

"Hamar urte zainketen kudeaketan prestatzen" jardunaldiko parte-hartzaile batzuk, Roberto Aguado Jiménez Osasun Zientzien Fakultateko dekanoarekin (5.a ezkerretik), eta bere ondoan, Blanca Marín Fernández irakaslea (6.a eskuinetik).
Osotara 135 ikaslek eskuratu dute titulua Erizaintzako Zainketen Kudeaketako Unibertsitate Masterra egin eta gero, Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Osasun Zientzien Fakultatea masterra ematen hasi zenetik igaro diren hamar urteetan. Tituludunen % 30ek osasun kudeaketako lanpostuetan lan egiten du, eta % 6k doktoretza ikasketak hasi ditu. Datu horiek jakinarazi zituzten "Hamar urte zainketen kudeaketan prestatzen" izenburua zuen jardunaldi batean. Aipatu fakultateak antolatu zuen, eta bertan parte hartu zuten hamarkada honetan bere ikasgeletatik igaro diren irakasle, ikasle eta ikasle ohiek.
2015-2016 ikasturtean, masterraren hamargarren edizioan, ikasturte honetan eta aurreko bietan matrikulatutako 32 ikasle daude, gehienak arduraldi partzialean aritzen baitira eta batez beste urte pare bat behar baitute titulua lortzeko. Osotara 28 irakaslek ematen dituzte eskolak (hamazazpik NUPekin lotura daukate eta gainerako hamaikak gonbidatuak dira). Beraz, ratioa hau da: 1,1 ikasle irakasle bakoitzeko.
Europara egokitutako master bat
Erizaintzako Zainketen Kudeaketako Unibertsitate Masterrak 60 ECTS kreditu ditu. Graduondo ofizial honek ikasturte bateko iraupena dauka, Europako Unibertsitate Eremura (EUE) egokituta dago, erizaintzako metodologiako prozesuak ezarri eta garatzeko, erizaintzako zerbitzuak garatzeko eta proiektuak kudeatzeko prestakuntza eskaintzen du.
Duela hamar urte jarri zen abian, Erizaintzako titulua zutenen prestakuntzan zegoen hutsunea betetzeko. “Garai hartan unibertsitateko ikasketak europar konbergentziara egokitzeko lanean ari ginen irakasleok ezagutzen genituen zainketen kudeaketaren esparruan zeuden prestakuntza beharrak lanpostu horietan zegoen erizainen kopuru handiarentzat, hala nola ikuskatzaileak, unitateko buruak, arloko buruak, zuzendariordeak eta zuzendariak. Askotan prestakuntza espezifikorik gabe hasten ziren lanean karguan, eta jarduera profesionala garatu ahala eskuratzen zuten –gogoratu du Blanca Marín Fernándezek, Osasun Zientzien Saileko irakasleak eta garai hartan orduko Osasun Ikasketen Unibertsitate Eskolako zuzendariak (egun Osasun Zientzien Fakultatea)—. Horretarako, uste genuen zainketen kudeaketa prestakuntza hobi egingarri, beharrezko eta egokia zela eta balioa ematen ziola Nafarroari”.
Graduondoak hamar irakasgai ditu (arreta espezializatuko eta lehen mailako arretako osasun zentroetan egindako praktikak barne, 170 orduko iraupenarekin), eta master amaierako lan bat. Azken gai horretan, ikaslea orientatzen da "hobetzeko proposamen bat egitera zainketaren praktikaren esparru baten analisi estrategikoa egin eta gero, justifikazio, metodologia eta horren ondoriozko hobekuntza plana ezartzeko oinarri zientifikoarekin", esan du Blanca Marínek.
Master amaierako lanak
Jardunaldian jakinarazitako datuen arabera, azken urteetan irakurritako master amaierako lanen % 23k arreta jarri dute hobekuntzak bilatzen hainbat gaitan, eta horien artean zainketaren prozesuan; % 13k, erizainen rol berrietan; %12k, osasun unitateen txostenetan; eta % 11k gai hauetako bakoitzean: zainketen kalitatea eta segurtasuna, osasunerako heziketa eta osasun arloko profesional berrientzako harrera programak.
Arreta esparruari dagokionez, master amaierako lanen % 65ek arreta espezializatua izan du aztergai, eta % 22k, lehen mailako arreta; eta espezialitateei dagokienez, % 59k zainketa mediko-kirurgikoak; % 20k familia eta komunitate erizaintza, eta % 9k buru osasuna, hainbat daturen artean.
“Kudeaketan prestatzen eta irakaskuntza hau gure inguruneko behar profesional eta sozialetara egokitzen jarraitu nahi dugu, Unibertsitateak bere gain hartzen duen gizarte konpromisoa ulertzen baitugu —esan du Blanca Marínek—. Masterren maila akademikoa edukitzen jarraitu nahi dugu, hau baita Erizaintzako diziplinak 1977az geroztik, ikasketak unibertsitatean integratu zirenetik, hainbeste espero izan duen bidea. Prestakuntza hori kudeaketa lanpostu batean aritzeko beharrezkoa izango den eta eskatuko den itxaropenarekin jarraitzen dugu lanean. Oraingoz, jada lortu dugu Erizaintzako zuzendaritzek balioetsi eta bila dezaten, horrelako karguak betetzeko izangaiak aukeratzen dituztenean, baina komenigarria litzateke nahitaezko betekizun bat izatea".