Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) hartuko du hurrengo bi asteetan Scratch/BYOB/SNAP Hezkuntza-robotika eta Programazioari buruzko Nazioarteko Campusa. NUPek berak eta Iruñeko Planetarioak antolatzen duten campus honetan irakasleentzako lantegi-mintegi trinko bat egingo da, Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako bost irakasleren parte-hartzearekin, eta Lehen Hezkuntzako azken bi ikasmailetako ikasleentzako eguneko eskola-kanpamendu bat. Oraingoz 31 ikaslek izena eman dute kanpamenduan.
Scratch/BYOB/SNAP Hezkuntza-robotika eta Programazioari buruzko Nazioarteko Campusa abuztuaren 26ra arte egingo da Iruñeko Arrosadiko campuseko Sario eraikinean, eta Alfredo Pina Calafi ( Matematika eta Informatika Ingeniaritza Saila) eta Gabriel María Rubio Navarro (Filologia eta Hizkuntzaren Didaktikaren Saila) NUPeko irakasleek zuzentzen dute.
Alfredo Pina eta Javier Arlegui de Pablos NUPeko Psikologia eta Pedagogia Saileko irakaslea dira ikastaroko irakasleak, Italiako irakasle hauekin batera: Stefano Monfalcon, Roveretoko Museo Cívicoko (Trentoko probintzia) LEGO Centerreko Robotika Atalaren arduraduna; eta Maddalena Angeli, Hezkuntza Robotikan eta BYOB Programazioan espezialista eta Bigarren Hezkuntzako irakaslea.
Robot fisiko eta birtualak
Robotika Campusaren helburua bikoitza da. Alde batetik, irakasleak prestatzea ikasgelara eramateko moduko zientzia eta teknologiaren arloko proiektuak egiteko hezkuntza robotikaren inguruan; eta robot fisikoak (LEGO) eta robot birtualak (Scratch/BYOB/SNAP programazio-lengoaia) hurbiltzea Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. ikasmailako ikasleei.
Ikastaroa abuztuaren 26an, ostirala, bukatuko da, ikasleek egindako proiektuen erakustaldi irekiarekin, familiakoek edo interesa duen edozein pertsonak ikusi ahal izateko. Erakustaldia Iruñeko Planetarioan egingo da.