Irisgarritasunak, jende guztiak espazioak, ekipamenduak eta zerbitzuak baldintza berekin erabiltzeko betekizun gisa, "gabezia ugari" ditu, eta gabezia horiek baldintzatu egiten dute, bai eta ezerezean utzi ere. Profesionalen esku-hartzeari esker eta legeriak irisgarritasuna oinarrizko eskubideak egikaritzeko oinarrizkotzat ezartzen duelako egin diren aurrerapenak onartu arren, "kudeaketan edo jendeari arreta ematen aritzen diren taldeak prestatzeko beharrak orokortua izaten jarraitzen du", Javier Miranda Erro (Iruñea, 1959) Zuzenbidean lizentziadunak eta Gizarte Moderno Aurreratuetako Aldaketa Dinamikei buruzko Masterra daukanak Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) irakurri duen doktoretza tesian jasotakoaren arabera.
“Gabezia horiek eskubide-urraketak nagusi diren errealitate bat irudikatzen dute, eta teknikariek eta, bereziki, kudeatzaile politikoek daukaten pertzepziotik oso bestelakoa da, haientzat irisgarritasuna behar bezala hartzen baita aintzat prozesuetan. Beraien iritzian —esan du adituak—, dauden gabeziak ez dira kasu bakanak besterik ".
Ikerketaren xedea da eskubidearen eraginkortasuna egiaztatzea gai horretan, eta bere abiapuntua da irisgarritasun unibertsala "funtsezkoa dela edozein giza jarduera inklusibo hasteko, gizarteak eskaintzen duen guztiarekin elkarri eragiteko aukera ematen baitu, eta, irisgarritasunik gabe ezinezkoa da elkarri eragitea", esan du tesiaren egileak. Roger Campione NUPeko Zuzenbide Publikoko Saileko Zuzenbidearen Filosofiaren arloko irakasleak zuzendu du tesia.
Oinarri teorikoak eta arau-garapena abiapuntu gisa hartuta, landa-lan kuantitatibo eta kualitatibo baten bidez aztertzen du tesiak kudeaketa ereduaren errealitatea egiazko irisgarritasun unibertsala lortzeko. "Eskubidearen eta gertaeraren arteko aldea, ideala denaren eta erreala denaren arteko tentsioa nabarmentzea proposatzen du ikerketak", gehitu du Mirandak. Bere tesiak “cum laude” kalifikazioa lortu du.
Eskubideak erabiltzea
Ordenamendu juridikoari esker, irisgarritasun unibertsala lotuta dago "bizitza independente bat garatzearekin lotutako eskubideak egikaritzearekin" eta bizitza sozialean parte-hartze osoa izatearekin", finean, oinarrizko eskubideekin. Beraz, "irisgarritasunaren eta diskriminaziorik ezaren artean dagoen lotura estua barrundatzen da" tesiaren egilearen arabera. Espainiako unibertsitate batean entzutea errazteko tresnen (zeinu hizkuntza, azpitituluak eta begizta magnetikoa) laguntzarekin irakurri den lehenengo tesia izan da hau.
Desgaitasuna giza eskubideen zerrendan sartzeak, Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubideei buruzko Nazioarteko Hitzarmenari (2006) esker, "irisgarritasun unibertsalari garrantzi handia ematera" behartzen du. Nolanahi ere, Espainian, "irisgarritasunaren arauketa duela 35 baino gehiago hasi zen. Oso barreiatuta dago, eta bere aplikazioak ez ditu espero ziren emaitzak ekarri". Horri gehitu behar zaio Nafarroan ez dela 2010eko Irisgarritasun Unibertsalari eta Ororentzako Diseinuari buruzko Foru Legearen erregelamendu bidezko garapenik egin, herritarren eta administrazioaren arteko harremanen esparruan izan ezik, eta "foru gobernuak sei urte hauetan ez duela gauza handirik egin" erakusten du horrek.
Hipotesiak eta emaitzak
Javier Mirandak ikerketa hipotesi gisa proposatzen dituen lau galderak hauek dira: Gabeziak al daude? Berdin eragiten al diote irisgarritasunaren emaitzari? Irisgarritasunaren kudeaketan parte hartzen duten eragileek barneratuta al daukate irisgarritasun kontzeptua? Irisgarritasuna lortzeko dauden prozesuak aski al dira?
