NUPeko biltzarraren hasiera ekitaldia. Ezkerretik eskuinera: Eva K. Lee, Iñigo Lasa, Alfonso Carlosena, Sally Brailsford y Fermín Mallor
Mundu osoko 130 aditu bilduko dira Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) campusean aste honetan, Iruñean, ikerketa operatiboa osasun zerbitzuetan aplikatzeari buruzko nazioarteko biltzar bat dela kausa. Hau optimizazio matematikoa, simulazioa, estatistika edo probabilitatea bezalako teknika kuantitatiboetan oinarritzen den zientzia bat da, erabaki-hartzeetan laguntzen duena. Hainbat diziplinatako adituek, uztailaren 29 ostiralera bitartean, zerbitzu horien kalitatearen hobekuntza aztertuko dute 42. ORASH (Osasun Zerbitzuetan aplikatutako Ikerketa Operatiboa, ingelesez) biltzarrean, lehen aldiz Espainian egingo dena.
Datuak, Estatistika, Kalitatea eta Logistika ikerketa taldeak (Decyl) eta Smart Cities Institutuak (biak NUPekoak), antolatzen dute bilera zientifiko hau, zeinaren izenburua "Osasun arloko erabakirik onena aurkitzea osasun-datuen itsaso berrian” baita. Bilerak NUP-La Caixa Gizarte Obraren Lidergoa, Estrategia eta Enpresa Katedraren EURO (Ikerketa Operatiboko Sozietateen Europako Elkartea) elkartearen eta Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioaren babesa dauka.
Biltzarra atzo, uztailaren 25ean, astelehenean, ireki zen. Hasierako ekitaldian Alfonso Carlosena NUPeko errektorea, Iñigo Lasa Uzcudun, Nafarroako Gobernuko Miguel Servet-Navarrabiomed Fundazioaren zuzendaria; Sally Brailsford ORASH Europako elkartearen burua; eta Fermín Mallor Giménez NUPeko Estatistika eta Ikerketa Operatiboko Saileko katedraduna eta batzar antolatzaileko burua egon ziren.
Barak Obamaren aholkulari bat biltzarrean
Georgiako (Estatu Batuak) Teknologia Institutuko Eva K. Lee irakasleak egin zuen biltzarrari hasiera emateko ponentzia. Ikertzaile hau Barak Obama Estatu Batuetako lehendakariaren aholkularia da Estatu Batuetako Larrialdiei Erantzuteko Nazioko Batzordean, eta gai honi buruz aritu zen: optimizazio eta konputazio metodoak datu-masa handiekin konbinatuta erabiltzeak zer paper garrantzizkoa daukan medikuntza eraldatzeko eta osasun-arreta hobetzeko.
Biltzarraren osoko bilkurako beste bi ponentzietatik bat Francisco Falcone Lanas NUPeko Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko Saileko irakasleak emango du, zeina etorkizun hurbilean teknologia berriak osasun zerbitzuetan txertatuko diren moduaz aritu baita gaur, uztailaren 26an, asteartean; eta bestea Western Unibertsitateko (Kanada) David Stanford irakasleak, transplanteetarako itxaron zerrendei buruzko aditua ere badenak, zeinak uztailaren 28an, ostegunean, berraztertuko baititu osasunean itxarote-zerrendetako gaixoak lehenesteko adierazleak, eta beste batzuk proposatuko baititu.
Gainera, gaur asteartean, arratsaldean, saio berezi bat egingo da. Saio horretan Nafarroako Unibertsitate Publikoko Javier Belloso Ezcurra irakasleak egin duen Iruñeko entzierroaren arriskuaren analisiari buruzko datuak aurkeztuko ditu. Industrian erabiltzen den tresna baten bidez egin du analisi hori. Lasterketarekin lotutako eragile-panel bateko pertsonak egongo dira harekin: larrialdietako mediku bat, polizia bat, ibilbideko garbiketa-arduradun bat eta lasterkari bat (Belloso bera).