Joan eduki nagusira

zoom Ikasleak beren diplomekin, argazkia ateratzeko jarrita, ekitaldiaren ondoren.

Ikasleak beren diplomekin, argazkia ateratzeko jarrita, ekitaldiaren ondoren.

2015-2016 ikasturtean beren master amaierako lana Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Energia Berriztagarrien Katedran egin duten 18 ikasleek diplomak hartu dituzte Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoan (TIIGMET) egindako ekitaldi batean. Katedrak 33 master amaierako lan berri abian jarriko ditu hurrengo ikasturtean, eta erakunde hauen arteko lankidetza egonkorrerako eremu bat da: Unibertsitatea, sektorean puntakoak diren lau enpresa (Acciona Energía, Acciona WindPower, Gamesa eta Ingeteam) eta CENER (Energia Berriztagarrien Zentro Nazionala).

Katedra honi esker, duela sei urte sortu zenetik, 147 ingeniaritza ikaslek beren karrera amaierako proiektuak eta master amaierako lanak egin dituzte goian lehen aipatutako sektoreko puntako lau enpresetan eta CENER-en (Energia Berriztagarrien Zentro Nazionalean). Urte horietan, erakunde horiek katedraren jarduerak finantzatu dituzte, 920.000 euro jarriz.

Energia Berriztagarrien Katedra 2010ean sortu zen, lankidetza zientifiko-teknologikoaren esparru-hitzarmen bati esker, Unibertsitatearen eta Acciona Energía, Acciona Windpower, Gamesa, Ingeteam enpresen eta CENER delakoaren artean izenpetu zena. Hitzarmenaren helburua da ikerketa eta irakaskuntza jarduerak elkarrekin egitea.

Diplomak emateko ekitaldian izan ziren Rafael Rodríguez Trías, Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoaren zuzendaria (TIIGMET); Pablo Sanchis Gúrpide, Katedraren zuzendaria; eta David Astrain Ulibarrena, zuzendari teknikoa, bai eta enpresa laguntzaileen ordezkariak ere. Beren diplomak jaso zituzten ikasleak Industria Ingeniaritza, Energia Berriztagarriak eta Ingeniaritza Mekaniko, Aplikatu eta Konputazionala egiten ari dira.

Ikasleen zerrenda

Energia Berriztagarrien Katedran master amaierako lana egin duten ikasleak hauek dira alfabetoaren hurrenkeraren arabera: Maite Alonso Lasa, Fermín Aranguren Górriz, Aitor Barrenetxea Pascual, Luis Fernando Basarte Bozal, Daniel Contreras Larumbe, Pablo Domínguez Sánchez, Ion Donalisio Artieda, Alejandro García Vílchez, Víctor Irigaray Calvo, Darío Jiménez Galán, Alicia Kalms, Iker López de Muniáin Díaz, Sandra Munuera Lario, Asier Olcoz Larráyoz, Javier Pérez de Zabalza Asiáin, Iñaki Sandúa Fernández, Igor Usunáriz López eta Raquel Villegas Baztán.

Hurrengo ikasturterako, master amaierako 33 lan berri abian jartzea onetsi du dagoeneko Katedrak. Proiektuak Katedraren instalazioetan –Iruñeko Arrosadiko campuseko Sario eraikinean dauka egoitza–, unibertsitateko sailetan eta enpresetan egiten dira. Lanak egiteko, tutoretza daukate ikasleek. Aurten NUPeko hamaika irakaslek eta enpresetako eta CENEReko beste hainbeste ingeniarik egin dute tutoretza-lana.