin izan du. Han algoritmo oso konplexuak sortu zituen, web-aren errendimendua azkarragotzeko mundu mailan erabiltzen diren mugikorren-sareetan; eta Silicon Valley-ko (Kalifornia) zenbait "start-up"etan ere lan egin izan du, esaterako Inktomi-n (Google agertu baino lehen bilaketa-motor handiena zena).
Laguntzailea El Bulli-n eta Barça taldean
Epaimahia, erabakia hartu baino lehenago. Ezkerretik eskuinera: Rafael Rodríguez Trías (TIIGMETeko zuzendaria), Emilio J. Domínguez (Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateko dekanoa), Nekane Oroz (zuzendari nagusia Nafarroako Gobernuan), Cristina Bayona (errektoreordea), Ainhoa Aznárez (Nafarroako Parlamentuko burua), Idoya Zabaleta (A3U Programako zuzendaria), Joaquín Ansa (Gizarte Kontseiluko burua) eta Iosune Pascual (Unibertsitate-Gizarte Fundazioko zuzendari kudeatzailea).
Pablo Rodríguezek IEEE Fellow eta ACM Fellow sariak eskuratu ditu (Estatu Batuetako zientzialari eta ingeniarien bi elkarte garrantzizkoenak), 200 artikulu zientifiko baino gehiago idatzi ditu eta hogeita hamar patente egin ditu. 2010etik 2012ra Columbiako Unibertsitateko (New York) Informatika Saileko irakasle atxikia izan zen.
Gainera, NUPeko ikasle ohi hau Data Transparency Lab gizarte-proiektuaren sortzaileetako bat da (zeinean parte hartzen baitute FireFoxek, Massachusettseko Institutu Teknologikoak eta Open Data Institute erakundeak) web-aren gardentasuna eta datuen pribatutasuna hobetzeko. Gainera, El Bulli jatetxea sortu zuen Ferran Adriá sukaldariarekin elkarlanean aritzen da, gastronomia konputazionalaren arloan, baita Barcelona Futbol Club taldearekin ere, futbolari aplikatutako "big data"ren arloan.
NUPen inbertitzeko onurak
NUP Alumni Nabarmenaren I. Saria urterokoa izateko asmoarekin sortu da, eta balio nahi du ikusarazteko unibertsitate komunitateari, bereziki, eta gizarteari, orokorki, unibertsitate prestakuntzak egresatuen garapen pertsonal eta profesionalean duen garrantzia, eta beraz, NUPen egiten den inbertsio publikoaren onura nolakoa den.
Ekimen honen beste helburu bat da NUPen eta bere ikasle ohien arteko harremana bultzatzea eta denok instituzio bereko parte garelako sentimendua. Sari hau lortzen duten ikasleen adibideak balio izango du beren etorkizun profesionalaren kezka daukaten ikasleen pizgarri izateko, baita Unibertsitateak etorkizun horretan jokatzen duen papera nabarmentzeko ere.
Saria eta epaimahaia
Sariak ez du diru-zuzkidurarik, baina irabazleak opari bat eta diploma bat jasoko ditu irailaren 9an, ostirala, Unibertsitatearen 2016-2017 ikasturtearen hasiera ekitaldia kari. Aurrerakoan, saritua Alumni Programa ohorezko kidea izango da. Halaber, NUPen irakaskuntza, ikerketa edo zabalkunde jardueraren batera parte hartzera gonbidatuko dute.
Epaimahiak 27 hautagairen ibilbidea aztertu du saria eman baino lehen, eta epaimahaikideak hauek dira: burua, Cristina Bayona Sáez (Ikasleen gaietarako, Enplegurako eta Ekintzailetzarako errektoreordea); kideak, Joaquín Ansa Erice (Unibertsitateko Gizarte Kontseiluaren burua), Ainhoa Aznárez Igarza (Nafarroako Parlamentuko burua), Emilio J. Domínguez Irastorza (Unibertsitateko Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateko dekanoa), Nekane Oroz Bretón (Nafarroako Gobernuko Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusia), Iosune Pascual Azcárate (Unibertsitate-Gizarte Fundazioko zuzendari kudeatzailea) eta Rafael Rodríguez Trías (Unibertsitateko Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoko zuzendaria). Idoya Zabaleta Arregui (Unibertsitatearen adiskide eta ikasle ohien A3U Programako zuzendaria) idazkari arituko da.