Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) lankidetza-hitzarmen bat sinatu du Nafarroako Parlamentuarekin, Nafarroako Unibertsitatearekin, Iruñeko UHUNekin eta Tuterako UHUNekin, Zuzenbide Parlamentarioa aztertzeko I. Sarirako deialdia egiteko. Saria Nafarroan egoitza duten unibertsitateetako Zuzenbide fakultateetako ikasleei zuzenduta dago, eta zuzenbide parlamentarioarekiko eta sistema juridiko-konstituzionalarekiko interesa sustatzea du xede.
Lehiaketaren oinarriak NUPeko Zientzia Juridikoen Fakultatearen webgunean daude ikusgai, eta parlamentua unibertsitateko ikasleei hurbiltzea sustatzeko programatutako jarduera multzoaren barruan dago lehiaketa.
Lanek, egile batenak edo gehiagorenak (gehienez ere hiru), jatorrizkoak eta argitaratu gabeak izan behar dute, Zuzenbide Parlamentarioaren edozein alderdiri edo gure sistema juridiko-konstituzionalaren beste alderdi batzuei buruzkoak, eta gutxienez ere 20 orri eta gehienez ere 50 orrikoak izan behar dute. Nafarroako Parlamentuko Erregistro Nagusian aurkeztu behar dira 2016ko azaroaren 30a baino lehen.
1.500 euroko sari bakar bat ezarri da; nolanahi ere, lanen kopurua eta kalitatea kontuan hartuz, epaimahaiak 500 euroko akzesit bat emateko aukera izango du.
Hitzarmenaren sinaduran izan dira Alfonso Carlosena eta Alfonso Sánchez Tabernero, Nafarroako Unibertsitate Publikoko eta Nafarroako Unibertsitateko errektoreak, hurrenez hurren; Ainhoa Aznárez, Nafarroako Parlamentuaren lehendakaria; eta Carmen Jusué eta Luis J. Fernández Rodríguez, Iruñeko eta Tuterako UHUNeko zuzendariak, hurrenez hurren.