Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) bi irakaslek, Humberto Bustince Sola katedradunak eta Mikel Galar Idoate laguntzaile doktoreak, jaso dute Vancouverren (Kanada) “Computational Intelligence Society (CIS) elkarteak editatzen duen IEEE Transactions on Fuzzy Systems” aldizkarian 2013an argitaratu den artikulurik onenaren saria. Aldizkari horren oihartzun-indizea handienetakoa da munduko ingeniaritza aldizkari guztien artean. Saria emateko ekitaldia adimen artifizialari buruzko nazioarteko biltzar batean izan da (IEEE World Congress on Computational Intelligence). Biltzarra Vancouverren egin da.
Makinen erabaki-hartzean oinarritutako lan honi emandako saria 2015ean jakinarazi zen, lana argitaratu eta handik bi urtera epaimahaiak adimen artifizialeko munduko espezialista nagusiei kontsulta egin eta gero. Artikuluaren egileak NUPeko Automatika eta Konputazio Saileko bi irakasleak izan ziren, baita Benjamín Bedregal (Brasilgo Rio Grande do Norteko Unibertsitate Federala) eta Anna Kolesárová eta Radko Mesiar (Eslobakiako Teknologiaren Unibertsitatea) ere.
Artikuluak "datuak eransteko modu berri bat" hartzen du aintzat, "makinen erabakiak hartzeko moduari aplikatzeko", Humberto Bustincek esan duenez. "Problema bat emanda, problemarekin lotutako datu batzuekin lan egiten da, eta eredu matematikoen bidez, makinek interpretatzen ahal dituzten emaitzak lortzen dira. Jokoen teoria erabiliz, robot batek edo ordenagailu batek erabakitzen ahal dute zein den emaitzarik onena", gaineratu du. Ikerketa datu-meatzaritzan aplikatzen ari da, baita "big-data" edo datu masiboetan ere.
Nazioarteko lau adituk osatu dute epaimahaia, eta sariaren irabazleek azpimarratu dute gehien poztu dituena izan dela "ez dutela balioetsi ibilbide bat, baizik eta mundu osoko ikertzaileek ebaluatu duten lan zehatz bat, lanaren aplikagarritasuna ere kontuan hartuz", dio Bustincek.
“IEEE Transactions on Fuzzy Systems” zientzia-argitalpen bat da, eta bere oihartzun faktorea 8,746 da, hau da, altuenetakoa ingeniaritza aldizkarien artean. Computational Intelligence Society (CIS) elkartea da aldizkariaren editorea. Elkarte hau liderra da konputazioaren eta adimen artifizialean, eta sartuta dago, halaber, ingeniaritza nazioarteko elkarte handienean: Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoaren Institutua (IEEE, ingelesezko sigletan).