Campus Iberus osatzen duten unibertsitate publikoetako (Zaragoza, Nafarroa, Errioxa eta Lleida) berrogei doktoregaik baino gehiagok eta Pabeko Unibertsitateko ordezkariek parte hartu dute uztailaren 4 eta 5ean Jakako unibertsitate egoitzan egindako hirugarren Doktoretza Jardunaldietan. Topaketaren xedea zen Campus Iberuseko doktoregaien arteko harremanak sendotzea, eta ikerketaren emaitzak zabaltzearekin lotutako kontuak aztertzea, hala nola sarbide irekiko protokoloak ezartzea, edo ikertzaileak komunikazio tekniketan prestatzearen garrantzia.
Parte-hartzaileek beren ikerketa-lanak eta esperientziak partekatu dituzte bi egunetan jarduera programa baten esparruan. Programa horretan lantegiak, mahai-inguruak eta hitzaldiak egin dira, eta aurtengo edizioan, lehen aipatu denez, ikerketa emaitzen komunikazioa izan dute aztergai.
Jardunaldiei amaiera emateko hiru sari eman ziren: epaimahaiaren saria Clara Eíto Valdovinos (NUP) eta Sandra González Casadorentzat (Lleidako Unibertsitatea) izan zen, eta doktoregai parte-hartzaileek emandakoa Ainhoa Zulet Gonzálezentzat (NUP) izan zen.
Clara Eíto, epaimahaiaren saria
Clara Eíto Valdovinos (Huesca, 1984) Medikuntzan lizentziaduna da Zaragozako Unibertsitatean eta Erradioterapia Onkologian espezializatua Nafarroako Ospitalegunean. Jardunaldi honetan bere doktoretza-tesirako proiektua aurkeztu zuen. Tesiak ondesteko minbizi lokalki aurreratua diagnostikatu zaien eta ebakuntza aurretik erradioterapia eta kimioterapiarekin tratatzen dituzten erien esfinterraren funtzioa aldatzen duten faktoreak aztertzen ditu.
Kolon eta ondesteko minbizia gizonezkoen artean minbizia sortzen duten arrazoietan hirugarrena da prostata eta biriketako minbiziaren atzetik, eta emakumeen artean bigarrena bularreko minbiziaren atzetik. Clarak bere lanaren bidez ondorioztatu du uzkiko esfinterrari emandako erradioterapia dosia mugatzen bada aurkitutako parametroekin, ondesteko minbiziagatik ebakuntza aurretik tratatutako erien bigarren mailako ondorioak gutxiagotu egin daitezkeela, eta horrek beren bizi kalitatea hobetu eta, horrez gainera, osasun arloko gastua txikiagotzen duela.
Ainhoa Zulet, doktoregai parte-hartzaileen saria
Ainhoa Zulet González (Iruñea, 1990) nekazaritza-ingeniaria da Nafarroako Unibertsitate Publikoan, Ingurumen Agrobiologiako unibertsitatearteko masterra (NUP eta EHU) egin du, eta egun bere doktoretza-tesia garatzen ari da NUPeko Natura Ingurunearen Zientzien Sailean.
Kinatoak, landareen bigarren mailako metabolismoaren konposatu batek, belar gaiztoak kontrolatzeko izan dezakeen erabilera aztertzen ari da bere lanean Ainhoa. Egun, belar-hiltzaileak bereizkuntzari gabeko erabiltzeak ingurumen kutsadura handia eta belar txar erresistenteen garapena eragin ditu. Belar-hiltzaile bat erabili ondoren sortzen diren eta landarearen heriotza eragiten duten ondorio fisiologikoen artean kinatoaren metaketa bat dagoela aurkitu dute, eta kinatoaren metaketak prozesu honetan zer eragin duen aztertu du Ainhoak, izan dezakeen izaera fitotoxikoa balioesteko.