2015-2016 ikasturtean titulua erdietsiko duten ikasleei zuzenduta dagoen eta Europar Batasuneko enpresa eta erakundeetan nazioarteko praktikak egitea xede duen Erasmus+ programan inskripzioa egiteko epea ireki du Nafarroako Unibertsitate Publikoak. Eskaerak aurkezteko epea abuztuaren 31n amaituko da. Inskripzioa Nafarroako Unibertsitate Publikoko Unibertsitate-Gizarte Fundazioaren atariaren bidez “online” egin behar da, Fundazio hori arduratzen baita programa kudeatzeaz.
Erasmus+, Europar Batasunaren programa bat da, 2014-2020 aldirako eta hezkuntza, prestakuntza, gazteria eta kirolerako. Goi mailako hezkuntzako ikasleentzako mugikortasun jarduerak antolatzen ditu, enpresetan praktikak egin ditzaten. Horren bidez tituludunak lan merkatura egokitzea lortu nahi du, gaitasun espezifikoak eskuratu eta herrialdearen ekonomia eta gizarte inguruneari buruzko ezagutza handiagoa izatea, lan esperientzia hartzen duten bitartean.
Hautaketa prozesuan parte hartzeko aukera izango dute gradu, master ofizial edo doktoretza ikasketak ikasturte honetan amaitzen dituzten Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasleek.
Irizpide hauek erabiliko dira tituludunak aukeratzeko: egindako titulazioa, eta titulazioko ikasketa-espedientea kontuan hartuko da; hizkuntzen ezagutza; erakunde hartzaileak aurretiaz eskatutako beste eskakizun batzuk.
Erasmus+ programako prestakuntza praktikek gutxienez ere bi hilabete eta gehienez ere sei hilabete iraungo dute, eta, gehienez ere, 2017ko irailaren 30ean amaituko dira.