Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) Unibertsitate Proiekziorako eta Erakunde Harremanetarako Errektoreordetzaren bidez udako zazpi ikastaro antolatu ditu hurrengo asterako Nafarroako hiru herritan: Erriberri, Iruñea eta Zizur Nagusia. Osasun, pedagogia, giza eskubide eta nekazaritza garapenari buruzkoak dira monografikoak. Bi ikastarotan (“Kooperatibismoa eta mahastizaintza, nekazaritza garapenaren oinarriak Nafarroan azken 150 urteetan” Erriberrin eta “Bidaia landareen munduaren gaurkotasunetik II: hezkuntza berdearen eta landareetan oinarritzen diren dieten onurak garapen kognitiboetarako eta osasunerako” Iruñean), ikaspostu hutsak daude oraindik. Beraz, norbait interesaturik balego, Unibertsitatearen webgunean eman behar du izena. Gainerako ikastaroetan ez dago ikaspostu hutsik.

Abuztuaren 29an, astelehenean “Eskola inklusiboa eta gaixotasun arraroak: esku-hartze integrala hezkuntzaren esparruan” ikastaroa hasiko da Nafarroako Unibertsitateen Udako Ikastaroen XVI. edizioaren barruan. Monografikoa NAPIk (Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutua) Iruñean duen egoitzan egingo da, eta bertan hiru egunez aztertuko dituzte gaixotasun arraroak dituzten ikasleen hezkuntza arretako beharrak eta gizarteak eta profesionalek gaixotasun horiei aurre egiteko dituzten tresnak. Lucía Pellejero Goñi, Maider Pérez de Villarreal Zufiaurre eta Esther Vicente Cemboráin NUPeko irakasleak dira ikastaroaren zuzendariak. Erakunde hauek laguntzen dute: Nafarroako Osasun Publikoko eta Lan Osasuneko Institutua, GERNA elkartea (Nafarroako Gaixotasun Arraroen edo Ez Oso Ohikoen Taldea), Gaixotasun Arraroen Espainiar Federazioak (FEDER) eta Burgosen dagoen Gaixotasun Arraroak dituzten Pertsonak eta Beren Familiak Artatzeko Estatuko Erreferentziako Zentroa (CREER).

Abuztuaren 30a, asteartea, eta abuztuaren 31, asteazkena, bitartean,  “Montessori pedagogiarako sarrera: laguntza bat ikasgelan” ikastaroa egingo da Iruñeko Kondestablearen jauregian. Inés Gabari Gambarte NUPeko irakaslea da ikastaroaren zuzendaria. Maria Montessori italiar pedagogoak sortutako metodoak ehun urtetik gorako esperientzia bildu du mundu osoko ikastegietan, eta ikaskuntza kognitiboetan, neurozientzian eta ingurumen hezkuntzan duela gutxi egin diren aurkikuntzen bermea dute. Pedagogia horren bidez, ikasleek ikaskuntza esanguratsuak egiten dituzte beren interesetatik abiatuz eta beren erritmoen eta egiteko moduen banakotasuna errespetatuz.

Abuztuaren 30ean eta irailaren 1, 6 eta 8an, NUPek Iruñean daukan Osasun Zientzien Fakultatean (Barañaingo etorbidea),  “Bizkarreko mina, prebentzioa eta tratamendua” ikastaroa egingo da. Parte-hartzaileek gorputz atal  horren biomekanikari buruzko jakintzak eskuratuko dituzte. Prestakuntza ikastaroaren zuzendaritza Ana Insausti Serrano eta María Ortega Moneo NUPeko irakasleei dagokie.

Biharamunean, abuztuaren 31n, asteazkenean, Erriberrin, “Kooperatibismoa eta mahastizaintza, nekazaritza garapenaren oinarriak Nafarroan azken 150 urteetan” ikastaroa inauguratuko da. Nafarroako Unibertsitateen udako ikastaroetako bat da. Ikastaroaren zuzendaria Alberto Enrique Martín NUPeko irakaslea da, eta bertan aztergai izango dute mahastizaintzaren eta kooperatibismoaren iragana, oraina eta etorkizuna, eta Nicolás García de los Salmones nekazaritzako ingeniari kantabriarraren lana ezagutaraziko dute. Ingeniariak Nafarroan lan egin zuen 1896tik 1917ra arte. Jarduera irailaren 1etik 8ra arte luzatuko da, doakoa da aldez aurretik izena emanda, eta epea irekita dago oraindik izena emateko. Saio bakoitzaren ondoren, bisita gidatuak egingo dira Erriberrira, eta Nafarroa Jatorri Deiturako ardoaren dastaketa bat. Laguntzaileak hauek dira: Erriberriko Udala, Nafarroa Jatorrizko Deituraren Batzorde Arautzailea, Espainiako turismo paradoreak eta Guiarte (turismo zerbitzuak).

Abuztuaren 31n, asteazkenean,  “Giza eskubideak eta errefuxiatuak” ikastaroa hasiko da Iruñeko Kondestablearen jauregian. Alicia Chicharro Lázaro (NUPeko irakaslea) da prestakuntza ikastaroaren zuzendaria, eta Unibertsitateak, erakunde honetako Hiritartasunari, Bizikidetzari eta Aniztasunari buruzko Unesco katedra eta Sodepaz GKEak antolatu dute. Ikastaroan aztergai izango dute errefuxiatuen errealitatea giza eskubideen ikuspegitik adituen eta laguntzaileen lekukotasunen bidez.

Bi eguneko iraupena (irailaren 1 eta 2an) dauka ikastaro honek: “Bidaia landareen munduaren gaurkotasunetik II: hezkuntza berdearen eta landareetan oinarritzen diren dieten onurak garapen kognitiboetarako eta osasunerako”. Nafarroako hiriburuko Kondestablearen Jauregian egingo da. Landareek irakaskuntzan, elikaduran eta osasunean zein erabilera duten aztertuko dute landare-biologiako, hezkuntzako eta medikuntzako profesionalen bidez. Monografikoa doakoa da, aldez aurretik izena emanda, eta oraindik ikaspostu hutsak badaude. Ikastaroaren zuzendaria hau da: José Fernando Morán Juez, NUPeko irakaslea eta ikertzailea Agrobioteknologia Institutuan (Nafarroako Unibertsitate Publikoak, Ikerketa Zientifikoen Goi Mailako Kontseiluak eta Nafarroako Gobernuak partekatzen dute zentro misto honen titulartasuna).

Azkenik, irailaren 1etik 9ra bitartean, Zizur Nagusiko kiroldegian,“ Musikoterapia: emozioak zaintzen dituen musika” ikastaroa egingo da. Parte-hartzaileek ongizate fisiko-emozionala eta soziala handiagotzen lagunduko duten hainbat jarduera egingo dituzte musikarekin. Ana Insausti da ikastaroaren zuzendaria, eta Zizur Nagusiko Udalak finantzatzen du.