Mirandaren arabera, “egiaztatutako egitate bat da, egindako arauketa handia gorabehera, irisgarritasun unibertsalaren lorpenak gabeziak dituela, eta hori dela-eta behar-beharrezkoa da egoera horren zergatiari erantzutea”. Erantzuna aurkitzeko hari gisa, Mirandak hiru gogoeta hauek proposatzen ditu bere lanean: zenbat eta arauketa edo arau-garapen gutxiago, orduan eta gabezia gehiago; ingurune arautuetan, kudeaketa sistemek baldintzatzen dituzte bai prebentzio gabeziak, bai haiek konpontzeari dagozkionak; gizarte dinamikek kudeaketa sistemetan eragiten dute, eta gabeziak gutxiagotzeko edo handiagotzeko mugimenduak sortzen dituzte, bai ingurune arautuetan, bai ingurune ez arautuetan.
Tesiaren egilearen arabera, egun irisgarritasunaren kudeaketa bideratzeko bi modu dira irisgarritasun planak eta UNE 170001 arauaren aplikazioa. Arauak irisgarritasunaren kudeaketa eta ingurunea zorrotz balioesten ditu, DALCO irizpideak (ibiltzea, atzematea, lokalizazioa eta komunikazioa) aintzat hartuz.
Iruñean irisgarritasunaren kudeaketan eta exekuzioan dauden gabeziak aztertu eta identifikatzen ditu egindako ikerketak, eta arreta jartzen du urbanizazioetan, hala nola, Trinitarios, Arrosadiko lakua eta Lezkairu, eta eraikin publiko berrietan, hala nola Turismo Bulegoa eta San Frantziskoko liburutegia, eta jabeko pribatuko lokal berrietan.
“Irisgarritasuna aintzat hartzen badute ere, oraindik ere badaude gabeziak”, erantsi du Javier Mirandak. Hori lortzeko tresnak eta baliabideak eman eta ezartzearen aldeko apustua egiten du. Horien artean hauek aipatzen ditu: irisgarritasunaren kudeatzaileen prestakuntza handiagoa, kontu ikuskapenak egitea eta kanpoko laguntza sartzea, irisgarritasun planak egitea eta tokiko erakunde kudeatzailearen organigrama aldatzea udal arlo guztiak bilduko dituen irisgarritasuneko zeharkako zuzendaritza bat sortzeko.
Argitalpena
Desgaitasuna duten Pertsonen Ordezkarien Espainiar Batzordeak (Estatuko CERMl) argitaratu du Javier Mirandaren doktoretza-tesia, eta doan eskuragarri dago web esteka honetan: http://bit.ly/2bn73BC.
Horrez gainera, “Anales de Derecho y Discapacidad” aldizkariak azterketa-laburpen bat jasotzen du 2016ko iraileko bere alean.
Curriculum laburra
Javier Miranda Zuzenbidean lizentziatu zen NUPen, eta han egin zuen Gizarte Moderno Aurreratuetako Aldaketa Dinamikei buruzko Unibertsitate Masterra. Iruñeko Abokatuen Elkargoko kidea da, eta doktore berriak ibilbidea luzea egin du ekintzaile gisa desgaitasunaren arloko hainbat elkartetan, bai nazio mailan, bai Nafarroan. Hainbat erakundetako buru izan da. Besteak beste, hauetakoa: Desgaitasuna duten Pertsonen Ordezkarien Nafarroako Batzordea (CERMIN) eta Ibili elkartea. Estatuko CERMIren Batzorde Betearazleko kidea izateaz gainera, Nafarroako Desgaitasunaren Kontseiluko lehendakariordea izan da, eta Nafarroako Gizarte Ongizatearen Kontseilukoa, besteak beste.
Egun, CERMINeko Batzorde Betearazleko, Irisgarritasun Unibertsala eta Desgaitasuna duten Pertsonentzako Aukera Berdintasuna Sustatzeko Nafar Batzordeko eta Desgaitasun Intelektuala duten Pertsonak Artatzeko Etika Sektorialeko Nafarroako Batzordeko kidea da. Javier Miranda CAN Fundazioko patronoa da. Nafarroako Parlamentuak izendatu zuen.