Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) uztailaren 18an, astelehenean irekiko du matrikula-aldia uztailaren 5ean argitaratutako zerrendetan onartuak izan ziren 2016-2017 ikasturteko Graduko titulazioetako ikasle berrientzat. Prozesu hori Interneten bidez egingo da, Unibertsitatearen webgunearen bidez (www.unavarra.es), eta uztailaren 20ra arte egongo da irekita, eta egun horretan 14:00ak arte. Graduko bigarren ikasmailak eta hurrengoak egin behar dituztenek abuztuaren 25etik 31ra bitartean egingo dute matrikula.
Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoko (TIGMET), Nekazaritza Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoko (NIGMET) eta Osasun Zientzien Fakultateko graduetan onartutako ikasleek uztailaren 18ko 9:00etatik uztailaren 19ko 9:00etara arte egingo dute matrikula era jarraituan. Bestalde, Giza eta Gizarte Zientzien Fakultatean, Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatean eta Zientzia Juridikoen Fakultatean onartuak izan direnek uztailaren 19ko 9:00etatik uztailaren 21eko 9:00etara arte egingo dute matrikula, eta haiek ere era jarraituan. Egutegi osoa Unibertsitatearen webgunean dago ikusgai.
Interneteko sarbiderik ez duenak, automatrikula Iruñeko Arrosadiko campusean egin dezake, Ikasgelategiko 017. ikasgelan, beheko solairuan, aurretik aipatu egunetan, 9:00etatik 14:00etara. Tuterako campusean ere ikasgela bat egongo da bertan automatrikula egiteko.
Automatrikula egiterakoan sor daitekeen edozein zalantza argitzeko, ikasleek mezu elektroniko bat bidal dezakete helbide honetara: grado@unavarra.es. Bestela, Ikasleentzako Argibide Bulegora deitzeko aukera dute (948 169096).
Nafarroako Unibertsitate Publikoak zero ikastaroak eskaintzen ditu abuztuan. Hurrengo ikasturtean Gradu ikasketa hasiko dituzten ikasleei zuzenduak daude, eta beren titulazioetako gaietarako sarrera moduko bat dira, eta beren Batxilergoko edo LHko ikasketak eguneratu, osatu eta sendotzen dituzte, bai eta unibertsitatean hasiko duten ibilbide berrirako oinarri metodologikoak jaso ere.
Urteko matrikula
Ikasturte honetatik aurrera, apirilean onetsitako aldaketen ondoren, urteko matrikula izango dute Unibertsitateak ematen dituen graduko titulazio guztiek, seihileko matrikula zuten Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateko eta Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoko (TIIGMET) zazpi titulazioak barne. Aldaketa hori dela-eta ez da handiagotuko ikasleek Unibertsitatean graduko ikasketak egiteagatik ordaindu beharreko matrikularen zenbatekoa, eta aurrerantzean ere zilegi izango da tasak lau epetan ordaintzea.
Halaber, NUPen ikasketak egiten ari diren ikasleek abuztuaren 25etik 31ra bitartean egingo dute matrikula uztail bukaeran posta elektronikoaren bidez jasoko duten aldez aurretiko hitzordu baten bidez.